Euskadi Literatura Sariak (2004)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
EUSKARAZKO LITERATURA
Jokin Muñoz
Bizia lo
Alberdania
Epaimahaia:
Ur Apalategi, presidente.
Ibon Egaña Etxeberria, vocal.
Miguel Angel Elkoroberezibar, vocal.
Estibalitz Ezkerra Vegas, vocal.
Aritz Gorrotxategi Mujika, vocal.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Hiru lan horien kalitateaz eta literatura-dimentsioaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako hau erabaki du:
2004. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko literatura modalitateari dagokiona, Jokin Muñozi ematea, Bizia lo izeneko liburua idazteagatik.
Literatura-lan horrek badu, epaimahaiaren iritziz nahikoa meritu esandako saria eskuratzeko berritzailea eta arraildurarik gabea deritzolako. Gaur egungo errealitateari heltzeko orduan, pertsonaien ulermenetik abiatuz eta moralismoari uko eginez, irakurlea hunkitzeko gaitasun aparta erakusten du. Bestalde, idazkera minimalista bezain aberats baten jabe izanki, iradokitze hutsez errealitatearen konplexutasuna berreraikitzea lortzen du. Ipuingintzaren moldeak maisutasunez darabiltza eta ipuin batuketa soila gaindituz batasun handiko obra ondu du autoreak.
Epaimahaiak uste du sariketaren izendapen prozedura berrikusi beharra dagoela etorkizunean Euskadi Sariaren zilegitasuna bermatzeko. Izan ere, finalista izateko baldintzak espreski onartu beharrak funtsik ez izateaz gain arazoak sortzen baititu.
Goian adierazitako guztiarekin bat gatozelarik honako agiri hau sinatu dugu, Donostian, 2004ko urriaren 1ean.
Jokin Muñoz (Castejón, 1963)
Jokin Muñoz Castejonen jaio zen, 1963an. Irakasle eta euskal filologiako ikasketak burutu ondoren, helduen euskalduntze alorrean lan egin izan du, eta bigarren hezkuntzako irakasle da gaur egun.
Euskadi saria jaso duen "Bizia lo" bere laugarren argitalpena da. Lehendabizikoa beste narrazio bilduma bat izan zen: "Hausturak" (1995, Alberdania). Bi urte geroago argitaratu zuen bere lehendabiziko eta oraingoz nobela bakarra: "Joan zaretenean" (1997, Alberdania). "Atlantidara biajia" (2000, Alberdania) izan zen Jokin Muñozen hirugarren lana, Nafarroa erdi aldean oinez ibilaldi bat egin ondoren sortu eta ironiaz betetako bidaia liburua.
Bizia lo
Abel gaztea, izengoitiz Larrepetit, eta Joxe ijitoa bi iheslari dira. Kalabozo ataritik ihes egin berri dute eta bidean doaz, joanean, nora oso ondo jakin gabe. Ez dute elkar ezagutzen eta ez dute elkar ezagutzeko hitz gehiegi egingo. Ez dira hitz askoko gizonak. Ihesaldian zapalduko duten belarrak, gurutzatuko dituzten arbolek, igoko dituzten muinoek eta topatuko dituzten errekek askoz ere gehiago hitz egingo dute beraiek baino. Eta irakurlea ere naturaren soinuei adi jartzea lortzen du Lizarraldek, soinu horiek zerbait gertatzera doala iragarri behar balute bezala.
Iheslariak ihesean doazen bitartean, batetik bestera bidaian dabil Lainez. Biajantea ofizioz ofizialki, hain ageriko ez diren beste zenbait lan egitetik bizi den arren.
Ez dira eleberriko pertsonaia bakarrak. Askok egiten dute sartu-irtena hiru pertsonaien joan-etorrian zehar. Hiru ibiltariak dabiltzan bitartean, gainontzekoak beren herritan, beren etxetan, beren dendetan daude. Pertsonaiak direnik ere jakin gabe.
Irakurleak badaki uneren batean bi iheslariek eta biajanteak topo egingo dutela. Irakurleak badaki hirurek topo egiten duten unean zerbait gerta litekeela.
Eta hirurek topo egiten dute. Eta hasieratik iragarrita dagoen bezala zerbait gertatuko da.
