Ezkaba mendiko San Cristobal kartzelan 1938an izandako ihesaren inguruko narrazioa da Luis Garderen Ehiztariaren isilaldia. “Gorriak eskapatu egin dira, denak akabatu behar ditugu, kagoendios” esanez abiatu omen ziren rekete eta falangistak iheslarien bila, eta ehiza ankerraren xehetasunak oroituz ekiten dio idazleak ere ahanzturaren aurkako narrazio-saio handi honi. Emaitza liburu aberatsa da, sakona eta gogorra, irakurlearen kontzientzia astintzen duen urruneko sarraski lazgarriaren memoria etiko hurbila.
Egilearen beraren antza duen narratzaile-ikerlearen eskutik helarazten zaigu eta geruza ezberdineko narrazio multipolarraren egitura hartzen du, “collage” aberatsa osatuz, garai, leku, pertsonaia eta gertakari ezberdinen ekarpenez. Batetik, presoen ihesaldiaren gaineko kronika historikoa eskaintzen digu eta fikziozko bi iheslariren ibileren bitartez ezinezko herio-ihesaren larritasunaz bat eginarazten zaio irakurleari. Modu paraleloan, ikerlearen beraren bizipenak erakusten zaizkigu isiltasunaren trinkotasunaren aurkako lehian. Bere peskizen berri ematen digu, dietario baten gisan, eta familia oroimenak eta haur garaiko ibilerak eransten dituelarik, sakontasuna hartzen du memoriaren betebeharrari buruzko hausnarketak. Izan ere, bere ikertzearen harira, egileak memoria historikoari buruzko hausnarketa kritikoa garatuko du, giza ehiza haren biolentzia neurrigabea eta isiltasun luzearen efektu ezabatzailea agerian jarriz, gaizkia bera eta injustizia kontzientzia gabea bihurtzen direlarik liburuaren ardatz nagusia.
Geruza horiek ehuntzeko egileak diskurtso mota barietate zabala baliatu du trebeziaz; baina goi mailako idazlan batean bururatzen den ildo ezberdinen harilkatze narratiboa ez da kasualitatearen fruitu, zeren isilarazi den memoria eraikitzeko diskurtsu doi eta eraginkorraz hausnarketan baitihardu kontalariak liburuan zehar. Izan ere, ihesaldiaren balizko epikaren ordez, begirada liriko gizatiarra hautatu baitu Gardek, aldi berean, begirada etikorik zorrotzenaz fokatu duelarik ehiztari eraiki zirenen bortiztasunaren zioa eta isiltasunaren arrazoiak.
Luis Garde Iriarte
1961, Iruñea. Filologian lizentziaduna, Donezteben du bizibidea.
Zazpi poema-liburu argitaratu ditu: Oihan nabarra (2004, BBK-Euskaltzaindia), Haize hegoaren aroak (2007, Pamiela), Gertakarien urtzea (2008, Alberdania), Unplugged (2009, Kutxa Fundazioa), Maizter arrotza (2013, Erein), Trenen abiadura (2014, Pamiela), Eremuen birkalifikatzea (2014, Pamiela)
Ehiztariaren isilaldia
Ezkaba, 1938ko maiatzaren 22a.
Preso matxinatu talde batek Iruñea ondoko San Kristobal Gotorlekuko ateak ireki ditu. Ihes jendetsua giza ehiza baten hasiera izanen da. Bi iheslari askatasunaren bila dabiltza inguruko haranetan barna.
Donemartie, gaur egun.
Hedapen urriko poemen idazle batek Ezkabako ihesaldiari buruzko nobela bat hastea erabaki du. Bildutako agiriak eta lekukotasunak aztertu bitartean, bere memoriarekin bakarka geratu da. Memoria historikoa bere historiaren memoria bilakatuko da. Norberaren oroimena ere jazarle iruzurgilea delako.
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Gabriela Ybarra Pasch El comensal Caballo de Troya
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia: Martin Olmos, epaimahaiburua Maria Eugenia Salaverri, epaimahaikidea Isabel Muguruza, epaimahaikidea Iñaki Esteban, epaimahaikidea Jon Bilbao, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du El Comensal lanak irabazi duela Euskadi Literatura Saria Gaztelaniazko literatura atalean.
