Euskadi Literatura Sariak (2006)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
EUSKARAZKO LITERATURA
Iban Zaldua
Etorkizuna
Alberdania
18.000 euro eskuz esku eta 3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Jon Kortazar Uriarte, epaimahiburua.
Maria José Olaziregi Alustiza, epaimahaikidea.
Juanjo Olasagarre Mendinueta, epaimahaikidea.
Ixiar Rozas Elizalde, epaimahaikidea.
Iñaki Irazabalbeitia Fernandez, epaimahaikidea.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2006. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Iban Zalduaren Etorkizuna ipuin bildumari ematea.
Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
- "Denboraren hariaz lotutako istorioak kontatzen dizkigu Iban Zalduak, giza harremanen diagnosi ironiko eta eszeptiko ematen du, besteak beste. Laburtasunari etekin literarioa ateratzen zaio, zuzena da.
- Egileak asmatu du erregistro ezberdinekin, hala nola zientzia-fikzioa, saiakera, jolas literarioa, oso berea duen ahots eta unibertso literarioa eraikitzen."
Saritutako obrari buruz:
"Heldu orainari" dio zuhur-hitzak, "etorkizuna gure esku dago" errepikatzen dute nekagaitz medioetan. ta bien bitartean, iraganari begira, mirarik gabe bada ere, ari da Zaldua ipuin-sorta berri honetan. Zer ote du iraganak halako setaz aldatu nahi izateko. Beharbada ez gaude iraganaz oso harro eta horregatik aldatu nahi genuke.
Autoreak bere aurreko ipuinetan erabili ohi dituen osagaiak erabili ditu liburu honetan ere: ironia erregosi apur bat, zientzia fikzio ukitu sinesgarriez lurrindua, absurdotik atximur bat, egunerokotasunetik koilara bete, akaso giza harremanen gatzak gazituago dator oraingo honetan; beti bezain iradokizunez betea, hala ere.
Ez da erraza esaten horietako zein osagaik behartzen duen irakurlea ipuin bakoitza hasi eta bukatu arte ez eskuetatik uztera, beharbada denen nahasteak. Segurua dena da ipuin bilduma irakurri eta nekez ahaztuko dituela bertan kontatzen direnak eta aktoreak.
Iban Zaldua (Donostia, 1966)
Iban Zaldua Donostian jaio zen 1966an.
Historialaria da, Gasteizen bizi da eta bertan ematen ditu eskolak, Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere lehen ipuin bilduma gazteleraz eman zuen argitara, 1989an (Veinte cuentos cortitos), eta euskarazko debuta hamar urte geroago egin zuen Gerardo Markuletarekin lau eskutara idatzitako Ipuin euskaldunak bildumarekin. Geroztik, ipuina izan da bere genero kuttuna, nola euskaraz hala gazteleraz
Hauek ditu, besteak beste, lanik garrantzitsuenak: Gezurrak, gezurrak, gezurrak (2000), Traizioak (2001), La isla de los antropólogos (2002), Itzalak (2004) eta Etorkizuna (2005) ipuin liburuak; Si Sabino viviría (2005) eleberria; Obabatiko tranbia (2002) eta Animalia disekatuak (2005) saiakerak. Gazteentzako eleberri laburrak ere idatzi ditu, hala nola: Kea ur gainean (2002) eta Ile luzeen kondaira (2003).
Gezurrak, gezurrak, gezurrak gaztelerara itzuli eta Lengua de Trapo argitaletxeak argitaratu zuen 2006an, Mentiras, mentiras, mentiras izenburupean.
Volgako Batelariak aldizkari elektronikoaren erredakzio batzordeko kide da.
Etorkizuna
Etorkizunaren maskarapean iragana ezkutatzen da ia beti. Iragana da etengabe aldatzen dena. Guk aldatzen duguna. Behin eta berriro iraganeko istorioak elkarri (aldiro ezberdin) kontatuz, hura nahierara berreraikitzen saiatzen gara. Narratzaileak badaki orainari ere heltzen, ordea: IKEAko altzariek, Gasteizko parajeek zein protagonistek darabiltzaten musika erreferentziek istorioak oso leku eta garai zehatzetan kokatzen laguntzen dute. Iban Zalduak ez baitio berehala iragan izango den orainari itzuri egiten, eroso sentitzen da modernitateak eskaini dizkion lehengaiekin (pop kultura, komikia, B serieko jenero-literatura).
Zalduaren ipuingintzak bere-bereak dituen ezaugarriak aurkituko ditu hemen ere irakurleak: zientzia fikzio ukituko ipuinak, politikari buruzko elkarrizketak (Hamabost ipuin ia politiko direla gaztigatzen digu azpi-izenburuak), ironia eta sarkasmoa, giza-harremanen tirabira eta tranpak, egunerokotasunean txertaturiko fantasiazko "zulo beltzak", miseria txiki zein deskalabru handiak.
Zatia
Gehiago izan ziren, baina tira. La casa de Tócame Roque, esaten zidan amak etxeko unean-uneko egoeraz zerbait aipatzen nionean, "la vuestra parece la casa de Tócame Roque". IKEAra joan ginenerako gauzak dezente aldatu ziren, ordea. Geroz eta jende gutxiago izaten genuen babestuta. Aldaketa pixkanaka gertatu zen, oharkabean, funtsezko aldaketa guztiak gertatzen diren moduan alegia. Halako batean jendea ez zen gurera etortzen asilo bila. (Sofarena).
