Euskadi Literatura Sariak (2009)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
Literatura lanaren ilustrazioa
EUSKARAZKO LITERATURA
Xabier Lete Bergaretxe
Egunsentiaren esku izoztuak
Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Maite González Esnal, epaimahaiburu.
Jon Kortazar Uriarte, epaimahaikide.
Maite Toledo Saralegi, epaimahaikide.
Ivan Igartua Ugarte, epaimahaikide.
Gorka Aulestia Txakartegi, epaimahaikide
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2009. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Xabier Leteren Egunsentiaren esku izoztuak lanari ematea.
Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko: klasikotasuna. Ahotsaren sendotasuna, aberastasun diskurtsiboa; erritmo eutsian bizi-mina eta bizi-mindura adierazten da. Solasa tradizioarekin. Ahotsaren benekotasuna.
Xabier Lete Bergaretxe (Oiartzun, 1944)
1964. urtean hasi zen poesia idazten eta 1966an jendaurrean kantatzen. Ez Dok Amairu taldeko partaide izan zen.
Poesia alorrean, orain arte bost liburu zituen argitaratuak. Egunetik egunera orduen gurpilean (Cinsa, 1968), Bigarren poema liburua (Gero, 1974), Urrats desbideratuak (Gipuzkoa Kutxa Argitalpenak, 1981), Zentzu antzaldatuen poemategia (Euskaltzaindia-BBK, 1992) eta Biziaren ikurrak (Erein, 1993). Horiez gain, Rilke, Orduen Liburua, hogeitamar poemez osatutako disko-liburua (Pamiela, 2004) eta, azkenik, Abestitzak eta poema kantatuak (Elkar, 2006).
Egunsentiaren esku izoztuak
Egunsentiaren esku izoztuak hau, orain arterainoko bere azken poesia liburua da. Bertan azken urteetako bizi-esperientziak gogoetatu ditu, iragan ederrarekiko miresmena, maitasunaren gauzaguneak, xamurtasuna, oinazea, heriotza eta berraurkikuntzaren ametsa elkarri lotuz. Hain segur, Xabier Leteren poesigintzan mugarri den liburua.
Zatia
Neguan izan zen
III
Neguan izan zen
oinazearen malutek
lurra zuritzen zutenean
eta elurra hilator errukitsu zenean,
orduan joan zinen
hain maiteak zenituen hartxoriekin batera,
mihiseak hotz gelditu ziren
eta etxe bakartian zure aztarrenak
bazter guztietan, horma esankorretan
irrifarre leun haiek
eta bizitza baten argazkiak,
neguan izan zen
eta espanturik gabe aldegin zenuen,
isil, zuzen, jakitun, jabe,
bizi zaitez, esan zenidan
saia gauza ederrak, maitatu jendea
eta ni... ni itxaroten egonen natzaizu.
Zer naiz orain, esaidazu
fereka nazazu
zure leialtasunaren hatz sotilekin,
neguan izan zen
zu aldendu zinenean,
ni ere urrun nago orain
eta bila nabilkizu goizaldeko ordu isiletan
dirudien guztiaren beste aldetik, neguan izan zen.
Finalistak
- "Zinea eta literatura". Harkaitz Cano (Elkar)
- "Gertakarien urtzea". Luis Garde (Alberdania)
- "Zoaz infernura, laztana". Anjel Lertxundi (Alberdania)
- "T (tragediaren poza)". Juanjo Olasagarre (Alberdania)
- "Bilbao-New York-Bilbao". Kirmen Uribe (Elkar)
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Luisa Etxenike
El ángulo ciego
Bruguera
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Juan Bas Pérez, epaimahaiburu.
Francisco Soguero García, epaimahaikide.
Angela Serna Rodríguez, epaimahaikide.
Felipe Juaristi Galdos, epaimahaikide.
Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du aho batez 2009. urteko Euskadi literatura saria, gaztelerazko literatura modalitateari dagokiona, LUISA ETXENIKEren El ángulo ciego lanari ematea. Bruguerak argitaratu du liburua.