Hurbileko gertakizun dramatikoei buruz idazterakoan egileak erakusten duen kontentzioa nabarmentzekoa da. Etxeko intimitatea nahi gabe denen bistakoa eta politikoa bihurtzen dela ikusten du idazleak. Aitona Javier de Ybarraren bahiketa eta erailketarekin hasi, eta amaren gaixoaldi eta heriotzarekin segi, autoreak maisutasunez josten ditu familiaren iraganari buruzko kontakizuna eta orainaldi intimoa. Eta dena urrundik begira bezala ari den ahots behatzaile batekin, baina irakurlea harrapatu eta hunkituz. Darabilen estiloak, itxura batean soila iruditu arren, eleberri honen mamia gorpuzten duten gertaera historiko eta pertsonalak berpizten dizkio irakurleari.
Gabriela Ybarra Pasch
Bilbo, 1983.
Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da Comillasko Universidad Pontifician, eta New Yorkeko Unibertsitatearen masterra ere badauka Marketinean. Madrilen bizi da gaur egun, eta sare sozialak aztertzen eta merkatuari buruzko ikerketak prestatzen egiten du lan. Lehenengo eleberria du El comensal.
El comensal
Heriotza bor-bor dago obra honetan. Heriok maite dugun norbait eramaten duenean, ondo konpondu ez dena herentzian jasotzen dugu; eta heriotzak dakarren samina, edo liberazioa, handi egiten da apurka, azkenean, bizirik geratu denak hildakoa joan dela ez ezik, bera ere pixka bat joan dela onartzen duen arte, besteen txatalez eginak baikara denok.
Eleberri autobiografiko honetan, heriotzarekin eta familiarekin daukan harremana ulertzen ahalegintzen da Gabriela Ybarra, bi gertakari aztertuz: bere aitonaren heriotza, ETAk eraila 1977an, eta bere amaren heriotza, 2011n gertatuta, minbiziaren ondorioz. Hala, El Comensal liburuaren lehenengo zatia Javier de Ybarra enpresario espainiarraren bahiketa eta erailketaren birbizipen librea da (memoria orok berez daukan fikziozko partea ezkutuan gorde gabe). Bilboko alkate eta Bizkaiko Aldundiko buru izan zen Francoren erregimenaren garaian, eta erail zutenean izugarrizko jipoia hartu zuen familiak (protagonistaren gurasoek Euskaditik alde egin behar izan zuten eta eskolta batekin ibili), baina narratzailearen ama oso gaixo jarri arte ez dira lehertzen bere garaian ondo baretu gabe geratutako doluak eta, askotan ezjakintasunagatik, behar bezala barreneratu ez ziren herentzia politikoak.
Batez ere bi gauzagatik da eleberri garrantzitsua El Comensal: batetik, gatazka historikoaren kontakizuna egiten duelako, erraietatik egin ere, baina biktimismoari izkina eginez, eta, bestetik, adierazten duelako ezinbestekoa dela heriotza agerira ekartzea, heriotza benetan onartuko badugu. Oso ohituta gaudenez biziaren azkenak eta gure gainbehera ezkutatzen, harrigarria da guretzat eleberria nola adiskidetzen den gaixotasunarekin: argi betean erakusten du, inongo puritanismorik gabe, saminaren saminez jardun gabe.
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Uxue Alberdi Estibaritz Besarkada Elkar
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
“Besarkada” lanak azal eta mami biltzen du besarkada batek sortarazten duen zirrara. Kanpoan haize bortitza dabilenean, bi beso hurbil sehaska bihurtzen dira. Haize-hotsa ahaztu egiten da, orduan, bihotz taupadak gertuago aditzen ditugulako eta beldurra uxatzen da, besoen borobil barruan mundutik gordeta sentitzen garelako; jantzita, eta ez biluzik.
Kopla bidez agertzen du hori guztia Uxue Alberdik, kontraste-giroa sortuz. Koplen egitura klasikoa harago doa, ordea, alde kontrajarrien arteko jokoa kode poetiko bilakatzen delako. Atmosferak, zentzuak eta zirrarak dira kode poetiko horren hizkuntza-baliabideak eta, honenbestez, pentsatzeko baino “sentitzeko” liburu baten aurrean gaudela esan dezakegu: “nahi al zenuke toki txiki bat nire besoen artean?”
Heldu batek ozenki irakur diezaioke haur bati, besarkada baten magalpean, baina biharamunean haurra izan daiteke helduari irakurtzen diona, rolak aldatuz. Izan daiteke haur batek beste bati irakurtzea ere, bitartekari batek horretarako bidea erraztu duelako.