Europako Konstituzioaren erreferendumaren biharamuna da gaur, eta Karlosek badaki gai hori izango dutela hizpide; aurreko enkontruan ere aipatu zuten zer edo zer. Ezetzaren aldeko agertu zen Karlos, eta Jorgek "bai" bozkatuko zuela iragarri zion. "Ez pentsa ni ere guztiz konbentzitzen nauenik konstituzioak –esan zion Jorgeri–. Baina AEBei eta Txinari tinko aurre egiteko modu bakarra begitantzen zaidak". "Txinari aurre egiteko, diok? Inposatu genien ekonomia-lezioa bikain ikasi dutelako soilik? Gogoan hartu ezak Opioaren Gerrarena...". "Ez hasi hire txaplata historikoekin, Karlos. Badakik zertaz ari naizen. Gainera, hire txinitoek tranpa egin zitean: ez al ziren ba komunista egin, halako batean? Eta orain atzera berriro ere, kapitalismoaren arauekin jokatzera? Ez zaidak guztiz garbia iruditzen...". (Adulterioa)
Xabi gure koadrilakoa da. Festak gorroto ditu, edo zituen. Ez zuen jasaten auskalo zein mendetako baserritar apokrifoz janzteko ohitura hori, agian historialaria delako eta gauza horiek oso gaizki eramaten dituelako; guk, jakina, harekin bat egiten genuen, eta sekulakoak esaten genituen blusei buruz, farolen prozesioari buruz eta Andre Mari Zuri zikinari buruz ere. "Ez zakiat umerik izango dudan inoiz, baina zin egiten diat ez ditudala inoiz baserritarrez mozorrotuko", aldarrikatzen zuen Xabik, eta guztiok topa egiten genuen horregatik.
Baina adinean gora egin dugu, bigundu gara eta, paternité oblige¸ koadrilako printzipio guztiei traizio egiten joan gara, edo ia guztiei. Baskitoz eta neskitaz jantzi ditugu umeak eta, batzuetan (min ematen du esateak), baita gure buruak ere. Denok, Xabik izan ezik: alabak tema handiaz eskatu bazion ere, hark ez zuen atzera egin, eta Uxue txikia izan zen, pasa den urteko festetan, pseudobaserritarrez jantzi ez zen koadrilako ume bakarra. (Gargantuarena).
Piztu nuenean ez nuen sorpresa berezirik hartu: azken batean, badira urte batzuk merkaturatu zirela Tetrak, eta, iragarkietan ez ezik, zenbait film eta telesailetan izan dugu haiek ikusteko aukera. Nire begien aurrean beste gela bat zabaldu zen, gris kolore ia metalikoduna, dirdira nimiño moduko bat isurtzen zuena etengabe; horregatik deitzen zaie Tetrei "gela grisak" ere. Sei metro luze eta sei metro zabal zen, eta hutsik zegoen, noski. Barrura sartu nintzen, eta pauso batzuk eman nituen, aurrera eta atzera, ezkerretik eskuinera: ez nuen ezer berezirik sentitu. Egia da –hori lehendik entzunda nuen– paretak ez daudela hotz, harrizkoak izan ohi diren bezala, eta ez direla erabat trinkoak, bigunak direla esaterik ez badago ere: zail samarra da esplikatzen. Edonola ere, IKEAn saltzen dituzten gailu itsaskor batzuk erabiliz, nahi erara apain daitezke Tetrak, posterrekin edo are koadroekin ere. Baina Tetren fanek nahiago izaten dute biluzik uztea "gela grisa", erdian kuxin batzuez edota japoniar tankerako mahai baxu batez hornituta asko jota. (Konponbidea etxebizitzaren arazorako).
Oraindik ez dakit ziurtasun osoz nork aipatu zigun Mantxa turismoa egiteko leku egoki gisa: erruduna nire adiskide txirrindulari-sasiekologista horietako bat izan zela aldarrikatzen zuen Ainhizek, eta nik, ordea, Ainhizeren beraren bulegoko bati buruzko susmo txarrak nituen; ezin ados jarri eta, ondorioz, ez genuen jakin bidaia osoan zehar Kristorenak eta bi noren kontura bota, bata bestearen aurka ez bazen. Mantxa, edo, hobeto esanda, Gaztela-Mantxa, izugarri leku aspergarria iruditu baitzitzaigun, xarmarik gabekoa, oporretan joan behar izanez gero , zerrendaren amaieran kokatzeko moduko aukera. (Mantxa).
Aukera bakarra zegoen beraz. Iriarte doktoreak aspaldi erabaki zuen zein urtetara, zein unetara, nora egingo zuen denbora-jauzia. Ez zuen jakin-gose berezirik: ez zuen interes handirik, esaterako, Jesukristoren gurutziltzatzea zuzenean ikusteko, edo Waterlooko batailaren emaitza alda zezakeen une eta gune konkretura joateko. Bere asmoa xumeagoa zen, eta arranditsuagoa aldi berean: Euskal Herriaren historiaren norabidea aldatu nahi zuen. Eta hori egiteko aukeratua zuen momentua eta lekua.
Euskal Herriaren historia noiz hasi zen okertzen argi zeukan Iriartek: 1960ko hamarkadaren amaieran edo 1970ekoaren hasieran. Bere familian bertan ezagutu zuen samina: artean umea zela, 1982an, ETAk, tiroz hil zuen bere aita, Telefónica-ko ingeniaria. (Iriarte doktorearena).
Egia da. Pixka bat barregarria ere bada manifestazio horrena: iazkoan ez ginen laurogeita hamar bilduko; kalea izugarri zabala iruditu zitzaidan, bete ezinezkoa. Jendea oporretan dabil, kanpoan, Elena eta alaba bezala. Manifestazioan ez dut adiskiderik topatzen ere; ezagunen bat, asko jota: fundamentu askorik gabeko bi edo hiru minutuko berriketa. Normala ere bada: sindikatuko kuota ordaintzea baino egiten ez duen horietakoa naiz. Baina urtero joaten naiz Maiatzaren Bateko manifestaziora. Ez dut behin ere huts egin, azkeneko hamabost urteotan; lanean hasi nintzenetik, alegia. (Maiatzaren lehena).
