Euskadi Literatura Sariak (2011)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Euskarazko haur eta gazte literatura
Gaztelaniazko haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
Literatura lanaren ilustrazioa
Euskarazko saiakera
Gaztelaniazko saiakera
EUSKARAZKO LITERATURA
Ur Apalategi Idirin
Fikzioaren izterrak
Susa
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Fermin Etxegoien Uribeetxeberria, epaimahaiburua
Lourdes Otaegi Imaz, epaimahaikidea
David Tijero Osorio, epaimahaikidea
Eukene Martin Sanpedro, epaimahaikidea
Joseba Aurkenerena Barandiaran, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Zazpi ipuinez osaturiko bilduma honetan, maisutasunez erakusten dituelako giza harremanen argi-ilunak -botere nahiak, arrakastaren obsesioa, amodio kontu gatazkatsuak, hizkuntz konplexuak- euskal literaturaren munduan, baita gure identitatearen iraupenerako funtsezko diren beste zenbait arlotan ere.
Idazmolde errealista darabil gehienbat, etengabe haratago jotzen badu ere. Bereziki azpimagarria, liburuan agertzen den erregistro ugaritasuna: satira eta parodia, ironia zorrotza, humore gordina, kritika soziala, samurtasuna eta dramatismoa.
Irakurleari erakargarri gertatuko zaio, oso, bai fikzioaren ausardiagatik, eta bai erabiltzen duen hizkuntza literarioaren gaurkotasunagatik.
Ur Apalategi (Donostia, 1972)
Ur Apalategi Parisen jaio zen 1972an eta Donibane Lohitzunen bizi da.
Paueko unibertsitatean irakasle titularra da Euskal Ikasketen sailean 1998az geroztik eta alor akademikoan hainbat lan argitaratu ditu, horien artean garrantzitsuena La Naissance de l'écrivain basque (Paris, L'Harmattan, 2000).
"Kritika literarioa" izeneko sailaren sortzaile eta zuzendaria da Utriusque Vasconiae argitaletxean.
Hainbat hedabidetan aritu da zutabegintzan (Gara, Argia, Euskaldunon Egunkaria, Berria...).
Idazle gisa, Gauak eta hiriak (Elkar, Erein) eleberriarekin eman zen ezagutzera (Beterriko liburua 1997an), nahiz aurretik bazuen olerki liburu bat Unai Goieaskoetxearekin batera argitaratua (Erdi Guneak, Maiatz, 1995).
2004ean Gure gauzak S.A. (Utriusque Vasconiae) eleberria plazaratu zuen, euskal industria kulturalean giroturiko thriller eztabaidatua.
Fikzioaren izterrak (2010) bere lehen ipuin liburua da eta Euskadi literatur sari honez gain Beterriko liburua saria ere jaso du.
Fikzioaren izterrak
Zazpi ipuin hauek fikziozkoak izan arren, errealitate hurbilaren ispilu dirdiratsuak dira; sarritan irudi olgetari eta trufatzaileak islatzen dituztela irudituko zaizu, baina gertakariak eta gertagarriak gertu daudela erakusten dute beti.
Bikotea batetik, idazletza bestetik, horra kontakizunotan obsesiboki txirikordatzen diren hari nagusiak. Maitasun konpartitua, naziotasun zoriontsua eta arrakasta literarioa benetakoak al dira?, edo geure buruak zigortzeko sortzen ditugun kimera eskuraezinak? Serioski irri egiteko narrazioak dira, baita frustraturik gozatzekoak ere, edo haserrez baketzekoak… hori posible baldin bada.
Zatia
Baina Nekanez ari nintzen. Esan dudanez, “Idurre ez du nahi Coca-Colarik?” esaten entzun nuenean hasi zen dena, Alaitzen bosgarren urtebetetze askarian. Ohituta nengoen, ordurako, bere distortsio linguistiko txikietara. Beti eragin izan zidaten hazkura belarrian, Nekanez maitemindu nintzen garaian ere. “Zurekin bizitu nahi dut”. Hori da bere ahotan gogoratzen dudan lehen hutsa. Kosta egin zitzaidan ez zuzentzea entzun bezain pronto, baina gogoari eutsi nion nola edo hala. Uste dut, halere, egun batzuk geroago zehaztu egin niola, modu ahal bezain gozo eta irribarretsuenean, “bizi nahi dut” esaten dela, eta ez “bizitu”.