Zatiak
"Berandu, berandu erosi hion mekanoa!", pentsatu du orain aitak, "beranduegi". Semea orain umeago iruditzen zaio lanpara txikiaren argitan. Mantak begietaraino jasoak ditu eta, eztul egiten duenean, maindirea estutzen du ahoaren gainean. Ez du aita asaldatu nahi, agidanez. Hor ikusten du lausoaren atzean, piezatxoak bere eskutzarretan ibiltzen. Piezak hartu eta jartzen ditu poliki-poliki, bakoitza bere tokian. Baina serio dago aita. Pentsakor. Eta badaki beragatik dela. Nekatuta dago aita. Eta logurak. Bera bezala. (Mekanoa-tik)
Orain negarrez ari da, ordea. Nahigabe larriak ez dio uzten gordean, isilean negar egiten. Zotinek salatzen dute. Ezagutzen du emaztea. Garrasika egongo litzateke, negar-malkotan, baina ez du semea aztoratu nahi. Barre eta negar errazekoa izan da beti emaztea. Barre eta negar aho betean egiten duten horietakoa. Baina bietan motz. Koinatua, barre algaretan bakarrik oparo. Sekula ez ditu oso gustuko izan beti-kontentu horiek. Ez dira fidatzekoak. Ondo bizitzen ohituak daude, eta apenas dakite sufrimenduaren berri. "Zer uste zian, ba, gerra txantxa hutsa zela?". Harentzat bizitza jolasa izan zen bere etxera beldurrak azaldu zen arte. (Mekanoa-tik).
"Mekanoa beti bere kontua izan da", pentsatu du. Aspaldi honetan arratsaldero aritzen da bere ondoan piezak jartzen eta kentzen. Orain Pasaiako garabia, orain suhiltzaile-kamioia. Lehen, berriz, sano zegoenean, ez zion uzten afaldu ondotik jostailuekin aritzen, asteburuan ez bazen. Eskolako lanak eginarazten zizkion. Batzuetan ama azaltzen zen logelan, esne katilu bat eskuan, eta "ez ezazu hainbeste ikasi, begiak erreko dituzu-eta!" esaten zion. "Ama gozoagoa da, bai", pentsatu du mutikoak. "Baina amak ez daki mekanoa montatzen. Amak ez du inoiz mekanoa ukitu ere egin".(Mekanoa-tik)
Telefonoa. Halaxe iruditu zaio, behinik behin, telefonoak jo duela. Jon institutuan zegoenean askotan gertatzen zen. Batzuetan telefonoa hartu eta "nor da?" galdetzearekin batera, komunikazioa eteten zen. "Gelako neskaren bat, seguru", esaten zion horrelakoetan senarrari, irribarretsu. Beste batzuetan, berriz, behin baino ez zuen jotzen, hots egiten zuenari deitu izana bat-batean damutuko balitzaio bezala, edota jotze hutsarekin konformatu. Nork daki. Azken honetan bezalaxe. Behin baino ez du jo-eta. (Isiluneak-etik)
Ez du egunkari hori banketxera eramaten, badaezpada ere. Ez da ondo ikusia. Lanera joan aurretik botatzen dio begiratu azkar bat, gauean mantsoago irakurtzeko. Iritzi artikuluak, gehienbat. Berriak, herri honetan, zahar gelditzen dira-eta ordu gutxi batzuk pasatzen direnean. Gaurkoa, kasurako. Harekin zegoen sukaldean, bai, albistea telebistatik eman dutenean, eta ez du aparteko komentariorik egin irudietan auto hori txiki-txiki eginda azaldu denean, kalearen erdi-erdian. (Isiluneak-etik)
Deseroso sentitzen da harekin batera gaurkoa bezalako albisteak telebistan ikusten dituenean. Isilune latz bat sortzen da halakoetan, bestearengandik "sikiera teniente-koronel bat izan balitz…" eta antzekoak entzun behar izaten ditu-eta. Ezin ditu eraman komentario horiek, nahiz batzuetan, zergatik ez aitortu, arrazoi duen. Berak, berriz, listua irentsi eta heldu egin dio isiluneari, garai bateko eztabaidak saihestu nahian-edo. (Isiluneak-etik)
Ezin ditu burutik kendu telebistako irudietan ikusitako manta horiek guztiak, auto hondar belztu haien inguruan barreiatuta. Manta horietako bat altxatu nahi luke, azpian zer dagoen ikusteko. "Eskuturreko berde bat eramaten du Jonek", gogoratu du, "eta gelako neska hark bere urtebetetze egunean oparitutako uztaitxo hura ezkerreko belarrian". Maixa zuen izena neskak. Halaxe esan zion Jonek berak. Garai batean den-dena kontatzen zion-eta. Betidanik hitz egin izan du gehiago bere semearekin Josebarekin baino. (Isiluneak- etik)
Anaiak tabako paketea bat atera du kazadoraren barruko poltsikotik. "Winston kontrabandokoa!", esan du Joxek bere kabutan. Aurreko batean kajetilla erakutsi zien. Estankoetan erosten denak baino etiketa politagoa dauka, inondik ere. Zigarroa ahora eraman, eta bere Zippoarekn zigarroa klik-klak piztu du, garra eskuekin babestu gabe, dotore-dotere. Bi lagunak jada erne jarri dira, Aitorrek zigarrokina nora botako. (Xantilli-tik)
Freedom marihuana duk, ostia! - esan dio. - Eta ez galdetu zer den. Handitan jakingo duzue.