Epaimahaiak eleberri honen balio literarioak azpimarratu nahi ditu. Bi narrazio-bide -desioarena eta errealitatearena- uztartzen dituen emaitza bikaina dugu; introspekzio-prosa poetikoaren bidez eta, aldi berean, indar eta erritmo bizi eta sakonez transmititzen den biluztasun zail baten bidez ehundua. Lantzen duen gaiari eta argumentuari dagokionez ere bai, zeren biktimen ikuspuntutik indarkeriaren zentzugabetasunaz eta haren ondorioez egindako hausnarketa eta salaketa lasaia baita.
Luisa Etxenike (Donostia, 1957)
Los peces negros (2005), Vino (2000), El mal más grave (1997), eta Efectos secundarios (1996) elaberriak, eta Ejercicios de duelo (2001) eta La historia de amor de Margarita Maura (1990) kontaketa-bildumak argitaratu ditu.
Antologia askotan sartu izan dira bere kontaketak; berriena Inmaculada Pertusa eta Nancy Vosbrugen Un deseo propio: Antología de escritoras españolas contemporáneas (Bruguera, 2009). Frantsesatik itzuli ditu Jacques Roubaud (Algo negro), Jean-Michel Maulpoix (La cabeza de Paul Verlaine) eta Claude Lanzmann (Alguien vivo pasa).
El Pais egunkariaren Euskadiko edizioan iritzi-zutabegilea da.
2007. urtean gobernu frantsesetik jaso zuen Caballero de la Orden de las Artes y las Letras saria.
El ángulo ciego
"Angelu itsua" -automobiletako atzerako ispiluak islatu ezin duen puntu hori- eleberri honetako protagonista den Martínen aitak eraikitako gordelekua da, bere bizipen baliotsuenak, ametsak, babesteko eraikia. Bertan, angelu itsuan, ez dago tokirik terrorismoaren indarrez eta inguruko mehatxuen abaroan hazitako beldurrarentzat, segurtasun-gabeziarentzat, intolerantzia basatiarentzat edo arriskuarentzat. Terrorismo hiltzailea, narratzailearen aita heriotzara daramana, baina hura garaitzeko hitzaren indarraren aurrean errenditu behar dena, bi kontakizuneko nobela bizi, argi-emaile eta formalki ausart honen barrena aurkituko duguna. Etxenikeren trebetasun literarioak indar biziz jazten ditu hitzak, eta basakeriaren aurrean askatasunezko pentsamolde eta jokabidez hornitzen gaitu (Martínen amaren solasak erakusten duen moduan), baina, aldi berean, bizipenoi kontakizun artistikoen tankera ematen die. El ángulo ciego (Angelu itsua) eleberri ausarta da: bai terrorismoak bizitza pertsonalean dituen ondorioen gaineko gogoeta eskaintzen digulako, bai kontaera original eta liluragarri baten eredua delako.
Zatia
La solución de lo que pasa en Euskadi no está en tus manos. En tus manos están otras cosas.
-¿Como qué?
-No sé, Martin, a lo mejor saber lo que es tuyo de verdad y ponerlo a salvo.
-¿Sabes lo que es mío?
-No, pero quiero saberlo. Dímelo
-Sí te lo voy a decir. Lo mío es que todavía no he cumplido dieciocho años y ya no tengo padre; que aún viven mis cuatro abuelos pero no tengo padre. Que mi abuelo Pedro silbaba muy bien. ¿Sabes lo que es mío? Que cosas que antes creía que no tenían demasiada importancia ahora me parecen graves, se han vuelto gravísimas y me avergüenzo de ellas y me siento culpable. Esa tontería de que me diera rabia que mis padres fueran tan jóvenes. Nadie en mi colegio tenía unos padres tan jóvenes; "parecen unos críos", dijo una vez la madre de uno de mi clase. Y a mí me hacía sentirme mal, y evitaba las preguntas de mis compañeros y a veces mentía; cuando algún despistado me preguntaba si mi padre era mi hermano mayor, yo respondía que sí. Y ahora por haber dicho esas cosas siento una rabia que no sé qué hacer con ella.