Loti Ederraren ipuinarekin gogoratzen naiz batzuetan, gertatu zaidanaz pentsatzen jartzen naizenean, hots, ia beti; aitak askotan kontatu zidan txikitan, nire kutunetakoa baitzen. Maitagarri Gaiztoaren madarikazioa bete ez zedin Erregek emandako agindua da, hain zuzen ere, madarikazioa betetzea bermatuko duena: erresumako goru guztiak galaraztean, tresna ezagutzeko aukera kendu zion Printzesari, eta nahitaez ziztatu behar zuen behatza halako batekin lehenengoz topo egin zuenean. Nik gidabaimena hemezortzi urterekin atera izan banu ez nuen agian istripu hori izango. Ergelkeria bat da, badakit, baina ezinezkoa zait halako pentsamenduak saihestea. Halakoak eta are okerragoak, noski. (Aurpegia)
Finalistak
- Lazarraga Ernazimentua euskaraz, Pruden Gartzia (Pamiela)
- Sua nahi, Mr Churchill? Koldo Izagirre (Susa)
- Denbora aleak, Karlos Linazasoro (Pamiela)
- Bingo (poemak 1981-2000) Xabier Montoia (Pamiela)
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Javier de Dios López
Comida para peces
Hiru
18.000 euro eskuz esku eta 3.535 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Antonio Altarriba Ordóñez, epaimahiburua.
Felipe Juaristi Galdos, epaimahaikidea.
Arantxa Urretabizkaia Bejarano, epaimahaikidea.
Teresa Calo Fontan, epaimahaikidea.
Isabel Alba Rico, epaimahaikidea.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2006. urteko Euskadi literatura saria, gaztelerazko literatura modalitateari dagokiona, Javiern de Dios Lópezen Comida para peces antzezlanari ematea.
Idazlanen literatura-kalitateari eta dimentsioari buruzko eztabaida zabala izan ondoren, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu antzezlan hau saritzeko:
- "Lanak gaurkotasun handiko gai bat agertzen du, eta gure lan-bizimoduan eragiten duten jokamolde sotilak salatzen ditu.
- Epaimahaikideek azpimarratu nahi izan dute zein garrantzitsua den Euskadi literatura saria antzerki generoko lan bati ematea, lan arin eta bizi-bizi bati, agertokian taularatzeko moduko planteamendua eskaintzen duena."
Lehen aldia da gaztelaniazko literaturara zuzendutako Euskadi Sariaren baitan euskal argitaletxe batekin argitaratu duen Euskaditik kanpoko idazle bati ematen zaiola sari hau. Sariak aurreikusten du aukera hori, nahiz orain arte oinarri hauekin lan egin duten epai-mahaiek inoiz erabili gabea izan.
Saritutako obrari buruz
Comida para peces lana gaurko gizartean ondo errotutako antzerki-testua da. Laneko jazarpena abiapuntu hartuta, egoera gogor horretan sakondu eta bere burua irensten duen gizartea erakusten digu; hurkoaren borrero bihurtzen gaituen gizartea, adiskideak etsai bilakatzen dituena, lankidea etsai amorratu. Aspaldi handian ahalegin handiz bereganatutako balioak galdu dituen gizartea, gu guztion jokabide agian ez etorkor baina bai axolagabearen ondorioz gero eta oldakorragoa den gizartea.
Kontzientziak asaldatzea da antzerkiaren helburua, eta lan honek ondo asko lortzen du helburu hori.
Javier de Dios López (Madrid, 1966)
Javier de Dios López 1966an jaio zen Madrilen, eta Alcalá de Henaresko Unibertsitatean ematen dituen dramaturgia eskolekin tartekatzen ditu bere sorkuntza lanak. Berak idatziak dira, besteak beste, Noche de San Juan, Tormenta de verano, Todo va bien, Vacío edota Chat/Indefensos. La Barca Teatro konpainia zuzentzen du 1996. urteaz geroztik, eta testu klasikoak zein garaikideak eszenaratu ditu, hala nola El libro del buen amor edota José Sanchís Sinisterraren Pervertimiento y otros gestos para nada. Javier de Dios Lópezen antzezlanak, beraz, idazlearen eta bere idazmahaiaren arteko distantzia itxitik ez, baizik eta teatroaren ezagutza sakon batetik eta esperientziatik abiatutako lanak dira, antzerkiaren funtsak eta bere publikoa ezagutzen dituen norbaiten lumatik eratorriak, beraz.
José Carlos Plaza antzerki zuzendariak Comida para peces liburuaren aitzinsolasean adierazten duen legez, zorrotz eta bizi mintzo dira obra honetako pertsonaiak, elkarrizketak sinesgarriak dira (naturalista izatera iritsi gabe), eta irakurlea (edo ikuslea) sutzeraino haserrarazten dute. Egoera klaustrofobikoak eraikitzen oso trebea da egilea.
Comida para peces teatro lana 2004. urteko otsailaren 6an antzeztu zen lehen aldiz, Madrilgo Youkali aretoan, La Barca Teatro konpainiaren eskutik eta Javier de Dios beraren zuzendaritzapean. Hauxe izan da antzezlan batek Euskadi Saria jaso duen estreinako aldia.
Comida para peces
Comida para peces lanaren munduan errotutako antzerkia da, gaur puri-purian dauden gaiak ezin hobeto islatzen dituena: mobbing kasuak, enpresan igo edo, besterik gabe, lanpostu bati eusteko elkar zapaltzen duten enplegatuak, kontsultoreen gezurra eta haien txostenen zentzugabekeria, lehia basatia, gezurrak gezurren atzetik, itxurakeriak, ongi moldatzen diren lankideen arteko giroa nagusiek berariaz pozoitzearen ondorioak… Gizartean urte askoko borrokaren ondoren lortutako balioen galera ematen ari den garaiotan, aseguru-etxe batean (La fe izenekoa, ez da kasualitatea) lan egiten duten bost lankideen arteko harremana aztertzen du antzezlanak, enpresen barruko lan sistemen perbertsioa gogorki kritikatu eta gure kontzientzia astintzeko asmoarekin.
Psikoanalisten lekuan jarrita, zein arrainekin identifikatzen ote diren galdetzen diete kontsultoreek bulegoko langileei, baina azken buruan, arrain handien bazka baino ez dira langile koitaduak...