Ez diote galdetu, noski. Jakin-mina irentsi behar izan dute handitan iraingarri horrekin batera. Gabik, marihuana dela eta, "a ze nolako izen xelebreak dituzten hire lagunek!" esan dionean, berriz, Aitor barrez lehertu da, eta beraiek irribarre memelo batekin lagundu diote. Haiei bai, uzten die anai txikiaz barre egiten. Auzoko bat baino gehiago, ordea, ederki astindu du anaiaren lepotik barre egiteagatik. (Xantilli-tik)
Zuek badakizue zer den salatari izatea?
-Kontakatilua? -galdetu dio Joxek.
-Bai.
-Horrela ibiltzen duk koneju irakasleekin! -esan du Manuk, gelako ergela hizpidera ekarriz.
-Eta zer egiten diozue konejuri norbait salatzen badu?
-Ja-ta astindu! Erantzun dute biek batera, barrezka. (Xantilli-tik)
Gabik muki-zapia sudurretik pasatu du, etsipenez.
-Tontoa nauk, Aitor.
-Zer diok?
-Hala esaten zidatek auzoko guztiek: tontoa.
-Nork?
-Guztiek -erantzun dio Gabik-. Beno, Joxek eta Manuk ez. (Xantilli-tik)
Oraindik gogoan duk argazki hura. Egin egunkarian presoei animuak emateko ia egunero ateratzen zituzten horietako bat zuan. Lagun koadrilla bat ageri zuan. Zorionak Ina zioten haietako bik erakusten zuten pankartak. Denak pozik zeudean, benetan pozik. Han inor ez zuan alai itxurak egiten ari. Hiruk-edo ukabila gora jasota zeukatean, hiri horren inozoa irudtzen zaian jarrera hartan -egia esateko, urteak dituk abertzaleen parafernalia hori guztia barregarri samarra iruditzen zaiala-, eta neska batek -Mariasunek- ume txiki bat, hilabete eskasekoa, besoetan zian. Umea kamerara begira jartzen saiatzen ari zuan, presoak -Inaziok- bere semea ondo ikus zezan. (Azterketa-tik)
"Gaur askatuko dute", pentsatu duzu, "baina berdin-berdin segi lezakebarruan , bere nebulosatik sekulan ez da-eta irtengo". Amak kontatu zizunez, mutikotako argazkiak eskatu zizkionean hasi zen mundutik apartatzen. Ina futbol taldearekin, Ina auzoko plazan puxtarritan, Ina Manuren urtebetetze egunean, Ina Demirekin elurretan…(Azterketa- tik)
ZENGOZKIGUTÓN. Hala esaten diatela jakin izan duk duela gutxi. Zegozkigutón. Irakasle batek kontatu zian, Garan noiz edo noiz kolaborazioak idazten dituen play-boy neo-hippy horrek, hain zuzen. Min egin nahian, seguru asko. "Asanblada, entzerrona, manifa, sentada edo kazerolada horietako batean enteratuko zuan", pentsatu duk, "beti ikasleekin ibiltzen duk-eta, auskalo zein ipurdiren atzetik". (Azterketa-tik)
"Gauzak konplikatu egin dituk", errepikatu zion Jonek Mikeli behin leize-zuloaren ilunean babestutakoan. Idoia lurrean eserita zegoen, burua belaunen artean jarririk. Lenin lepo atzea usna eta usna aritu zitzaion, neskak ukondoarekin muturrean eman zion arte. "Umeen atzean babestu duk sasikumea", segitu zuen Jonek, "eta eskapo egiten ziguan. Tiro eta tiro egin zioagu, behingoan akabatzeko, baina bizirik irauten zian kabroiak. Umeak ostiaka baztertu behar izan ditiagu, Idoiak buruan tiro egingo bazion". (Elurraren isila-tik)
Mikelek alde egin zuenetik bazekien neska noizbait lo-zakuan sartuko zitzaiola. Gordeleku hartatik atera eta hilabete eman zuten batera eta bestera, gaur hemen bihar han, aginduak noiz jasoko. Neska askoz lasaiago zegoen.(Elurraren isila-tik)
Aldi berean irakurri dute papera. Ubernako hoteleko jabea hiltzeko agindua dago lehenengo lerroan. Lehenbailehen. Bigarren lerroan biek espero zutena irakurri dute: Jonek beste aldera pasatu behar du. Isildu behar dute, alegia. Jon orduan ekintza horren nondik norakoez pentsatzen hasi da. Bi-hiru egun barru Ubernan inauteriak ospatuko direla, esaterako, eta, elurtea dela medio, lehenbaitlehen hori ezin beteko dutela.(Elurraren isila-tik)