Bitartekariaren arrimura dastatzeko liburua da, bada. Bitartekari batek irakurketa-bideak zabaltzeaz gain, ohiko kode ezagunetik at dauden hizkerak eta kontatzeko moduak errazten ditu, irakurketa-uneari intentsitate intimoa erantsiz, kasu honetan bezala.
Uxue Alberdik idatzi eta Maite Gurrutxagak irudikaturiko album ilustratu honek txikitasunaren handitasunari gorazarre egiten dio eta agerian uzten du literaturaren oinarrizko balio sotila: zu, ni, hitzak, irudiak eta guztiak biltzeko une bat.
Uxue Alberdi Estibaritz
Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984). Idazlea eta bertsolaria.
Kazetaritzan lizentziatua. Literaturan, helduentzako bi ipuin-liburu (Aulki bat Elurretan, Elkar, 2007; Euli-giro, Susa, 2013) eta nobela bat (Aulki-jokoa, Elkar, 2009) argitaratu ditu. Haur literaturan ere hainbat lan ditu argitaratuak, besteak beste: Txikitzen zaretenean, Zure denboraren truke, Lur beldur eta Bi kobazulo ipuinak. Iaz Besarkada album ilustratua kaleratu zuen Maite Gurrutxaga ilustratzailearekin elkarlanean. Bertsoa eta literatura uztartzen dituen Kafkaren aulkia ikuskizunaren sortzailea eta parte-hartzaileetako bat da.
Besarkada
Besarkada poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean, gorputzen eta arimen arteko batasunari jarritako kantua da. Haragizko besarkadan nola, bat egiten dute mundu sinbolikoak eta fisikoak, intuiziozkoak eta poetikoak. Bidaia bat biltzearen eta askatzearen artean. Bizitzaren eta heriotzaren arteko kulunkan.
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Xabier Olarra Lizaso Ulises (James Joyce) Igela
18.000 euroko saria.
Epaimahaia: Juan Garzia, epaimahaiburua Aintzane Ibarzabal, epaimahaikidea Gidor Bilbao, epaimahaikidea Juan Luis Goikoetxea, epaimahikidea Bakartxo Arrizabalaga, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Uzta ederreko urtea izan da, eta atsegin handiz hartu du epaimahaiak halako lan bikainen artean aukeratu beharraren neke gozoa. Ederrak ez ezik, mardulak ere bai lan batzuk, eskergak. Pena bakarra, bat baino ezin saritu izana. Hona, bada, lehia bizian zein hautatu dugun: James Joyceren Ulises.
Izugarria da obra, zentzu guztietan, bere zabalean eta bere konplexuan. Erregistroak eta estiloak etengabe aldatzen dira, eta solas-jokoz josirik dago testua, estilo-ariketa erraldoi bat balitz bezala.
Erreferentzia kultural ugariak guztiz modu sotilean txertaturik datoz testuaren jarioan. Horiek eta gehiago, jakina, bilbe xehe-xehe batean jasorik egun arrunt bezain gogoangarri baten abentura existentziala.
Obra hau euskaraz edonola ematea ere, ez zen dema makala, baina auzo-erdaretako bertsioak berdintzen eta inoiz are gainditzen dituen egokitasun miragarri batez emana datorkigu itzulpen honetan. Tarteka, ausartak dira itzultzailearen erabaki batzuk, baina nekez irudika liteke nola heldu bestela testuaren koska latzei.
Horrez gainera, edizioa bera ere oso zaindua da, eta guztiz osatu eta eguneraturik datoz paratestu oparo baina kasu honetan ia ezinbestekoak; izan ere, oharrak eta abarrak munta handikoak dira maisulan honetan, testutik bereizezinak ia.
Honenbestez, literatura-kanoneko ale gailenetariko bat du euskal irakurleak eskura, bikain ondu eta aurkeztua. On degigula.
Xabier Olarra Lizaso
Tolosa, 1953.
Deustuko Unibertsitatean Filosofia eta Letretan lizentziatua, Hizkuntza Erromanikoen Espezialitatean. Euskal Filologia irakasle izan zen 1979an Bilbon, Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Eskolan. 1980tik 1988ra bitarte Euskara eta Euskal Literaturaren katedradun Elgoibarren eta Hernanin, batxilergo-institutuetan. Bordeleko Études Basques-en irakurle lanean aritu zen urtebetez, 1984an. 1988tik 2010era arte itzultzaile-lanean jardun zuen Nafarroako Gobernuaren Itzulpen Atalean.
