Argitalpen-data: 2017/03/08
Udalek eta toki erakundeek gida bat edukiko dute azoken eta ferien antolaketa eta kudeaketa egokia ahalbideratzeko
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak argitaratu du gida, hiru foru aldundien eta Eudelen laguntzarekin, eta araudi aplikagarri guztiak jasotzen dira bertan.
Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Euskadin tokiko azokak eta feriak antolatzeko gida argitaratu du, hiru foru aldundiekin, Hazi, Elika eta Eudelekin batera, eta bertan zehatz-mehatz azaltzen dira saltzeko antolaketa eta azpiegitura egokia eta aplikatu beharreko araudiak, bai eta produktuek eta produktuen aurkezpenean bete beharreko baldintza higieniko eta sanitarioak ere. Helburua da udalen eta tokiko erakundeen esku jartzea honelako hitzordu komertzialak egoki antolatzeko eta kudeatzeko beharrezkoa den informazio guztia.
Gida hau beste urrats bat gehiago da zirkuitu laburrean saltzeko bideak bultzatu eta euskal baserriek eskaintzen dituzten hurbileko eta kalitateko produktuak merkaturatzen bultzatze aldera Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetza garatzen ari den estrategia multikanalaren barruan. Tokiko azoka eta ferien dinamizazio prozesuaren abiapuntua da, zeina sektorea ezagutarazi eta herritarrei zuzeneko salmentak duen potentzialaz kontzientzia pizteko eta gizarteari dakarzkion onuren berri emateko balioko duten hainbat ekintzaren bitartez gauzatuko baita.
Elikak, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadura Politikako sailburuordetzaren entitateak, Euskadiko lehen sektoreko elikaduren segurtasuna bermatzea eta produktuen bideragarritasuna eta lehiakortasuna hobetzea helburu duelarik, gidaliburua aurkezteko arduraduna izan da eta aurrerantzean lidergoa izango du jarduerak eta antolamendu teknikoak zabalduko zabaltzerako orduan.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozen hitzetan, berak aurkeztu baitu gida sektorean, “Aire zabalean egiten diren azokak eta feriak dira merkataritzaren erakusgarri behinenak Euskadin, eta haien inguruan jaio eta hazi dira gure udalerrietako asko. Tokiko azoka horien etorkizuna bermatzeko, ezinbestekoa da ekoizleen eta saltzaileen arteko lankidetza. Jarduera horiek ingurune egoki, seguru eta erakargarrian garatu daitezela zaindu behar da" baieztatu du.
Gida elebitan argitaratu da, eta gai hauei heltzen die bere kapituluetan:
- Euskadiko elikagaiak
- Nekazaritzako elikagai jardueren sailkapena: Erregistro Ofizialak
- Tokiko feriak eta azokak antolatzea
- Azpiegiturak eta segurtasuna: Antolakuntzarako gomendioak
- Kontsumoari buruzko baldintzak: Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak.
- Baldintza higieniko-sanitarioak eta elikagaiak aurkezteari buruzkoak.