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Eduardo Gil Bera
Historia de la malas ideas
Destino
Epaimahaia:
Antonio J. Altarriba Ordoñez, epaimahaiburu.
Juan Manuel Díaz de Guereñu Ruiz de Azúa, epaimahaikide.
Iñaki Esteban Azurmendi, epaimahaikide.
M. Luisa Etxenike Urbistondo, epaimahaikide.
Juan José Lanz Rivera, epaimahaikide.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Distinguir con el Premio literario "Euskadi", modalidad de literatura en castellano, en su edición 2004, a Eduardo Gil Bera, por su libro Historia de la malas ideas.
Historia de la malas ideas es un ensayo original sobre el miedo como elemento invariable e imprescindible de la condición humana y sobre cómo la venganza y el odio justifican los conceptos de justicia, paternidad, etc. sobre los que se sustentan los fundamentos del Estado moderno.
Frente a la lectura optimista de la Ilustración y sus consecuencias, Historia de las malas ideas presenta una argumentación negativa de los ideales ilustrados desde una investigación histórica que combina la erudición original, presentada de un modo amable e iluminador, con una serie de elementos lingüísticos y antropológicos.
Eduardo Gil Bera (Tudela, 1957)
Saiakera bati esker jaso du Euskadi saria, eta saiakera bat baino gehiago argitaratutakoa da, euskaraz eta gaztelaniaz. Baina saiakera adina jorratzen du poesia. Baita nobela eta itzulpenak ere.
Euskadi saria ez da bere lehenengo saria. Lan saritu asko ditu bere obren artean. 1988an jaso zuen Xalbador saria beste saiakera batengatik: "Atea bere erroetan bezala" (Pamiela). Hurrengo urtean Pedro Axular saria eman zioten "O tempora! O mores!"(Kontzientzia eta moralari buruzko gogoeta zenbait) (1989, Pamiela) lanagatik. Irun hiria poesia lan batekin irabazi zuen urte berean: "Hortus Botanikus" poema bildumarekin. 1990ean berriro ere Xalbador saria, "Fisikaz honatago" ensaio liburuarekin. Urte berean argitaratu zuen gazteenekin pentsatuta idatzitako bere lan bakarra: "Patziku parranda" (Pamiela). 1990ean Azkue saria, "Strasburgoko ordularia" poema bildumagatik. 1991an itzuli zuen Jon Miranderen "La ahijada", azterketa sakon batekin batera. "L'allegria de Ungaretti" itzultzeagatik eskuratu zuen 1992an Orixe itzulpengintza saria: "Poza" (Erein). 1993an argitaratu zituen "A este lado" saiakera, Saikera sari nazionalerako finalista geratu zena, eta Montaigneren "Essais" (Klasikoak). 1994ean Miguel de Unamuno saria eman zioten "El carro de heno" saiakeragatik. 1995ean Alemaniako poesia expresionista itzuli zuen: "Ezabatuak" (Pamiela). Urte berean jaso zuen "Imajina ezazu Euskadi" poesia saria. 1996an "Sobre la marcha" nobela argitaratu zuen eta "Obra vasca" de Julio Caro Barojaren hitzaurrea ere bai Lur argitaletxearekin. 1998koa da "Os quiero a todos (Pre-textos)" nobela. 1999koa "Paisaje con fisuras: sobre litetraturas antiguas, tratos y contratos humanos" saikera, eta 2000koa "Todo pasa" (Siglo XXI) nobela. 2001an "Baroja o el miedo" (Península) argitaratu zuen, eta 2001ean Hölderlinen poemen itzulpenak: "Poemak eta Hyperion" (Erein). 2002an Alfonso X saria eman zioten "Torralba" nobela historikoagatik. 2002koa da bere hurrengo saiakera: "Los días de en medio" (Destino).