1989an Igela argitaletxea sortu zuen Joseba Urteagarekin eta beste lagun batzuekin, literaturaren historiako hainbat lan gogoangarri argitaratu dituen etxea.
Literatur itzultzaile izan da 1986tik gaur arte. Berrogei lan inguru itzuli ditu, batik bat ingelesetik eta frantsesetik. Itzulpen horietako batzuek aipamen bereziak edota sariak jaso dituzte ibilbide luze horretan zehar: Ambrose Bierceren Deabruaren hiztegia (2002) Raymond Queneauren Estilo Ariketak (2006), J. R. R. Tolkienen Hobbita (2008), Alaa Al-Aswaniren Jakobian Eraikina (2012) eta James Joyceren Ulises (2016).
Ulises (James Joyce)
James Joyce (Dublin, 1882 – Zürich 1941) idazlearen Ulises nobela 1922an argitaratu zen, Parisen, Shakespeare and Company liburudendaren eskutik.
Literaturzale eta aditu askorentzat XX. mendeko nobelarik garrantzitsuena da Ulises, eta ukaezina ondorengo literaturan izan duen eragina. Hala aitortzen zuen T. S. Eliot poeta modernistak: “Ene iduriko, liburu hau da gure garaiak aurkitu duen adierazpenik garrantzitsuena; guztiok zordun gatzaizkion liburua da, eta gutako inork ihes egin ezin diona”.
XX. mendeko literaturan funtsezkoak izan diren hainbat nobelagileren ibilbideak, William Faulkner edo Gabriel García Márquez amerikarrenak, esate baterako, ezin uler daitezke Ulisesek irekitako bidearen eragin hori gabe. Halaxe aitortu zuen kolonbiarrak: “Joyce irakurri gabea nuenez, Ulisesekin hasi nintzen. Eta etorkizuneko nire idaz kuntzan oso baliagarria izango zen zerbait ikasi nuen: barne¬ bakarrizketaren teknika”.
Faulknerrek hala esan omen zion emazteari Ulises ulertezina zela¬eta kexatu zitzaionean: “Irakurri berriro”. Izan ere, iturri horretatik edanda idatzi baitzuen Hotsa eta ardaila bere maisulana.
Zailtasunaren ospe hori berekin izan du Ulisesek argitaratu zen une beretik. Orain, argitalpen ohardun honi esker, irakurle euskaldunak bidea leundua eta zenbait korapilo askatuak aurkituko ditu, hainbat ataka gaitzetan onik ateratzeko.
LITERATURA LANAREN ILUSTRAZIOA
Mikel Casal Patiño Así es la dictadura Media Vaca
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia: Ana Isabel Gonzalez, epaimahaiburua Daniel Martin, epaimahaikidea Begoña Medel, epaimahaikidea Enrique Martínez-Inchausti, epaimahaikidea Nuria Hernandez, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Mikel Casal Patiñok Así es la dictadura lana aurkeztu du; album bat da, eta formatu horrek eskaintzen dituen narrazio-aukera guztiak baliatzen ditu. Istorio bera, hainbat narrazio-plano paralelo (testua, pertsonaia nagusi bakoitzaren istorioa eta bigarren mailako pertsonaiena), eta zenbait irakurketa-lerro egiteko aukera eskaintzen duen konposizio grafikoa; horrekin batera, xehetasunez betetako alderdi grafiko erabat sendoa du. Xehetasun horiek ikuspuntu ezberdinetatik berriro irakurtzera bultzatzen dute, aldibereko istorio berriak sortuta hala.
Alderdi grafikoari dagokionez, liburuak ia istorio oso bat kontatzen du ilustrazio zehatz eta xeheetan, film bat izango balitz bezala; biñeta-neurri ezberdinetan oinarritzen da, halaber, istorioari dinamismo handiagoa ematearren, eta bidean, deskubritu beharreko ustekabeak ere baditu, erdiko zabalgarria adibidez, bi istorioen korapiloa eta amaiera.
Istorioaren erritmoak irakurtzera eta aldi berean aurrera eta atzera egitera garamatza, xehetasun eta istorio paraleloetan arreta jar dezagun. Jolasteko eta istorioak deskubritzeko liburua da.