Biok bakarrik bizi ginen bitartean ez zen, alabaina, arazo larriegia izan niretzat. Nekane emakume perfektua zen: erakargarria, argia, arduratsua, jendekoia... Agian ohe kontuetan zenbait muga zituen. Baina, ia hobe, ezta? Gizonari ez zaio gustatzen pentsatzea aurrekoekin esperientzia izugarriak bizi izan dituela bere emazteak. Ez dut esan nahi, halere, desastre bat zenik. Ez, ez. Bakarrik konformista samarra, nire gusturako. Dena den, etortzeko zeuden gure balizko haurrak gogoan nituela, ezin nuen aukera hoberik egin. Gainera, bere diskurtsoan feminista izan arren, bazuen errealitatearen intuizioa eta, onar bekit politikoki inkorrektoa den beste ohartxo hau, etxearen kudeaketa bikaina egiten zekien, gizonok inoiz jakingo ez dugun moduan, asko laguntzeko prest egon arren. Eta hau ez da xehetasun ezdeus bat, familia baten zorionaren baldintza ezinbestekoa baino. Berriro diot: ia perfektua zen.
Finalistak
- "Bitsa eskuetan". Miren Agur Meabe (Susa)
- "3 Mariak". Arantxa Urretabizkaia (Erein)
- "Assilah-ko Eroa". José Enrique Urrutia (Pamiela)
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Jon Bilbao Lopategui
Bajo el influjo del cometa
Salto de página
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
José Fernández de la Sota, epaimahaiburua
María Eugenia Salaverri García, epaimahaikidea
Luisa Etxenike Urbistondo, epaimahaikidea
Enrique Gutiérrez Ordorika, epaimahaikidea
Alejandro Oviedo González, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Kontaketen liburu hau, ikuspegi bitxia, narrazioaren zentzu egokia eta sortzeko eta atmosfera inguratzaileak iraunarazteko gaitasun handia duen egileak idatzi du.
Estilo seguru baina ikusezin baten bidez, Jon Bilbaok bizitza arruntetik bitxikeriarako bidaia proposatuko digu (zenbait bidaia, kometaren eraginpean bildu dituen kontaketa adina bidaia). Ematen du ondokoa esan nahi digula: barrenean zertxobait aztertuz gero, denak gara arrotzak geure buruarentzat. Bale batek, azeri batek edo energia elektrikoko mozketak dena alda dezake. Ohikoena, funtsean, fantastikoa da. Errealitatea harritzeko modukoa da.
Jon Bilbaok ezinegonean sartzen gaitu eta, horretarako, intriga erabiliko du, besteak beste. Intriga horrek batzuetan zenbait zinemagile ekarriko digu gogora, Alfred Hitchcok, adibidez (Hitxhcock-en “Los pájaros").
Liburu honek dituen indarren artean, aurretik aipatutako guztiak gain, pertsonaiak behar bezala landu direla, narratzailearen distantziakidetasuna egokia dela eta hemengo gauzek izaera unibertsala izatea lortu dutela aipa dezakegu.
Jon Bilbao (Ribadesella, Asturias, 1972)
Jon Bilbao meatze-ingeniaria da eta ingeles filologian lizentziatu zen. 2008. urtean lehen eleberria argitaratu zuen (El hermano de las moscas) eta baita Como una historia de terror izenburua duen kontaketen bilduma. Obra horrekin, kontaketako Ojo Crítico saria lortu zuen. 2010. urtean Bajo el influjo del cometa izeneko kontaketen bilduma idatzi zuen eta Tigre Juan saria lortu zuen. Azken eleberria, Padres, hijos y primates, 2011. argitaratu zen. Beste antologia batzuetan, Perturbaciones. Antología del relato fantástico español (2009), Siglo XXI. Los nuevos nombres del cuento español actual (2010) eta Rusia imaginada (2011) izenekoetan, adibidez, haren zenbait kontaketa daude. Gaur egun Bilbon bizi da eta itzultzaile moduan egiten du lan.