Zatia
Pues claro que sigo aquí, pero no es el mejor momento para… ¿Oye? ¿Cómo quieres que no me preocupe?, se trata de mi trabajo… Por supuesto, a ver si te crees que soy tonta, sé muy bien qué contestar, lo que no sé es cómo, ¿me entiendes?, es la primera encuesta de este tipo que tengo que… Ya, ya lo sé, cariño, yo también… Perdona, es que me pongo nerviosa… Te lo he dicho antes (leyendo) "Estudio de clima… Sí, efectivamente, varias hojas… ¿Cómo que no haga nada? Aquí dice que tengo que… Sí, hombre, para que piense que soy retrasada, me acerco al jefe y le pregunto… No, escúchame tú, ¿qué quieres?, a ver, ¿que me pongan directamente en la calle?
El actor que interpreta a Marcos
Antes de continuar permítanme que les lea algo curioso. Mientras nos documentábamos para realizar este montaje, un diario de tirada nacional publicó la siguiente carta al director… (…) "Probablemente consideren que no es digno de publicarse, pero he advertido que si uno teclea la palabra alienación utilizando el procesador de textos equis, el programa sustituye automáticamente alienación por alineación. Y yo me pregunto: ¿han borrado la palabra del diccionario? ¿Es una casualidad, una metáfora, o me estoy volviendo paranoico?".
Marcos
(riéndose) Pues no tenía ni idea de que el salmón en cuanto alcanza la meta y planta los huevos, zas, hala, se acabó… / Que por qué… / Bueno… Quizá lo consideren un defecto, pero para mí… Para mí, vencer las dificultades y mejorar día a día en mi trabajo constituye una parte de mi propio crecimiento personal, qué le voy a a hacer, considero ambas cosas inseparables, yo soy así. / Claro, claro que me estimulan los incentivos materiales, pero mis ambiciones apuntan a una meta más valiosa… A saber hasta dónde soy capaz de llegar en mi trabajo, que es como decir en la vida. (Pausa) Llegar a conocerme a mí mismo.
Carolina
¿Un pez? ¿Cómo que un pez? (…) Uno de colores, de esos pequeñitos de los acuarios, me encantan, cuando por fin me entreguen el piso pondré un acuario lleno de peces de colores/ Bueno, es que la mayoría son fríos, desagradables, incluso, me dan un poco de grima, sin embargo éstos no, me parecen tan decorativos… Y además, además resultan sorprendentes, (ríe) sí, sorprendentes, ¿nunca se han fijado?: algunos hasta cambian de color dependiendo de la luz.
César
¿Edad media de los trabajadores?
Beatriz
Treinta y cinco, cuarenta.
César
Entonces duro con las pólizas para los niños, con cuidado, que no dé grima, procura que no suene dramático…
Beatriz
…Entendido…
César
Y no te olvides de incorporar al paquete básico los seguros para mascotas, al final, como novedad, no como ventaja añadida, que no piensen que es una pijada…
Beatriz
¿Sabes lo que se le ha escapado esta mañana al pobre patán de Marcos? Que César ha presentado en Dirección una magnífica propuesta para reestructurar las funciones del departamento y aumentar la productividad… "La importancia del back office"… Una magnífica propuesta que yo le comenté hace un tiempo, y él rechazó con una de esas… maniobras de distracción, a las que es tan aficionado.
Fidel
Él y tú sabéis a quién se le ocurrió la idea, suficiente.
Beatriz
Sí, claro, no debería darle más vueltas…
El actor que interpreta a Fidel
Por ejemplo: en un trabajo de la socióloga Diana Scalpi referido a la administración pública leemos: "Existe una íntima relación entre violencia político-burocrática, sufrimiento personal, resultados de la gestión pública y resquebrajamiento del sistema democrático y el Estado de Derecho".
La actriz que interpreta a Beatriz
Es decir: tú me temes, yo delinco, tú te callas, yo te premio, así compro tu silencio y tú te pringas como yo. ¡Y que viva la democracia!
Beatriz
Qué barbaridad… Para eso tengo que desempolvar hasta mis estudios de primaria… Vamos a ver… Si no recuerdo mal, a medida que crecen también lo hacen sus escamas, las diferentes capas, ¿no?, así, una sobre otra… De modo que con el tiempo cada vez será más difícil saber de qué color tienen la piel, cosa que a mí, la verdad, no digo que no sea habitual en los tiempos que corren, pero a mí como que nooo… Además, yo siempre he desconfiado de cualquier animal que se impulse con la cola. Demasiado primario, no es mi estilo, no me van, qué quieren que le haga, me parece una vulgaridad. Impulsarse con la cola y guiarse, no sé, por vibraciones de la corriente o algo así, porque no tienen oídos, ¿no? ¿No les parece terrible tener que estar atenta a pequeñas vibraciones del agua para salvar el pellejo? (…) ¿Quién desea ser un pez?
Finalistak
- La noche vencedora, Agiriano, Jon (Hiria)
- Suerte de perro y otras historias, Fernández de la Sota, José (Algaida)
- El piloto de la muerte Sánchez-Ostiz, Miguel (Espasa-Calpe)
- Mañana será otro día,Ugarte, Pedro (Lengua de Trapo)
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Patxi Zubizarreta
Pantaleon badoa
Pamiela
14.500 euro eskuz esku eta 2.475 euro saritutako lana beste hizkuntza batean argitaratu ahal izatea bideratuko duen hitzarmena sinatu ostean.
Epaimahaia:
Asunción Agiriano Altuna, epaimahiburua.
Xabier Olaso Bengoa, epaimahaikidea.
Arantza Balzategi Julain, epaimahaikidea.
Ruben Ruiz Perez, epaimahaikidea.
Miguel Angel Asiain Yarnoz, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Epaimahaiak erabaki du 2006. urteko Euskadi literatura saria, haur eta gazteentzako euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Patxi Zubizarretaren Pantaleon badoa lanari ematea.