Mikel Casal Patiño
Donostia, 1965
Mikelek mundu osoko egunkari eta aldizkarietan argitaratzen ditu bere marrazki eta karikaturak, baita handikalde urruneko Perun ere. Libros para mañana bildumako lau ilustratzaileen artean, berak bakarrik bizi izan du diktadura. Ez da asko gogoratzen, haurra baitzen, baina nabaritzen zuen (antenak jarrita izaten zituen eta) nolako tristura-giroa arnasten zen bere inguruan. Eta jakin zuen, inguruan zituen adinekoek kontatu baitzioten, jende asko beldurrez bizi zela. Mikeli, marrazteaz aparte, surf egitea gustatzen zaio gehiena. Bere semearekin, Telmorekin, Zurriolako hondartzara joaten da, eta egunsentia ikusten dute elkarrekin, itsasoari so eta haizeari aurre eginez. Ez dakigu horretan pentsatzen duten ala ez, baina diktadura batean bizitzea eta olatu baten gainean hegan egitea, bi bizipen erabat kontrakoak izango dira seguruenik.
Así es la dictadura
Liburu hau 1977an egin zen lehenengo aldiz. Franko hil berria zen, eta Espainiak aldaketa demokratikoen bidea hartu zuen, labur-labur urratu duguna eta egiten jarraitu beharko duguna.
Diktadura batean biziko bagina, ezingo genuke idatzi honelako liburu bat, gaur egun agian irribarre batez irakurriko genukeena. Baina, ezin gara lasaitu: herrialde askotan, diktadura –egun ere–, gobernatzeko modu bat da; beste batzuetan, berriz, euren buruak demokratikotzat dituzten horietan, gobernu totalitarioen ezaugarriak errepikatzen dituzte, batere lotsarik gabe: ustelkeria handia dago, giza eskubideak urratzen dira, legeak herritarrei bizkar emanda egiten dira, eta agintariek ez dituzte behar beste informatzen herritarrak.
EUSKARAZKO SAIAKERA
Mitxelko Uranga Alvarez Tartaroa. Mina, boterea eta egia Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia: Ainhoa Novo, epaimahaiburua Jon Mikel Arano, epaimahaikidea Ainhoa Larrañaga, epaimahaikidea Patziku Perurena, epaimahaikidea Agurtzane Elordui, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Tartaroa. mina, boterea eta egia lanak hainbat funtsezko gizarte-gogoeta plazaratu ditu egungo pentsamentu filosofikoan gako diren eztabaidetan sakontzeko aukera zabaltzen digutenak. Greziako mitologia abiapuntutzat harturik, hizpide ditu globalizazioa, demokrazia, kontsumismoa, biktimismoa, terrorismoa eta horiekin egungo gizartearen beldurrak eta mamuak. Mitxelko Urangak berezko ahotsa du hizketa-gai horietan guztietan, eta gogoetarako ate berri eta iradokitzaileak irekitzen ditu saiakera ulerterraz eta sakon honetan.
Mitxelko Uranga Alvarez
Berango, 1978
Filosofian doktorea, jakintza hori irakasten du Sopelako Ander Deuna ikastolan. Azken urteetan euskal kultura zein identitatearen inguruko zenbait saiakera plazaratu ditu: Espektroak. Euskal terroristak (Utriusque, 2010), Espektroak. Gutun bat euskalduntasunari buruz (Utriusque, 2011), Espektroak. Euskaldunak Europan (Utriusque, 2012) eta trilogia borobiltzen duen Euskomunitatea. Manifestu euskaltzalea (Utriusque, 2013) eta Eros(ki). Merkatuaren erotizazioa, erotismoaren merkantilizazioa (Pamiela, 2014; Juan Zelaia Saria, 2013).
Pentsamenduaz gain, poesia ere landu eta argitaratu du: Mitxoleta elektrikoetan koleopteroak (Ediciones Beta, 2010).
Tartaroa. Mina, boterea eta egia
Desertua geroz eta handiagoa da, kuantitatiboki zein kualitatiboki; ez dago, ordea, desertuari muzin egiterik. Desertua gainera etorri zaigu, berriz ere, eta ez dago ihes egiterik. Zorigaitza, atsekabea eta tristura nagusitu dira paraje lehor honetan, eta ez dirudi mugarik ezagutzen duenik. Leku guztietatik mundu hau posibleen artean hoberena dela eta kexatzeko arrazoi nahikorik ez daukagula entzun ohi dugun arren, sintomatologiak ez du holakorik adierazten. Zoriontasuna inoiz baino gehiago eta nabarmenki ospatzen duen kultura eta garaia bizi omen dugu, paradoxikoki zoriontasunaren behar handien duen kultura denean hain justu. Ustezko zoriontasun hipermodernoa desertuko baldintzek eragindako ilusioa baino ez da, espejismoa. Basamortuko gizarte mingarrian bizi gara egun, eguzkiaren eta harearen arriskuen menpe. Ongi etorri desertura!