Finalistak
- "Elementos". Mª Luisa Balda (Bassarai)
- "Propuesta imposible". Javier Saez de Ibarra (Páginas de Espuma)
HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Ruben Ruiz
Anekdotak
Pamiela
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Garbiñe Iztueta Goizueta, epaimahaiburu.
Mikel Ayerbe Sudupe, epaimahaikide.
Arantza Ozaeta Elorza, epaimahaikide.
Pello Añorga López, epaimahaikide.
Ibon Egaña Etxebarria, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Anekdotak liburuaren balioak aipatzerako unean, munduari eta bizitzari begirada poetikoa eskaintzen dion liburua dela azpimarratu behar da, Hitza eta Hizkuntza lagun dituela. ANE da protagonista eta obran zehar bere ANEkdotak kontatzen ditu.
Istorioak bere horretan sinplea badirudi ere (neskato bat eta bere gurasoen udako hondartzako egun bat), argumentuak trama sakona ezkutatzen du eta narrazioaren garapena ezin hobeto egituratuta dago. Kontakizunaren intentsitatea handituz doa orriek aurrera egin ahala eta amaierako ezusteak hainbat hausnarketa-bide irekitzen ditu. Añorgaren liburuak badu sakontasunik, asmatzen du irakurlearen barruraino heltzen; eta aldi berean, narrazioaren izaera dialogikoak irakurketa anitzak egitea ahalbidetzen du.
2009 urteko euskarazko Haur eta Gazte Literatura Saria erabakitzerakoan azken une arte bi neskato, hala nola, Ruben Ruiz-en Ane eta Juan Kruz Igerabideren Amilami pareko ibili badira ere, azkenen ANEren ahotan jartzen diren bizitzaren eta hizkuntzaren gaineko gogoeta ederrak gailendu dira.
Anekdotak liburuak unibertso koherentea sortzen daki bere aniztasunean, hasiera-hasieratik bukaera arte. Ondo uztartuta, egituratuta eta bateratuta daude protagonistak idazten dituen errelatu laburrak, egunkari antzeko formatuan, lanaren osotasuna lortzen dutenak. Banaka ere izaera propio eta berezia duten 30 pasarte hauek batasun baten zati ere badira aldi berean, beti ere Ane neskato protagonistaren ikuspuntu eta ahots berezia izanik anekdota guztien lokarri. Pasarte guztiek egitura jakin bat jarraitzen dute (bereziki atzo eta gaur hitzek mugatua) eta behin eta berriz errepikatzen diren beste hainbat elementuk forma ematen diete Aneren Anekdotei (Lupus txakurra, elurra). Eider Eibar-en eskutik egindako ilustrazio ederren kolore eta formek ere irakurketara gonbidatzen gaituzte, testuarekin ederki uztarturik.
Ahots bat izanik, Aneren ikuspuntuak baditu hainbat erpin: begirada aberatsa du, ikuspuntu oso ingenuoa sarritan eta aldiz oso kontzientea. Bere begiradak bizipen desberdinak sorrarazten ditu: sentimendu mingotsak, gozoak, gaziak, umoretsuak, fantasiazkoak.
Liburu intimista eta minimalista da, haur literaturan ezagunak diren autoreen ahotsen oihartzunak dakartzana, hala nola, Mariasun Landarenak edo Juan Kruz Igerabiderenak, baina, beti ere, unibertso propioa eraikiz.
Liburua ez da haurrentzako soilik. Hartzaile zabal bati iritsi dakiokeen irakurketa da, bai gaztetxoei zein irakurle helduagoei ere. Esan behar da testuaren baitan agertzen diren hitz jokoek, ateraldi poetikoek zein Aneren mundu ikuskera bitxi eta logika bereziko ateraldiek erabat erakargarri egiten dutela irakurketa, atalka-atalka irribarretik sentiberatasunera (eta alderantziz) jauzi eginaz.
Ruben Ruiz (Vitoria-Gasteiz, 1973)
Araban jaio zen baina Nafarroan bizi da. Gasteizen magisteritza ikasi zuen eta psikopedagogia Donostian. Egun, maisu dihardu Nafarroan.