Idazlanen literatura-kalitateari eta dimentsioari buruzko eztabaida zabala izan ondoren, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu lan hau saritzeko:
- "Fantasiazko protagonistak dituen abenturazko liburu ederra da, ilusioaren pizgarri, laguntasuna, ikusmina eta bestelako baloreak bereganatzen dituena. Esamolde eta ahots ugarik gozatzen dute irakurketa, eta pertsonaia bakoitzari ematen zaio ahots eta erregistro propio bat. Ilustratzailea Jokin Mitxelena ere aipatu behar da ezinbestean, marrazkien bitartez ulertzen baita ipuina."
Saritutako obrari buruz: Pantaleon badoa
Pantaleon elurrezko panpina bat da. Hotzaz eta paisaia zuriaz asperturik, basamortura joatea erabaki du, beroa eta koloreak ezagutzera. Eta arraunean joan behar izan du, eta oinez, eta bizikletaz. Natasha hartz zuri bat da, eta ezkutuka joan zaio atzetik, eta basamortura iristen lagundu dio. Baina, ai, oi, ei!, Pantaleon urtzen hasi da, eta Natasha itotzen…
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964)
Patxi Zubizarreta (Ordizia, 1964) Gasteizen bizi da, euskal filologia ikasketak bertan amaitu zituenetik. Narratzaile oparoa da, bai helduentzako nobelagintzan (Jeans-ak hozkailuan, Barrikadak, Txantxa. Quick), baita haur eta gaztetxoen literaturan ere: Usoa, Gutun harrigarri bat, Jentzi, 1948ko uda, Eztia eta ozpina...
Pospolo kaxa bat bezala miszelanea liburua argitaratu zuen 2005ean, amodioa, bidaia, mestizaia, literatura eta memoriaren inguruko bere kezkak eta gogoetak harilkatzen dituen liburu hibridoa.
Tradizio eta literatura arabiarraren ezagutzaile eta maitale, itzuli ere egiten ditu gustuko dituen idazleen liburuak. Horien artean, aipatzekoak dira Nagib Mahfuz edo Eric-Emmanuel Schmitt bezalako autoreak eta Ali Baba, Aladin, Sinbad, Printze Txikia, Ibrahim jauna eta Koranaren loreak, Mirarien kalezuloa edo Mila eta bat gauen gauak bezalako liburuak.
Horrez gain, ezaguna da han eta hemen musikarien laguntzaz (Pello Ramirez, Jabier Muguruza, Txema Garces eta Joseba Loinazekin, besteak beste) bideratu dituen proiektu eta performance ugariengatik ere: Hamar mezu eta dei bat, 28 letra eta 7 nota munduaren itzulia egiteko, Urrezko giltza, Mundua lo dagoen bitartean...
Birritan irabazi du Haur eta Gazteentzako Euskadi Literatura Saria: Mutil izandako gizonarekin 1998an, eta Pantaleon badoa liburuarekin 2006an.
Pantaleon badoa
Elurrezko panpina bat da Pantaleon. Iparburuan bizi da, baina dagoeneko aspertuta dago betiko hotzaz eta paisaia zuriaz. Horregatik erabaki du, bere lagunen gomendio guztien kontra, basamortura txango bat egitea, beroa eta koloreak ezagutzera. Baina nola abiatu Iparburutik basamortu urrunerantz? Txalupa bat hartu eta arraunari ekin dio, lehenbizi: petroliontzi batek eragindako mareak belztu egingo du panpina zuria zena... Baina panpinaren abentura hasi besterik ez da egin.
Zatia
Pantaleon elurrezko panpina bat da eta elurrezko panpinen paradisuan bizi da, hau da, Iparburuan, elur eta izotz artean. Han, beste tokietako elurrezko panpinak ez bezala, ez da sekula urtzen, ez da sekula desagertzen. Baina, hain zuzen ere Iparburuan bizi delako, asper-asper eginda dago beti toki hotz eta zurian bizitzeaz.
–Ai, oi, ei! Basamortua oso urrun dago, tokitan dago esan dio Natasha hartzak.
Basamortuan eguzkiak bete-betean jotzen du –esan dio Paxkal pinguinoak.
–Eta urtu egingo zara –esan dio Goizalba neskatilak.
–E-e-erotuta zaude –esan dio Chuck mutikoak.
–Nola joango zara basamortura? Hori zinez ezinezkoa da –esan dio Benjamin fokak.
Pantaleonek berriro zerura jaso ditu bere botoi begiak, Aurora Borealaren aldera.
–Beste kolore batzuk ikusi nahi ditut, beroa zer den ezagutu. Nire ametsa da. Basamortura joango naiz, bai, eta kitulis
Eta lagunak esnatzerako, elurrezko panpina tokitan dago.
–Ai, oi, ei! Pantaleon desagertu egin da!
–esango du seguruenik Natasha hartzak.
–Basamortua oso-oso arriskutsua da
–esango du seguruenik Paxkal pinguinoak.
–Ez zen txantxetan ari!
–esango du seguruenik Goizalba neskatilak.
–A-a-a ze e-e-erokeria!
–esango du seguruenik Chuck mutikoak.
–Elurrezko panpina bat basamortuan…
Hori zinez ezinezkoa da –esango du seguruenik Benjamin fokak.
Hasieran ez du jakin non dagoen, baina laster oroitu du: petroliontzia, olatua, larrialdia… Eta laster ere, aurre egin behar izan die gero eta gertuago dituen zakurrei. Orduan, Iparburuan Chuck eta Natashak zakur amorratuekin nola jokatzen zuten oroiturik, lau hankatan jarri da.
Pantaleon beste zakur bat da orain, animalia amorratuen parean dagoena, eta zaunka egiten die, eta atzaparka. Eta orduantxe ikusi du bere besoa, beltz baino beltzagoa… Haserre bizian, oihu lazgarri bat atera zaio, garratza, ozena, eta zakurrek, beldurrak hilik, atzera egin dute, gero eta atzerago.