Gizakia sortu zenetik gaur egun arte benetan nolakoa den aztertzeko saiakera egin du lan honetan Eduardo Gil Berak.
Abiapuntua beldurrean kokatzen du. Gizakiak beldurra ezagutu zuenean bihurtu zen gizaki, eta beldurrak egiten du gizakia gainontzeko bizidunengandik desberdin. Beldurrak mugitu du gizakia beste batzuekin elkartzera. Besteenganako gorrotoak eta haserreak bultzatu du edozein aurrerapauso egitera eta mendeku-gosea da gizartearen funtsezko oinarri.
Bere lan ildoak garatzeko hilik dauden hizkuntzen aztarnak arakatuko ditu egileak, eta horietan oinarrituko da aldarrikatzeko erlijioaren sorrerak ere izu-ikara zuela muin nagusi. Bide horretatik jarraituz aztertuko ditu erlijio desberdinak, aitak historian zehar izan duen garrantzia, poeten benetako zeregina edo gaur egungo komunikabideen eragina.
Beti ere, gizarteak biziraun badu "ideia txarrei" esker biziraun duela argudiatuz.
Zatiak
Describir la condición humana es más difícil que dictarle leyes. Y también mucho más interesante. Aunque éste debe ser un parecer minoritario. Porque el principal empeño de casi todo el mundo ha consistido en proporcionar doctrinas y reformas. Hasta el punto de que la famosa aseveración de Marx: "Los filósofos se han limitado a interpretar el mundo de diferentes maneras; de lo que se trata es de transformarlo" es una de las más falsas de todos los tiempos.
"El día en que se irguió el hombre sobre la tierra, aún no tenía bastante miedo. Ignoraba la inquietud por lo venidero y la angustia que no calma la huida. Sólo cuando miró el miedo e inspiró en su rostro el aliento del temor. Y resultó el hombre un ser humano". El Génesis de una Biblia laica podría contar así el origen del hombre.
Ahora, si una tenacidad neurótica impulsa el mantenimiento de la verticalidad penosa y efímera, eso no quiere decir que la neurosis sea causa de la hominización, como tampoco lo es la prisa. Ambas son efectos secundarios de la floración del miedo; este sí, imprescindible motor y esencia de la humana condición.
Hace una glaciación, los neandertales fueron exterminados por los cromañones porque éstos eran mucho más gregarios y crueles, ventajas irrebatibles que no admiten comparación con anécdotas como la robustez o la inteligencia.
Ya en la idea, vieja como la humanidad, de que el hombre ha de temer al hombre por encima de todas las cosas, yacen, en germen, todas las nociones que parecen sus contrarias, como el progreso, la ilustración o la tolerancia.
En todas las lenguas procedentes del tronco indoeuropeo, desde la India hasta Irlanda, se encuentran formaciones que corresponden a las documentadas en las de más antigua tradición escrita, como el griego micénico y el sánscrito (aixdomai-tyajati) con innumerables radicales emparentados, que prueban la noción de terror religioso y su expresión, muchísimo antes de la época histórica. El Terror es el verdadero y único dios, ahí comienza la religión.
Desde que triunfa la Razón, los poetas piden cuentas endecasílabas al Todopoderoso disminuido y lo declaran cesante. La exigencia, es decir, el derecho inalienable a que Dios sea bueno, o de lo contrario, sea abolido, es el gran avance de la Ilustración.