Behinola Haur eta Gazte Literatura aldizkariko koordinatzailea da eta Galtzagorri Elkarteko batzordekidea da.
Honako liburuak argitaratu ditu orain arte: Itsasoaren lezioa (Desclée de Brower, 2002), Azken giltza (Desclée de Brower, 2003), Eta txorimaloa mintzatu zen (Aizkorri, 2003), Txokolatezko atzamarra, (Erein 2003), Nora joan da argia?, (Aizkorri, 2006, liburu honek 2005. urteko I Etxepare saria jaso zuen) eta Sekretuak belarrira (Aizkorri, 2007).
Anekdotak
Ane zortzi urteko neska bat da.
Atzo, hitz berri bat entzun zion atso zahar bati Anek: anekdota. Aneri asko gustatu zitzaion entzundako hitza, akaso, esaten den aldiro bere izena esaten delako.
Gaur, jakin du zer esan nahi duen hitz horrek. Eta jakin du hitz hori erabili beharrean pasadizo esan dezakeela. Baina Anek anekdota esatea nahiago du. Eta erabaki du berari gertatutakoak idatzi egingo dituela..
Zatia
Musuak I
Atzo, aita mendira joan zen bi egunetarako. "Pirineos" aldera, Izaba herrira. Kotxean sartu zenean, eskua ahoan jarri zuen eta aire-musu bat bota zidan. Susmoa dut ez zuela oso ongi bideratu eta airean galdu zela, nik ez nuen musurik jaso behintzat.
Gaur, aitak arratsalde aldera etorri behar zuen, eta ez da iritsi. Dutxatu, afaldu eta ondoren ohera joan naiz.
Ustekabean, ordu txikitan, erabat lotan nengoenean, ezker masailean, musu bat nabaritu dut. Azkenean jaso dut aitak atzo airez bidalitako musua.
Finalistak
- "Amilami". Juan Kruz Igerabide (Elkar)
- "Leonardoren hegoak". Fernando Morillo (Ibaizabal)
- "Nikoleta eta gaua". Eider Rodriguez (Elkar)
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Antton Olano Irurtia
Ilargi-harria (Wilkie Collins)
Alberdania-Elkar
18.000 euroko saria.
Epaimahaia:
Josu Zabaleta Kortaberria, epaimahaiburu.
M.Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikide.
Beatriz Zabalondo Loidi, epaimahaikide.
Iker Sancho Insausti, epaimahaikide.
Joseba Urzelai Agirre, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Itzulpenaren Euskadi Sariko epaimahaiak aurtengo itzulpen-saria Antton Olano jaunak egindako Wilkie Collins ingeles idazlearen "The Moonstone" eleberriaren itzulpenari ("Ilargi-harria") ematea erabaki du.
Saritzen den itzulpenaren beste meritu askoren artean, Wilkie Collinsek obra honetan erabiltzen dituen erregistro ugariak euskarara egoki bihurtzeko egindako ahalegin handia eta lortutako arrakasta nabarmendu nahi du epaimahaiak. Antton Olanoren itzulpenak ezin hobeto eta oreka handiz islatzen du euskaraz Wilkie Collinsen obraren tonu orokorra, eleberriko kontalari desberdinen erregistroen aberastasuna, zein bere ezaugarri pertsonal eta sozialekin. Horri esker, zinez esan daiteke laudorio eta gorespen guztiak merezi dituen ekarpen bat dela itzulpen hau gaur egungo euskal literaturarako, eta hala aitortzen du sari honetarako epaimahaiak.
Horrez gainera, epaimahai honek poz handiz egiaztatu du, ezin du aldarrikatu gabe utzi, Itzulpen Sari honetako finalista izan diren lanen eta beste hainbaten kalitate-maila ohargarria.