Bajo el influjo del cometa
Liburu honetan, kezkatzeko eta mehatxatzeko moduko gauzak egunerokotasunetik sortzen dira. Horrela bada, hondartzan lehorreratutako baleak, familia baten udako egun lasaia zapuztu dezake. Biblia irakurtzen duten bizilagunei kuxkuxean ibiltzeak, bikote agnostiko baten bakea alda dezake. Kometa bat igarotzen da eta itsasertzeko herri txiki baten biztanleengan izango du eragin ulergaitza. Mendira egun batzuk igarotzera joateak ere gauzak nahas ditzake azeri batekin harremanetan jarriz gero.
Egoera horien bidez, kontaketa hauetako pertsonaiek euren burua hobeto ezagutu beharko dute. Harrituko dira ikusten dutenarekin, eta batzuetan, beldurtuko dira. Orain arte ezagutzen ez zuten euren buruei buruzko alderdi ilun horrekin topo egiten dutenean, gauzak ez dira zertan okerrera joan behar. Ez beti.
Zatia
Liberé al niño de su asiento y con él en brazos salvé el desnivel que nos separaba de la arena. No debía de hacer mucho que la ballena había muerto porque apenas desprendía olor. Por ahora éste quedaba oculto bajo el propio del animal, una emanación intensamente marina y orgánica, desagradable sólo en un primer momento.
Yo repartía mi atención entre el niño y la ballena, tan interesado en ésta como en la reacción de aquél.
La ballena, más concretamente un rorcual de pequeño tamaño, mediría unos diez metros de largo. Era de color gris parduzco, con el vientre blanco. Reposaba sobre éste; la mitad delantera del cuerpo sobre la arena y la trasera en el agua. Tenía los ojos cerrados, bellotas de mar adheridas en torno a las aletas y penachos de algas a lo largo del lomo. Había dignidad en su postura.
Finalistak
- "Viaje con Clara por Alemania". Fernando Aramburu (Tusquets Editores)
- "Un viajante". Alejandro Fernández (Ttarttalo)
- "Llenad la tierra". Juan Carlos Márquez (Menoscuatro)
- "Poesía sola, pura premonición". Kepa Murua (Ellago Ediciones)
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Miren Agur Meabe Plaza
Errepidea
Erein
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Patxi Zubizarreta Dorronsoro, epaimahaiburua
Imanol Mercero Etxeberria, epaimahaikidea
Koldo Biguri Otxoa de Eribe, epaimahaikidea
Idoia Jauregi Pikabea, epaimahaikidea
Oroitz Jauregi Nazabal, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Ausardiaz idatzitako ipuin honen protagonistak autokarabana batean bizi diren ama-alabak dira, 'kaixo' esan orduko 'agur' esatera behartuta daudenak, hegaztiek bezala bizitza askea dutenak, asegarria mila aldiz intentsitate handiagoz, baina baita gogorragoa ere, naturaren zein patuaren gorabeherek gordinago eragiten dietelako. Road-movie baten antzera egituratua, idazkera poetikoaren eta gordinaren arteko oreka erakargarrian, betiere sujerentzia indartuz eta pertsonaiei itxaropena kendu gabe, 12 urtetik aurrerako irakurleentzako idazlan paregabe hau nabarmendu nahi dugu.
Miren Agur Meabe Plaza (lekeitio, 1962)
Magisteritza eta Euskal Filologia ikasi, eta irakaskuntzan eta testuliburugintzan aritu zen hainbat urtetan. Helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa, bai poesia.
Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik, eta Euskadi saria bi aldiz Itsaslabarreko etxea eta Urtebete itsasargian gazte-nobelei esker.
Bestalde, Mila magnolia-lore albuma IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da.
Han-hemengo literatura-topeketetan parte hartu du, hala nola Dublin Festival Writers-Vjlenica eta Edinburgoko Liburu Jaialdietan, edo Frankfurteko Liburu Azokan, besteak beste.
Errepidea
Karabana batean bizi bazara, ohituta zaude toki batetik bestera ibiltzen. Ama bere buruarekin berbetan hasten denean, badakit laster hanka egingo dugula.
Ohituta nago ia aldi berean “kaixo” eta “agur” esaten. Horregatik saiatzen naiz inorekin lotura esturik ez sortzen. Paso
Txoriak bezalakoak gara gu: beti hegan, segadetatik ihesi ezerk edo inork harrapa ez gaitzan.
Errepideak tira egiten digu.
Zatia
Karabana batean bizi bazara, ohituta zaude toki batetik bestera ibiltzen. Nonbait denboraldi bat egindakoan, ospa beste norabait. Ama bere buruarekin etengabe berbetan hasten denean, badakit laster hanka egingo dugula.
—Zlata, Zlata! Zergatik zara hain inuzentea? Kaka ustela! —esaten du marmarka, azazkalak hozkatuz, odola egin arte.
Azazkal luzeak ditu amak, gorri ilunez pintatuak, ezpainak bezala. Harro dago bere eskuez, polit eta leun irauten baitiote sarritan lixiba eta espartzu artean erabili arren. Nik, kontrara, esku latz samarrk dauzkat. Ez da erraza muskuiluak haitzetatik soltatzea, nahiz eta labana erabili.
Amak azazkalak zoroaren pare jatea, horixe izaten da seinalea.
—Rigel, zuk eta biok ez dugu inor behar, basatiak gara... ehiztariak, bizitzarenak.
Gehienetan ez zait axola izaten alde egitea. Ohituta nago ia aldi berean “kaixo” eta “agur” esaten. Horregatik saiatzen naiz inorekin lotura esturik ez sortzen. Paso.
Txoriak bezalakoak gara gu: beti hegan, segadetatik ihesi ezerk edo inork harrapa ez gaitzan. Errepideak tira egiten digu.
Finalistak
- "Tarzan eta Pantera Emakumea". Felipe Juaristi (Aizkorri Argitaletxea)
- "Ebelina Mandarina". Castillo Suárez (Erein)
GAZTELANIAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Saria ez da eman
Epaimahaia:
Susana Larre Muñoz, epaimahaiburua
Elisabet Mas Elizondo, epaimahaikidea
Mª José Martínez Gutiérrez, epaimahaikidea
Iñaki Markotegi Intxausti, epaimahaikidea
Enrique Uriarte Gonzalo-Bilbao, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Aurkeztutako lan guztien garapen irregularra dela eta, bakar batek ere ez duela saria jasotzeko kalitate galdagarria lortzen usten da. Haren osotasunean, testu bakar batek ere ez ditu saritua izateko behar diren baldintza literarioak betetzen.
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Karlos Zabala Oiartzabal
Zubi bat Drinaren gainean
Alberdania-Elkar
18.000 euroko saria.
Epaimahaia:
Xabier Mendiguren Bereziartu, epaimahaiburua
Bakartzo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikidea
Elizabete Manterola Agirrezabalaga, epaimahaikidea
Karlos del Olmo Serna, epaimahaikidea
Ander Arana Bareño, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Zubi bat Drinaren gainean liburu ederra da, euskaraz erraz irakurtzen dena eta guretzako ezezagun den beste mundu bat erakusten diguna.
Prosa ongi itzulia, deskribapenak oso lortuak, elkarrizketa biziak eta sinesgarriak. Balio erantsi giza beste hizkuntza bat gurera ekartzea.
Karlos Zabala Oiartzabal (1963)
Filologia eta itzulpengintza ikasketak.