La religión con más éxito de crítica y público en el último par de milenios argumenta un dios que se siente vejado por los hombres, seres de su hechura, y decreta, en desagravio, que ejecuten a su hijo. Los adoradores de la divinidad esquizofrénica multiplican la escena del sacrificio expiatorio en la figura patibularia más ubicua y famosa del mundo. Como es natural, esa religión dominó en los países de la lógica y la civilización.
La paternidad es religión muy antigua -si no es la que más- y una de sus disciplinas decanas es la que trata de la ira. Porque, si ha de haber rebaño, se hace necesario legislar esa pulsión salutífera y enajenante que toda la literatura docente, desde los himnos sumerios a los libros sapienciales bíblicos, desaprueba en el hombre y reserva a los dioses. Se establece así un principio civilizador elemental.
Para reducir y conjurar el mundo, se pasó de imaginar sucesos a inventar razonamientos. La eficacia es infinitamente superior; el hombre es lo bastante neurótico como para ser mucho más aguerrido, feroz y dócil cuando lucha por una abstracción. Gracias a ese avance se han logrado, en los dos últimos milenios, las mejores y más piadosas masacres de todos los tiempos.
La sociedad se basa en la venganza. Dondequiera y siempre, naciones, pueblos, tribus, imperios, religiones, culturas o clases se definen por el establecimiento de un espacio-tiempo donde aquélla, la innombrable, s regula y garantiza. Cada ámbito comunitario facilita e impone a sus socios los plazos, tasaciones y eufemismos para la venganza. De ese modo, nacen, pululan y caducan las voces más famosos: justicia, derechos, castigo, paraíso, dios trascendencia, revolución, fe, amor, arte, inmortalidad… Y todas significan lo mismo.
En cada quien habita un acreedor elocuente que aguarda la hora de denunciar la deuda que el gran todo ha contraído con él.
Eso también ha ocasionado que el codicioso insaciable de esa situación, el que desea ostentarse siempre en ese trance, sea el poeta. Se dice que éste suele hablar del paso del tiempo, cuando, en efecto, habla de la deuda creciente que con él tiene la existencia, del perjuicio singularísimo que le hace el devenir.
Serán incontables los desquites de todo color que han modelado la humana condición. Entre ellos, incluyendo no sólo los llevados a cabo, sino también los malogrados y hasta los secretos que aún no han llegado a su destino, habrá de todo. En cualquier caso, no será el más insgnificante aquel que produjo la figura que conocemos como "padre". Su historia es larga.
En vasco, belaun es rodilla y -cómo no- generación y grado de parentesco. Cuando J. Caro Baroja lo leyó en un tratado de heráldica y el diccionario de Azkue, se aplicó a la solución del enigma y dedujo, en su ensayo Linajes y bandos de 1956, que belaun expresa "una idea de juntura, inserción" y que locuciones como "venir de la rodilla" se deben al conocimiento por quien las usa de la voz vasca; dicho en otros términos, deben ser un calco, es decir, una imitación castellana de la originalidad vascónica.
Bravísimo; así serían convictos de vasquizar con alevosía o ignorancia los antiguos germanos, romanos, griegos, anglosajones, así como los franceses, italianos y aragoneses del medievo, además de los notarios incontables de toda Europa que emborronaron escrituras en bajo latín y, antes que ellos, los redactores bíblicos hebreos, los mesopotámicos y tantos otros. Y la lengua vasca sería la primera y original de este bajo mundo, coomo era de temer y válganos san Sabino.
Si ser padre está tan artificiado en los alambiques de la condición humana que, visto lo visto, es más y menos que un instinto, ser madre no es menos convencional. La mejor prueba de la existencia de una preceptiva es el estilo cesarino. Esa forma de hablar de sí en tercera persona para arrogarse una posición elevada no la inventó Julio César.
Amores y buenas intenciones no precisan de asambleas y legislaciones. Así, cuando los hombres se reúnen, debaten y dialogan para perfilar normativas, conductas y guías morales, todo ello no tiene otro fin que poder practicar el odio con alguna garantía de no despoblar drásticamente el planeta, masacrarse con cierto orden y no exterminarse a sí mismo.
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
J.M.Olaizola
Osaba Bin Floren
Elkarlanean
Epaimahaia:
Maite González Esnal, epaimahaiburua.
Joseba Aurkenerena Barandiaran, epaimahaikidea.
Marina Etxegoien Uribeetxeberria, epaimahaikidea.