Pantaleon biderik bide doa, batzuetan pausu luzeka, beste batzuetan ttipi-ttapa. Halako batean bide bazterrean bizikleta abandonatu bat topaturik, zalantza egin du, hartu, ez hartu, zeren panpinak ez baitaki bizikletaz ibiltzen. Baina gero eta bero handiagoa egiten du, eta txilaba barnean urtzen sentitzen du gorputza. Azkar ibili beharra daukala pentsaturik, bizikleta gainean eseri da eta, aurrena balantzaka, eta hurrena estropezuka, azkenean ikasi egin du.
Bidea, ostera, mendi piko eta aldapatsu baten azpian amaitzen da. Handik oinez jarraitu beharra dauka. Ibilian-ibilian, Pantaleonek errekasto bat topatu du. Gelditu egin da: txilaba erantzi, eta freskatu egin da. Eta orduan konturatu da: asko izerditu da, asko urtu da, eta izugarri argaldu; baina, ustekabean, petrolioaren beltza ere desagertu egin zaio, joan egin zaio elur urtuarekin batera, eta berriro ere zuri agertzen da bere gorputzaren azal gehiena.
–Antizikloia! –atera zaio.
Denbora galdu gabe, tarrapatan-tarrapatan, Pantaleon eta Natasha azkenean basamortura heldu dira. Bibaka eta iufika eta zermilasorginka hasi dira orduan. Eta hare artean ibiltzean, basamortuko beroa ezagutu dute. Eta, begiak plater, basamortuko koloreak ezagutu dituzte hurrena, ilunabarrean, zerua diren eta ez diren kolore guztiekin apaindu denean: more, gorri, laranja, urdin…
Gauean hoztu egin du eta bi lagunak pozaren pozez aritu dira berriketan, eta a ze lo ederra, a ze lo potzoloa egin duten gero, hainbeste nekeren ostean.
Laponiarrak edo inuitak Iparburuan bezalatsu, beduindarrak basamortuko jendea dira. Eta beduindarrak lotara erretiratzen direnean, argiontzi bat piztu ohi dute duna baten gainean. Basamortua itsasoa balitz, han utzitako argiontzi hori faro bat izango litzateke. Eta argitasun horrek gidatu egiten ditu galdurik eta egarriturik dabiltzan bidaiariak.
Eta beduindarrenean, bi lagunak printze, preso eta poeta izan dira. Printze izan dira ongi etorri beroa egin dietelako, eta jatekoak eta edatekoak eta freskatzekoak eskaini dizkietelako. Eta preso sentitu dira hainbeste ohoreren artean. Eta poeta izan beharra egokitu zaie, zeren hitzik ederrenak hautatu behar izan baitituzte beren esker ona agertzeko: poeta eta kontalari, zeren beduindarrak haien historia guztia ezagutzeko irrikaz egon baitira.
Laponiarrak edo inuitak Iparburuan bezalatsu, beduindarrak basamortuko jendea dira. Eta beduindarrak lotara erretiratzen direnean, argiontzi bat piztu ohi dute duna baten gainean. Basamortua itsasoa balitz, han utzitako argiontzi hori faro bat izango litzateke. Eta argitasun horrek gidatu egiten ditu galdurik eta egarriturik dabiltzan bidaiariak.
Eta beduindarrenean, bi lagunak printze, preso eta poeta izan dira. Printze izan dira ongi etorri beroa egin dietelako, eta jatekoak eta edatekoak eta freskatzekoak eskaini dizkietelako. Eta preso sentitu dira hainbeste ohoreren artean. Eta poeta izan beharra egokitu zaie, zeren hitzik ederrenak hautatu behar izan baitituzte beren esker ona agertzeko: poeta eta kontalari, zeren beduindarrak haien historia guztia ezagutzeko irrikaz egon baitira.
Finalistak
- Haginak eta hilobiak, Landa,Mariasun (Erein)
- Gogoa lege López Gaseni, Manu (SM)
- Urrezko giltza, Zubizarreta, Patxi (Erein)
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Xabier Olarra Lizaso
Estilo ariketak (Raymond Queneau)
Igela
14.500 euro. Eskuz esku.
Epaimahaia:
Beatriz Zabalondo Loidi, epaimahiburua.
Karlos Zabala Oiartzabal, epaimahaikidea.
Oskar Arana Ibabe, epaimahaikidea.
M. Bakartxo Arrizabalaga Labrousse, epaimahaikidea.
Josu Barambones Zubiria, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Lan finalisten kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako erabaki hau hartu du: aurtengo itzulpenaren Euskadi sariaren irabazle Xabier Olarra Lizaso jauna izendatzea, Raymond Queneauren Estilo-ariketak lana euskaraz emateagatik.
Besteren artean, epaimahaiak honako arrazoi hauek ikusi ditu liburu hau saritzeko:
- "Queaneauren Estilo-ariketak liburu berezia da: eguneroko gertaera bat da, 99 aldaeratan emana, beste horrenbeste idazmoldetan. Estilo ariketok umorera eta hizkuntzarekin jolastera gonbidatzen gaituzte. Xabier Olarrak neurri-neurrian jakin du itzulpenak eskatzen zituen erregistro eta hizkuntza aldaerei heltzen, irakurleen gozamenerako.
- Sormenetik ere asko du, halabeharrez, batik bat atal batzuetan, eta maisuki berritu dizkigu, euskarak lozorroan dituen berezko hizkerak. Queaneauren liburu hau itzulezintasunaren adibidetzat jo izan da. Xabier Olarrak bikain aurre egin dio erronka honi eta garaile atera da."
Saritutako obrari buruz
Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo-ariketak. Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hemen aurkituko du irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua (epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera moldatua eta OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako baliabideez emana. Parodia hitza erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan. Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina jolas-literatura da hau batez ere. Hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi.
Ariketa hauen itzulgarritasuna eztabaidagai izan da aspaldidanik. Raymond Queneauk berak, ordea, ez zuen inolako zalantzarik horretaz: liburu hau omen zen berak sortutakoen artetik itzulia ikustea gogokoen zuena. Har dezala, beraz, gure omenaldi apal hau.
Raymond Queneau (Le Haver 1903 – Paris 1976).