Antton Olano Irurtia(1963)
Zenbait urtez euskara irakasle ibili ondoren, Itzulpen ikasketak egin zituen Martuteneko Itzultzaile Eskolan. 1992-2000 bitartean Lur Hiztegi Entziklopedikoaren erredakzio-taldeko kide izan zen. Geroztik Katalunian bizi da eta itzultzaile da bere kontura. Literatur itzultzaile gisa, Haur eta Gazte Literatura landu du batez ere.
Literatur itzulpen nagusiak:
- "Hemeretzi ipuin" (H. C. Andersenen ipuin-antologia bat, talde-lanean itzulia), Ibaizabal, 1997.
- "H dosierra" (Ismail Kadaré: Le Dossier H; Juan Mari Arzallusekin elkarlanean itzulia), Ibaizabal, 1998.
- "Fildel izan beharraz" (Oscar Wilde: The importance of being Earnest), Ibaizabal, 2000.
- "Joan-etorriko txartela" (Gemma Lienas: Bitllet d'anada i tornada), Erein, 2001.
- "Horrelakoa da bizitza" Carlota (Gemma Lienas: Així és la vida, Carlota), Erein, 2003.
- "Zugan pentsatuko dut" (Glòria Llobet: Pensaré en tu), Elkar, 2004.
- "Bollikaoak zug@tik" (Pascual Alapont: Menjaré bollyc@os per tu), Elkar, 2005.
- "Bai baina ez baina bai" (Pascual Alapont: Fi de culs a Mallolca), Elkar, 2007 (2008ko Vitoria-Gasteiz Haur eta Gazte Literaturako Itzulpen Sariaren irabazlea).
- "Ilargi-harria" (Wilkie Collins, The Moonstone), Ellkar & Alberdania, 2008.
- "Ate atzeko zuloa" (Josep Sampere: El pou darrere la porta), Erein, 2009.
Ilargi-harria (Wilkie Collins)
Ingeles literaturako lehen detektibe-eleberria, edo misterio-eleberri modernoaren aitzindari eta XIX. Mendeko garrantzitsuenetako bat da Ilargi-harria, adituen ustez. Bere egitura narratibo ez ohikoagatik da batez ere berezia. Izan ere, eleberria gutun bidezko narrazio korala dela esan daiteke: protagonistetako batek diamantearen desagertzearekin zerikusia duten beste pertsonaiei gertaerez dakitena idatziz kontatzeko eskatu, eta denen artean, elkarri txanda hartuz, eta gertaeren inguruan nork bere ikuspegia emanez, ikuspegi desberdinak eta are kontrajarriak ere, hasieratik bukaeraraino albaintzen dute istorioa. Horretaz gainera, bereziki azpimarragarria da idazleak bere pertsonaien bidez giza izaeraren alderdi guztiak agerian jarriz eta intrigari azkeneraino eutsiz erakusten duen maisutasuna. Batez ere horretan agertzen ditu Collinsek bere idazle-dohain ikaragarriak. Aspaldi esana utzi baitzuen T.S. Eliot handiak Ilargi-harria dela ingelesez idatzitako detektibe-eleberririk luze eta onena, idatzitako lehena izateaz gainera.
Zatia
Istorio horietako zentzugabeenetako baten diamante hori bat aipatzen zen, Indiako kroniketan jasota dagoen harribitxi ospetsu bat. Antzinako tradizio zaharrenen arabera, ilargia sinbolizatzen duen lau besoko indiar jainkoaren bekokian txertatuta zegoen harria. Alde batetik, bere kolore bitxiagatik, eta, bestetik, apaintzen zuen jainkoaren eragina bereganatu eta ilargiaren goraldien edo beheraldien arabera gehiago edo gutxiago distiratzen zuela zioen sineskeriagatik, Indian gaur egun oraindik ere erabiltzen duten izen Berbera eman zioten harriari: Ilargi-harria, alegia. Bazen, aditzea dudanez, antzeko sineskeria bat Antzinako Grezian eta Erroman; baina ez, Indian bezala, jainko jakin baten zerbitzura sagaratutako diamante bati lotua, baizik eta harri erdi-garden bati, ustez ilargiaren eraginpean zegoen maila apalagoko gema bati, hain zuzen. Azkeneko kasu horretan ere, harriari ilargiak eman dio izena, gure garaiko bildumazaleek oraindik ere erabiltzen duten izen berbera. Diamante horiaren abenturak kristau aroko hamaikagarren gizaldiarekin batera hasten dira.