Azken hamar urtean literatura itzultzea izan du lanbide. Euskaratu ditu, besteak beste, Jules Verneren Mikel Strogoff, Joao Ubaldo Ribeiroren Buda zoriontsuen etxea, Emile Zolaren Parisen sabela (Euskadi Saria 2005) edo André Malrauxen Esperantza euskaratu ditu, besteak beste.
Zubi bat Drinaren gainean
Han, zubiko kapijan, zeruaren, ibaiaren eta muinoen artean, belaunaldiz belaunaldi jabetzen ziren hiri txikiaren filosofia jatorraz: bizitza mirari ulertezina dela, ahitu eta aienatu egiten delako etengabe, eta, hala ere, irmo eta sendo dirauelako, Drinaren gaineko zubiak bezala.
XVI. mendetik XX.era, lau mende pasa irauten duen kronika idatzi zuen Ivo Andritxek, Vixegrad hiriaren eta bertako hiritarren poz eta atsekabeen kontakizun xehea, Drina Ibaia eta haren gaineko zubia direlarik amodio eta gorrotoen lekuko, naturaren nahiz historiaren gorabeheren ikusle mutu.
Eguneroko gazi-gozoak samurtasun eta enpatiaz jasotzen ditu egileak, baina horien azpitik estatu interesen joko-taula dago Balkanetan, eta zibilizazioen arteko talka patuaren ezinbestekotasunez betetzen da, gizaldiz gizaldi.
Zatia
Egunsentian langarra hasi zuen, udazkenean bezala. Euri xehe haren azpian, azken patruilak zubitik hurbileko etxeetan eta dendatan begiratzen ari ziren, oraindik norbait gelditzen ote zen. Dena hil antzean zegoen: ofizialen kasinoa, Lotikaren hotela, kuartel suntsitua eta bazarraren sarrerako hiruzpalau dendak. Baina Ali Hoddaren saltokian imana aurkitu zuten, etxetik iritsi eta txepenaka jaitsi berria zuena. Jendarmeen iduriko, imana gizon xelebrea zen, eta oso serio ohartarazi zioten denda berehala itxi eta plazatik alde egin behar zuela, zubitik hurbil egotea hertsiki debekatuta zegoelako eta "bizi arriskua" zegoelako, horrela egin ezean. Imanak zer esaten ari diren ez dakiten mozkorrak balira bezala begiratu zien, eta ia erantzun zien leku hartan bizia arriskuan aspalditik zegoela eta, edonola ere, denak hilik zeudela jadanik, lurperatzeko txanda noiz iritsiko; baina iritzia aldatu zuen, azken egunetako esperientzia txarren irakaspenari kasu eginez, eta esan zien, lasai eta naturaltasunez, dendatik gauza batzuk hartzera etorri zela eta etxera itzuliko zela berehala. Jendarmeak presaka zebiltzan, inondik ere, eta, imanari handik lehenbailehen aldentzeko berriz ohartarazi ondoren, plaza zeharkatu eta zubirantz joan ziren. Ali Hoddak urruntzen ikusi zituen. Pauso isilez zihoazen, goizeko lehen euriak tapiz heze lodi bihurtutako hautsa zanpatuz. Zubian zehar pasatzen ere ikusi zituen, harrizko karelaren babesean, haien buruak, sorbaldak eta fusilen muturreko baioneta luzeak baino ikusten ez zirela. Butkoveko haitzetako gailurren gainetik lehenengo eguzki printzak agertu ziren.
Horrelakoak dituk haien agindu guztiak, zorrotzak, garrantzitsuak eta alferrekoak sorreratik, pentsatu zuen Ali Hoddak, barrena irribarreka zuela, irakasleari ziria sartu dion ume batek bezala. Txepenaka altxatu zuen, baina barrura lerratzeko moduan, eta gero goian bermatu zuen, kanpotik begiratuta saltokia itxita zegoela pentsa zezaten.