GAZTELANIAZKO SAIAKERA
Fernando Mikelarena Peña Sin Piedad. Limpieza política en Navarra, 1936 Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia: Ana Iriarte, epaimahaiburua Beñat Arginzoniz, epaimahaikidea Santos Zunzunegui, epaimahaikidea Juan Manuel Díaz de Guereñu, epaimahaikidea Maria José Martínez, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak Euskadi Sarirako proposatu du –saiakeraren modalitatean– Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1.936 lana, zeinak, ikerketa zorrotz batetik abiatuta, gonbita egiten baitu gizarte-sentiberatasun handiko gai bati buruz hausnartzera. Ikerketa eta hausnarketa uztartzen dira, batetik, iragana argitzeko, eta, bestetik, informazioak, hamarkadetan isilarazi direnak edo zatika eta zurrumurru bezala zabaldu direnak, dokumentu historikoaren kategorian sendotzeko.
Epaimahaiak memoria historikoaren errekuperaziorako duen balioa aitortzen dio lanari; lan hau, gainera, bat dator beste toki batzuetan, Espainian eta nazioartean, daramaten ildoarekin, baita diziplina ezberdinek, isilarazitako iraganari buruz hausnartzeko elkarlanean ari direnek, daramaten ildoarekin ere.
Fernando Mikelarena Peña
Bera, 1962
Historian doktorea da UNEDen (1992) eta irakasle titularra Zaragozako Unibertsitatean; horretaz gain, ehundik gora artikulu idatzi ditu, batez ere, XVIII, XIX eta XX. mendeetako Nafarroari buruzkoak, eskualde-mailako, estatuko eta nazioarteko aldizkarietan argitaratuak: biztanleriaren historia, nekazaritzaren historia, gizartearen historia, antropologiaren historia, mentalitate eta ideologien historia, politikaren historia, konstituzioaren historia, identitateen historia eta Gerra Zibilaren eta errepresio faxistaren historia.
Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionalak lau ikerketa-tarterekin (seiurtekoak) aitortu du Fernando Mikelarenak gaur egun arte egindako lana.
Demografía y familia en la Navarra tradicional (Pamploa, 1995) liburuaren egilea da, eta honako hauen egilekide: Historia del navarrismo (1841-1936). Sus relaciones con el vasquismo (Pamplona, 2002) y Sartaguda 1936. El Pueblo de las Viudas (Pamplona, 2008).
Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936
Sin piedad liburuan, Nafarroan 1.936 gertaturiko garbiketa politikoaren erantzukizunak jorratzen dira, kolpistek estatuko lurralde horretan erail baitzuten Frente Popularraren boto-emaile-portzentajerik handiena.
Fenomeno hari buruzko ikuspegi integral baten premiatik abiatzen da Sin piedad liburua, eta faktore politikoak eta tabu sozialak direla medio ikerketetan normalean agertzen ez diren agenteak ere aztertzen ditu: erantzuleak.
Berrikusketa honek bere baitan hartzen ditu hala azken erantzuleak (agintari militarrak eta karlisten eta falangisten milizien buruak) nola heriotza-eskuadroietako exekutatzaileak, baita laguntzaile anonimoen sare zabal bat ere; era berean, lan honek aztertzen du zer prozesu eman zen hainbeste herritar, itxuraz normalak, hain basati bihurtzeko. Modu zehatzean ikertzen ditu errepresio-dinamikaren ezaugarriak, erreketen eta falangisten errepresioa, eta itzalean zeuden elite sozioekonomiko nafarrena.
Azkenik, aztertzen da zer joera izan zuten altxatuek eraildakoen senideekiko: ukazioa eta lankidetzarik eza. Aztertzen da, halaber, nola saiatu ziren, garbiketa politiko hura jasan zuten sektore politikoekin batera, berehalako memoria goiztiar bat garatzen. Alderdi horiek ez dira, orain arte, behar besteko zorroztasunez aztertu; liburu honek, beraz, bide berri bat irekitzen du izugarrikeria haren memoria sakonki tratatzeko.