2015eko Gure Artea Sariek badituzte irabazleak
Iturria: Irekia - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
2015.eko ekainak 04
Txomin Badiola eta Elena Aitzkoa artistek, eta Entre Cuerpos-Mugatxoan elkarteak jasoko dituzte 2015eko Gure Artea Sariak.
Joxean Muñoz Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak eta Xabier Ganzarain, Gure Artea sarien 2015eko edizioko epaimahaikideak, lehiaketaren aurtengo irabazleen izenak ezagutarazi dituzte gaur goizean, Donostian egin den prentsaurrekoan. Irabazleak, honako hauek dira: Txomin Badiolak, ibilbide artistikoaren aitormenari dagokion modalitatean jasoko du 2015eko Gure Artea saria; Elena Aitzkoak, sorkuntza-lana aitortzeko modalitatean; eta hirugarrenik, ikusizko arteen arloan egindako lana aitortzen duen modalitatean kultur elkarte batek jasoko du aurten saria: Blanca Calvo eta Ion Munduatek zuzentzen duten Entre Cuerpos-Mugatxoan elkarteak.
Gure Artea sarien bidez 65.000 euro banatzen dira urtero irabazleen artean: 25.000 euro lehen bi modalitateetako bakoitzean, eta 15.000 euro hirugarrenean. Sari hauen bidez, egin duten lana aitortu eta arte garaikidean eta euskal kulturan egindako ekarpena onartu nahi zaie irabazleei. Sortzaileak saritzen dira -bai euren ibilbide profesionalagatik, bai azken urte hauetan egin duten sormen jardueragatik- baina baita beste eragile edo erakunde batzuk ere, arte plastikoen edo ikusizko arteen eremuan egin duten jardueragatik.
2015eko Gure Artea sarien epaimahaiburu Maria Mur Dean izan da, Consonni arte garaikideko ekoiztetxearen zuzendaria. Honekin batera, epaimahaiko eledun izan dira: Inazio Eskudero eta Txarro Arrazola artistak, Leire Vergara komisario eta Bulegoak z/b arte bulegoko kidea, eta Xabier Ganzarain, Kalostra arte esperimentaleko eskolako koordinatzailea.
Sari-banaketa ekitaldia datorren hilean burutuko da, uztailean, Bilbon.
Irabazleen inguruko informazio guztia (ibilbide artistikoa eta biografia), nahiz epimahaiaren balorazioa, atxikitako PDF dokumentuan irakur daiteke.