Finalistak
- "Zelestina". Joxe Antonio Sarasola (Alberdania-Elkar)
LITERATURA LANAREN ILUSTRAZIOA
Iban Barrenetxea Bahamonde
Bombástica Naturalis
A buen paso
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Jokin Mitxelena Erize, epaimahaiburua
Elena Odriozoloa Belastegi, epaimahaikidea
Begoña Medel Bermejo, epaimahaikidea
Raquel Alzate Liñero, epaimahaikidea
Iker Ayestaran Pradilla, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Ibanen ilustrazioek oso diseinu dotore eta dinamikoa dute, eta akabera preziosista dute argiztapenean eta egituretan; xehetasun txikienez ere arduratu egin da.
Testua ezin hobeto harmonizatzen da marrazki zehatz eta zorrotzekin, baina korapilatsua izan gabe. Kolore-sorta (beltzaranak, okreak eta berdeak) landareen munduarekin antzeratzen da eta hantxe hartu du arnasa istorio osoak.
Horrela bada, lanak sakondu egingo gaitu oso mundu oniriko eta pertsonalean, irakurlea txunditzeko modukoa; hori guztia, ilustrazioen dinamika landuari esker. Ilustrazio horiek xehetasunez betetako orrialde osoan zabalduko dira jolasti.
Iban Barrenetxea Bahamonde (Elgoibar, 1973)
Elgoibarren 1973an jaio nintzen. Autodidakta naiz eta oraindik ikasteko fasean nago. Ilustrazioak eta liburuak beti nire buruaren parte izan dira. Denbora luze behar izan nuen ulertzeko nire pasioa lanbide bihur nezakeela. Behin, 10 urtez diseinugile grafiko moduan lan egin ondoren, saiatzeko ordua zela erabaki nuen. Nire lehen album ilustratua argitaratu nuen 2010eko otsailean, OQOk argitaratu zidan. “El cazador y la ballena” da eta Paloma Sánchez Ibarzabalek egin zituen testuak. Ondoren “Bombasticas Naturalis” (A buen paso, 2010) egin nuen. Nik idatzitako testuarekin egindako lehen liburua. Liburua finalista izan zen APIC antolatutako "Junceda Iberia" sariko aurreko edizioan. Ohorezko plaka lortu du orain dela gutxiko Bratislavako Bienalean. 2011n “Alicia en el País de las Maravillas" (Lewis Carroll, Anaya Argitaletxea) heldu zen liburu-dendetara eta laster klasikoen beste egokitzapen batzuk izango dituzue ikusgai: "Otra vuelta de tuerca" (Henry James, Teide Argitaletxea), "Un panal de rica miel" (F. M. Samaniegoren fabulen aukeraketa, Edelvives), baita "El cuento del carpintero" (A buen paso) liburua ere. Lan honetako testuak eta ilustrazioak burutu ditut.
Erakusketak:
2010- Le immagini del fantasiaren 28. edizioa, Sàrmede, Italia
2011- Irudigile Gipuzkoarrak (Donostia)- Bratislava Bienala- 29. edizioa Le immagini del fantasia, Sàrmede, Italia.
Bombástica Naturalis
Bizitza osoan xede horrekin lan egin ondoren, irakurle maitea, zure begien aurrean jarriko dut nik sortutako espezie batzuk. Eta ondoko helburu apalarekin jarriko dut: liburu hau gerora begira fruituak sortuko dituen hazi bat bihur dadin. Etorkizun horretan dena beste modu batekoa izango da: itsasoak zeharkatzen dituzten bela-ontziak, leihotik ikusten dituzun gurdiak eta, batek daki, agian baita esku artean duzun liburua ere.
Bombastus Dulcimer doktorea, 1810eko irailaren 19a.
Ilustrazioak
Finalistak
- "El cazador y la ballena". Barrenetxea, Iban (OQO Editora)
- "Alex, nire laguna". Gurrutxaga, Maite. (Pamiela)
EUSKARAZKO SAIAKERA
Joseba Sarrionandia Uribelarrea
Moroak gara behelaino artean?
Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Ainhoa Larrañaga Elorza, epaimahaiburua
Andoni Eizagirre Eizagirre, epaimahaikidea
Katixa Agirre Miguélez, epaimahaikidea
Josu Bijuesca Basterretxea, epaimahaikidea
Fernando García Murga, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Edukien aldetik, oso ondo egitaratuta, ondo garatzen dira ideiak, formalki oso sendoa, lan handia, oso dokumentatuta.
Originaltasuna, urteak pasako dira eta euskal kulturan klasiko bat bihurtu daitekeen lana.
Ate asko zabaltzen dituen lana, kontsultarako ere baliagarria.
Diskurtso ugaritasuna, eta era berean azpimarratzekoa ere bada pentsaera nagusitik kanpoko ikuspegi ezberdinak eskeintzeko ahalegina. Kultura aniztasunaren aldeko aldarria.
Azkenik, edizio lan handia dago atzean, titulu sugerentea, argazkiz eta azalpenez betetako lana.
Joseba Sarrionandia Uribelarrea (Iurreta, 1958)
- Izuen gordelekuetan barrena. 1981, BAK. (Poesia)
- T. S. Eliot euskaraz. 1983, Hordago. (Itzulpena, Gabriel Aresti eta Jon Juaristirekin batera)
- Narrazioak. 1983, Elkar. (Ipuinak)
- Ni ez naiz hemengoa. 1985, Pamiela. (Saiakera)
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak. 1985, Pamiela. (Poesia, itzulpena)
- Atabala eta euria. 1986, Elkar. (Ipuinak)
- Marinel zaharrak. 1987, Elkar. (Poesia)
- Marginalia. 1988, Elkar. (Saiakera)
- Ez gara geure baitakoak. 1989, Pamiela. (Ipuin laburrak)
- Ainhoari gutunak. 1990, Elkar. (Umeentzako literatura)
- Ifar aldeko orduak. 1990, Elkar. (Ipuinak)
- Hezurrezko xirulak. 1991, Elkar. (Poesia itzulpena)
- Han izanik hona naiz. 1992, Elkar. (Ipuin laburrak)
- Gartzelako poemak. 1992, Susa. (Poesia)
- Miopeak, bizikletak eta beste langabetu batzuk. 1995, Erein. (Ipuin laburrak)
- S. T. Coleridge: Marinel zaharraren balada. 1995, Pamiela. (Poesia, itzulpena)
- Hnuy illa nyha majah yahoo. 1995, Elkar. (Poesia)
- Hitzen ondoeza. 1997, Txalaparta. (Saiakera)
- Manuel Bandeira: Antologia. 1999, Pamiela. (Poesia, itzulpena)
- Hau da ene ondasun guzia. 1999, Txalaparta. (Poesia, musika-liburua)
- Lagun izoztua. 2001, Elkar. (Nobela)
- Kolosala izango da. 2003, Txalaparta. (Nobela laburra)
- Akordatzen. 2004, Txalaparta. (Gogoetak)
- Ni ez naiz hemengoa. 2006, Pamiela. (Edizio berria)
- Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak. 2006, Pamiela. (Edizio berria)
- Ez gara geure baitakoak. 2006, Pamiela. (Edizio berria)
- Zazpi herrialdetako ipuinak. 2008, Pamiela
- Moroak gara behelaino artean?. 2010, Pamiela
Moroak gara behelaino artean?
Joseba Sarrionandiaren liburu ezberdina duzu Moroak gara behelaino artean? hau. Bereber hizkuntzaren lehenenetako gramatika egilea den Pedro Hilarion Sarrionandiak piztutako jakin minatik abiatuz, liburua saio-lan ainitza eta sendoa da. Bertan aurkituko dituzu pertsonai historikoak eta gerla kolonialei buruzko gogoetak, aitormen pertsonalak eta iritzi politikoak, biografia bitxiak eta pasadizo sinesgaitzak, hizkuntzei buruzko ideiak.