Garai hartan, Mahomet Ghizniko konkistatzaile mahometanoak India alderik alde igaro, Somnautheko hiri santua mendean hartu, eta altxor guztiez biluzi zuen hango tenplu ospetsua, aspaldiko mendeetan eraikitakoa, zeina indiar erromesen santutegia eta sortaldeko munduko miraria baitzen.
Finalistak
- "Tartufo / Zekena" (Moliere). Juan Martin Elexpuru (Alberdania & Elkar)
- "Printzea" (Makiavelo). Juan Martin Elexpuru (EHU)
- "Belarra kantari" (Doris Lessing). Koro Navarro (Elkar)
- "Esperantza" (Andre Malraux). Karlos Zabala (Alberdania-Elkar)
LITERATURA LANAREN ILUSTRAZIOA
Elena Odriozola
Aplastamiento de las gotas
Laberinto de las Artes
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Daniel Martín Izquierdo, epaimahaiburu.
Asun Agiriano Altuna, epaimahaikide.
Iban Barrenetxea Bahamonde, epaimahaikide.
Jesús María Fernández Velasco, epaimahaikide.
Susana Jodra Llorente, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du aho batez 2009. urteko Euskadi literatura saria, ilustrazio modalitateari dagokiona, ELENA ODRIOZOLAren Aplastamiento de las gotas lanari ematea. Laberinto de las Artes argitaletxeak egin du liburua.
Aplastamiento de las gotas helduentzako liburuko ilustrazioetan, Elenak Odriozolak ahalegin berezi bat egin du Julio Cortázarren pasarte indartsu eta ezagun baten zerbitzuko sorkuntza-lana ez egiten. Irudiek berez hitz egiten dute, eta haur eta irakurle helduentzako estetiken arteko muga arinaren adierazle dira.
Orduko haren oihartzuna gisa, idazleak Historias de cronopios y famas lanaren barruan, euri-tantak erortzean deskribatzeko erabili zituen hitzak jasotzen ditu Elenak, baina istorio berri eta iradokitzaile bat osatzeko. Samurtasun eta iradokizunez betetako istorioa, bi gizaki lotsati eta gardenen arteko amodioari buruzkoa. Elenaren marrazkien dotoretasuna eta sentiberatasunak, haien arima transmititzea lortzen dute. Interpretazio ausart eta zaila da, malenkoniari buruz gogoeta egiteko bide xume, sotil, berebiziko indarra duena.
Elena Odriozola (Donostia, 1967)
Ilustratzaile bezala lan egitea ez zan erabaki bat izan. Berez etorri zan. Horrela gertatu behar izango balitz bezala. Hori 1997. urtean gertatu baina oso txikia nintzala hasi zan. Piskanaka piskanaka, presa, helmuga eta asmo zehatzik gabe. Eta oraingoz horrela da, ez dakit noiz arte. Disfrutatzen dudan bitartean edo ez jakitea nahiago dut.
Bidean publizitate agentzia batean lan egin nuen eta iraun zuen bitartean polita izan zan. Han ikasi nuen guztia ondo etorri zait testoak irudikatzeko orduan. Eta baita hobe dala gauza gutxi esatea jakiteko
Aplastamiento de las gotas
Euri-tantak dira Elena Odriozolak ilustratu duen Julio Cortázarren kontakizun intimista honetako protagonistak. Giro malenkoniatsu batean harrapatutako bikote baten amodio-desamodiozko sentimenduekin nahasturiko euri-tantak.
Ilustrazioak
Finalistak
- "Katiuska horiak". Mariona Cabassa (Erein)
- "Anekdotak". Eider Eibar (Pamiela)
- "Un seceto del bosque". Elena Odriozola (OQO)
- "Ilania". Iraia Okina (Gero-Mensajero)
- "El pirata Pepe y los animales". Mikel Valverde (Ediciones SM)