Idazle, filologo eta matematikari frantsesa, umoristaren maskarapean, XX. mendearen erdialdean, bai hitz lauz eta bai hitz neurtuz egin izan diren literatur lanik bikainenetako batzuk sortu zituena. Encyclopédie de la Pléiade ospetsuaren zuzendari izan zen, eta OULIPO taldearen sortzaile eta kide funtsezko. Surrealismoaren bideetatik abiaturik, laster utzi zuen alde batera joera hori, eta umoreaz eta ironiaz baliatuz, eta hizkuntzari eta literaturari buruz egindako hausnarketen ondorioz, lan bikainak eman zituen poesian, narrazioan eta saiakeraren arloan.Aipagarria da haren lanetatik euskaraz argia ikusi duen bakarra, Zazie metroan eleberria. Hori da haren obretatik ezagunena, film arrakastatsu ere bihurtu zelako, besteak beste. Estilo-ariketak da, ordea, han eta hemen harrerarik gartsuena izan duena, zalantzarik gabe, eta literaturari buruz Queneauk zuen jarreraren aldetik adierazgarriena.
Xabier Olarra Lizaso (Tolosa, 1953)
Tolosan (Gipuzkoa) jaioa da Xabier Olarra, 1953an. Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Hizkuntza Erromanikoetan, hain justu) eta, euskarako eta euskal literaturako irakaslea izana da hainbat urtez, 1988az geroztik Nafarroako Gobernuko itzultzaile bada ere. Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak batez ere; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.
1983an itzuli zuen bere lehen lana, eta harez geroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks), Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain), Azken hitzordua (Sandor Márai), Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce), Kameleoientzako musika, Odol hotzean eta Eskuz landutako hilkutxak (Truman Capote), Historiarik goibelena (Madox Ford Ford). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, RobertLouis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson...
Estilo ariketak (Raymond Queneau)
Eguneroko bizitzako gertaera bat, hutsal bezain harrigarria, modurik xumeenean kontatua, eta ia beste 100 bariazio, gai horixe bera dutenak. Hori besterik ez da Estilo-ariketak. Istorioa behin eta berriz kontatzen zaigu, idazkuntzan erabili ohi diren modu eta baliabideetako zenbait erabiliz. Hemen aurkituko du irakurleak kontakizun berbera hiru literatur genero nagusietan kontatua (epikoa, lirikoa, dramatikoa), zenbait figura erretorikoren arabera moldatua eta OULIPO taldeak testu-eraldaketarako proposatutako baliabideez emana. Parodia hitza erabili beharra dago liburu honen ezaugarriak azaltzerakoan. Esperimentalismoa ere erabili izan da. Baina jolas-literatura da hau batez ere. Hizkuntzak eta hizketak ematen dituzten aukerekin jostaketan dihardu idazleak, eta jolaserako gogoa jartzen digu besteoi.
Ariketa hauen itzulgarritasuna eztabaidagai izan da aspaldidanik. Raymond Queneauk berak, ordea, ez zuen inolako zalantzarik horretaz: liburu hau omen zen berak sortutakoen artetik itzulia ikustea gogokoen zuena. Har dezala, beraz, gure omenaldi apal hau.
Zatia
Zalantzak:
Ez dakit ondo non gertatu zen... eliza batean, zaborrontzi batean, hezurmendi batean? Autobus batean ote? Bazen han, zera... zer, ordea? Arrautzak, tapizak, errefauak? Eskeletoak? Bai, baina haragi eta guzti, artean ere, eta bizirik. Bai, hala zen, nik uste. Jendea autobusean. Baina bazen han bat (ala bi ziren?), zerbaitek nabarmenarazten zuena, baina ez dakit oso ondo zerk. Megalomaniak? Gizentasunak? Melankoliak? Hobeto esan... zehazkiago... ziurrenik ere gaztetasunak, apaingarritzat baitzuen zera... sudur luze bat? Kokots bat? Behatz lodi bat? Ez: lepo bat zen, eta kapela bat, bitxi-bitxi-bitxia. Kexatzen hasi zen, bai, hori da, beste bidaiari baten kontra, hori seguru (baina, gizon ala emakume? Ume ala zahar?). Eta bukatu zen, nola edo hala behintzat bukatuko zen sobra ere, ziurrenik bi aurkarietako batek ihesari emanda.
Ziur naiz pertsonaia hori bera aurkitu nuela gero, baina non? Eliza baten aurrean? Hezurmendi batean? Zaborrontzi baten aurrean? Lagun batekin zegoen, eta zerbait esaten ariko zitzaion, noski, baina zer? zer? zer?
Alde subjektiboa:
Ez nengoen kexatzeko nire janzkeraz gaurkoan. Kapela berri bat estreinatzen nuen, aski kokina, eta oso dotore irizten nion soingaineko bat. Xrekin topo egin dut Saint-Lazare geltokiaren aurrean, eta saiatu da, alajaina, nire atsegina lardaskatzen, frogatu nahi baitzidan nire soingainekoa irekiegia dela paparrean eta beste botoi bat erantsi beharko niokeela. Ez da, hala ere, ausartu nire buru-gainekoaz gaizki-esaka hastera.
Lehentxeago, ederrak entzunarazi dizkiot astakirten moduko bati, apropos ari baitzen ni zapaltzen, jendea jaitsieran edo igoeran pasatzen zen bakoitzean. Astobus zoldazu horietako batean gertatu da hori guztia, popoloz betetzen baitira, haietan ibiltzeko ohorea egiten diedan orduetan.