Zatia
Ni gramatika baten bila sartu nintzen kasba honetara. Gerla egitera ere bai, gerla hitzari Joannes Etcheberri Sarakoak eman zion zentzuan, non gerlak erran nahi duen inorantzia uxatzeko jarduna. Lauzpabost liburutan aurkez nezakeen xelha gramatika egin zuen fraidearen biografia, Arrifeko errepublika artegaren historia, inperialismoaren kritika entsegua, amazigeraren edestia edota Espainiaren eta Frantziaren mendean euskaldunek egin beharreko protesta. Gaiak mugatuz gero, akademikoagoa litzateke dena, elementu diskordanteak kanpoan geratuko lirateke, ordea.
Eta nik diskordantziei buruz idatzi nahi izan dut. Diskordantziek elkarri argi apur bat emateko, konstelazioetan izar batek bestea argitzen duen moduan…
Finalistak
- "Walter Benjaminen aingerua Gernikako bonbardeetatik". Aiestaran Uriz, Ignazio (Elkar)
- "Darwin geurean". Altonaga, Kepa (Pamiela)
GAZTELANIAZKO SAIAKERA
Iñaki Uriarte Cantolla
Diarios 1999-2003
Pepitas de calabaza
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Ana Iriarte Goñi, epaimahaiburua
Francisco Soguero García, epaimahaikidea
César Coca García, epaimahaikidea
Isabel Muguruza Roca, epaimahaikidea
Xabier Aierdi Urraza, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Iñaki Uriarteren "Diarios" estilo arineko eta literatura kalitate handiko lana da; umore-sen azkarragatik eta bere buruarekin ironia erabiltzeko duen gaitasunagatik harrituko gaitu. Gaurkotasun handiko literatura genero honen irizpideen arabera jokatuz, bizitzaren eta literaturaren konbinazio bitxi hau, gure inguruneari buruzko zenbait hausnarketa bikain egiteko hari-eroalea izango da. “Niaren” subjektibotasuna defendatuz, egileak oso errotuta ditugun zenbait gizarte arau gutxietsiko ditu zorroztasun menderakaitzarekin eta sentsibilitate handiarekin; hori dela-eta, dibertitu eta konbentzituko gaitu “sormen gogorrarekin”.
Iñaki Uriarte Cantolla (Nueva York, 1946)
Iñaki Uriarte New Yorken 1946. urtean jaio zen. Donostian bizi zen urtebete egin zuenetik.
Deustuko Unibertsitatean (Bilbo) ikasi zuen. Bi urte Parisen eta Londres izan zen; 70eko hamarkadan Bartzelonan bizi zen. 80ko hamarkadaren hasieratik Bilbon bizi da.
Literatura kritikoan aritu da. 2010ean lehen liburua argitaratu zuen: “Diarios 1999-2003”. 2011. urtean “Diarios 2004-2007” argitaratu du.
Diarios 1999-2003
Kartzelan izan naiz, gose greba bat egin dut, dibortziatu egin naiz, hilzorian dagon bati lagundu diot. Behin lehergailu bat egin nuen. Drogekin negoziatu nuen. Emakume batek utzi ninduen, nik beste bat utzi nuen. Egun batean etxeak sua hartu zuen, lapurtu zidaten, uholde bat eta lehorte bat jasan ditut, autoarekin istripua izan dut. Hil zuten pertsona baten laguna izan nintzen; hil zutenek haren lorategian bertan lurperatu zuten. Gainera, beste gizon bat hil zuen batek ezagutu nuen, baita bere burua urkatu zuen beste bat ere. Adinaren gauzak dira. Hori guztia gertatu zait bizitza nahiko lasaian, baketsuan, istilu handirik gabeko bizitzan.
Finalistak
- "Clandestinos". Martín Aldalur Balbás (Ediciones B)
- "Una historia moral del rostro". Belén Altuna Lizaso (Pre-Textos)
- "Crsitóbal Balenciaga. La forja del maestro (1895-1936)". Miren Arzalluz Loroño (Nerea argitaletxea)