Hitz elkarketa:
Jendetzakidetasunki nindoan espazio-denbora lutezio-eguerditar batean auto-platabusformatuz kapela-ingurutxirikordatudun mukizu lepaluze baten aldamenean. Eta hark hala esan zion izengabe-nornahi bati: "Bultza-usteka ari zatzaizkit". Hori egotzirik, leku-hutsbateratu zen irrikaz. Denbora-espaziotasun geroagoko batean, han zebilen saintlazareplazeratzen asma-ezak-nor-zen batekin, eta hala ziotsan besteak: "Botoi-gehitu egin beharko huke soingainekoa". Eta kontua zergatiazaltzen zion
Onomatopeiak
Plataforman nindoala, pla pla pla, S (suge sasikoen miztoen ziztua) lineako autobus batean (burrun-barran, burrun-barran), eguerdian, tan-tan tan-tan, efebo irrigarri bat, tirulirula, buru-gaineko horietako batekin zihoana, pffff, jiratu zen (jira eta bira) bat-batean aldamenekoarengana haserre, erre-erre-erre, eta esan zion: Um, um: "Nahita ari zara bultzaka, jauna". Eta ttak. Hortaz, dapa, leku bat hutsik ikusi, eta han eseri zen ziztuan joanda, zanbla.
Handik pixka batera, egun berean, tan-tan tan-tan tan-tan, berriro ikusi nuen beste efebo batekin, tirulirula, tiruliruli, soingainekoaren botoiaz berbetan (brr, brr, brr, ez zuen bada halako berorik egiten).
Eta ttak.
Auskalo
Ez dakit zer nahi duten nigandik. Bai, Sa hartu dut eguerdi aldera. Jenderik ba al zen? Noski, ordu horretan... Feltrozko kapela zeraman gazte bat? Baliteke, bai. Ni ez naiz ibiltzen jendeari sudurzuloak miatzen. Niri bost. Lokarri txirikordatu moduko bat al zuen? Kapelaren inguruan? Ados naiz bitxikeria dela, baina niri ez zait hain harrigarria iruditzen. Galoi txirikordatua... Beste gizon batekin tirabira izan duela? Gertatzen dira halakoak ere.
Eta ordubete edo biren buruan ikusi ote dudan berriro? Zergatik ez? Bada bizitzan gauza harrigarriagorik. Esate baterako, gogoan dut aitak askotan kontatzen zidala...
Zakarra
Eguerdiya etzan oso jo zarra ese ortan iyotzia kontsegitu deuneako. Iyo naizpa, paatuet nee tokiya ta jo´ta ze ikusiko ta or ikusteet sujetoat lepua teleskopiyua bezelakua zuna eta lista mouko bat gaztagañekuan buelta guztin. Beidatu ein diyot, zeatik tankera artuiyout txoropituana eta jo´ta or astea aldamenekuai kargu artzen. Aizu, eiteyo, ezin al dezu pixkat beidatu, esateyo geo, badirudi, segitzeu near-muxinka bezela, propiyo ai zeala, esateyo erdi-totelka, denba guztin beatzak zanpatzen, eiteyo urrena. Ala, arro bee burubakin, eseitzea jun da.
Courde Rometik pasa naizpa berriro ta ze ikusiko ta lenoko ua bea, zeru-lurrak arrotzen istilun bean mouko sujeto batekin. Aizak, eiteziyon arek, beste botoibat, esate ziyon, jarri bearko iyoke, esan diyo geoxio, ire zamarrote orri, eta ala bukatu da kontuba
Ukimena
Autobusak leunak izaten dira, aski da izterren artean hartu eta bi eskuez laztantzea, burutik buztanerantz, motorretik plataformarantz. Baina plataforma horretan zaudenean, alde zakarrago eta lakarragorik ere atzemango duzu, karrozeria edo bermatzeko barra, esaterako, eta tarteka trinkoagoko eta malguagoko zerbait, ipurmasail bat izan ohi dena. Batzuetan bi izaten dira, eta orduan perpausa pluralean jarri behar da. Atzeman daiteke, halaber, hots ergelak ahoratzen dituen objektu tubular pilpiratsuren bat, edo, bestela, kiribil txirikordatuekiko tresna bat, errosarioa baino leunagoa, txarrantxa baino zetatsuagoa, soka baino belusatuagoa eta unama baino xumeagoa. Edo, gainerakoan, eskueran izango duzu giza ergelkeria ere, lingirdatsu eta likatsu samartua beroaren eraginez.
Gero ordu pare bat edo itxaronez gero, geltoki zakar batean, esku epela murgildu ahal izango duzu lekuz kanpo dagoen hezurrezko botoi baten freskotasun bikainean.
TELEGRAFIKOA
BUSA LEPO STOP GAZTE LEPALUZE KAPELA BOROBIL TXIRIKORDADUNAK KARGU HARTU BIDAIARI EZEZAGUN BATI AITZAKIA HUTSALEZ STOP ARAZOA ORPO-KONTAKTUZ BEHATZAK ZAPALTZEA APROPOS STOP GAZTEAK EZTABAIDA UTZI ETA LEKU LIBRE BAT HARTU STOP ORDUBIETAN PLACE ROMEN ENTZUN JANZKERA AHOLKUAK LAGUN STOP BOTOIA GORATU STOP SINADURA ARCTURUS
Zapo-latina
Yguçquius erat in erregione zenitarem et vero atmospherae handissima. Senatus et populus paristarra sudabant. Omnibus passabant completi. In uno ex aipatuis omnibusibus cein S denominationem portabat, cisonem quasi casteum, cum lepo multo elongato et cum capella a galone cirichordato ingurata vidi. Casteus iste insultavit vestem cisonem cein proximus erat: pietinas, inquit, hancas meas post deliberationem arimae tuae. Subituqui cadira libre erreparata, corricatus est lecu hartarantza.
Yguçsquius duas horduas in cerum habetat descenditutas. Sancti Lazari stationem cemendeferrorum passente aurream, casteum aipatum cum altero ejusdem originae qui arbiter doctoretasunarum erat et qui unum ex botonibus longarinae junioris gainean contseilum donabat vidi.
Finalistak
- "Hildakoen entziklopedia",Danilo Kis. Monika Etxebarria (Alberdania & Elkar)
- "Denak hasperenka" Gianni Celati. Pello Lizarralde (Igela)
- "Loroaren teorema" Denis Guedj. Jon Muñoz (Euskal Herriko Unibertsitatea)
- "Paradisuko almanaka",Gianni Celati. Fernando Rey (Igela)