Iñaki Friera Urbistondo, epaimahaikidea.
Julen Gabiria Lara, epaimahaikidea.
Epaimahaiak ikusitako merituak
2004. urteko Euskadi literatura saria, euskarazko haur eta gazte literatura modalitateari dagokiona, J. M. Olaizola Txilikuri ematea, Osaba Bin Floren izeneko liburua idazteagatik.
Literatura-lan horrek badu, epaimahaiaren iritziz nahikoa meritu esandako saria eskuratzeko. Horien artean honako hauek lirateke azpimarragarrien: Tradiziozko mundu bi uztartzen jakin du egileak, irakurlea euskal baserritik Bagdadeko "1000 gau eta bat gehiago" kontakizunen mundura eramanez. Mundu tradizional biak elkartzean, ipuinari ipuina lotu dio, aspaldiko ipuin-kontalariek egiten zuten bezala, irakurleari irakurtzeko gogoa pizteaz gain, ipuinak entzutekoa ere ekarriz.
J.M.Olaizola (Zarautz, 1951)
Jesus Mari Olaizola Lazkano, goitizenez "Txiliku", Zarautzen jaio zen 1951. urtean. Formazioz ingeniari teknikoa eta irakaslea den arren, inoiz ez du lanik egin ingeniari bezala. Bai, ordea, irakaskuntzan, dozena bat urtez. Elkar argitaletxean lan egiten du aspaldi honetan, eskolarako liburuak prestatzen, zientzia arlokoak, batipat.
Haur eta gazteentzako literatur lanengatik da ezaguna, baina badu helduentzako ipuin eta narrazio bilduma pare bat ere: "Hontzaren orduak" (Elkar, 1999) eta "101 gau" (Elkar, 2000).
Bere lanak idatzi egiten baditu ere, ahozko literaturaren mireslea da, eta oso gogoko du igarkuzinak, jolaserako erretolikak, ahokorapiloak, kantu eta esaera zaharrak bilatu eta biltzea.
Haur eta gazteentzako lehendabiziko lana 1982an argitaratu zuen: "Zozoa eta biok" (Elkar). Harrezkero, argitaletxe berean, ondorengo hauek kaleratu ditu: "Kaltxaberde, Tturku eta Gotzon" (1984), "Papartxuri eta Biboteluxe" (1985), "Muxi eta Puxi" (1987), "Mutiko Ausarta eta Neska Panpoxa"(1989), "2061: antzinako kronikak" (1990), "Ausarta eta Panpoxa tartaloen basoan"(1991), "Katixa eta Kroko" (1992), "Indianoa"(1993), "Agure jakagorria" (1995), "Etxerako bidea" (1995), "Hiru lagun" (1995), "Albahaka lurrina" (1996), "Katixa, Kroko eta Kokoroko" (1997), "Axa mixa zilarra" (2000), "Kikik koko nahi du" (2000), "Arreba txiki bat dut, eta zer?" (2002) eta "Horazio eta jaguarra"(2002).
Bereak dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zarauzko udalaren laguntzaz argitaratutako "Zazpi gelako hodeietako etxea"(1987) (Lizardi saria, 1986) eta Errenteriako udalaren laguntzaz argitaratutako "Lau titiriti, bi tatarata" (1995) (Koldo Mitxelena saria, 1994) lanak ere.
Euskadi saria jaso duen "Osaba Bin Floren" lana, atalez atal argitaratzen hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n lehenengo eta, hura itxi zutenean, Berria-n eman zion jarraipena, haur eta gazteentzako gehigarrian. Behin atalka argitaratu ondoren ikusi du argia saria jaso duen liburu formatoan.
Osaba Bin Floren
Osaba Florentinok eskilaretatik erori eta sekulako kolpe hartuko du buruan. Sendagileak turbante baten moduko benda handi bat jarriko dio buruan, eta handik aurrera osaba Bin Floren deitzeko eskatzen die bere inguruan biltzen diren hiru neska-mutilei:Tomaxito, Iñazio eta Maiteri.
Hirurak bihurtuko dira osaba Bin Florenek egunez egun zatika kontatzen dien historia harrigarriaren entzule. Izan ere, turbantearekin osaba Bin Floren, Bagdadeko ipuin-kontalari baten paperean sartuko da. Eta kontatuko die nola bazen behin kalifa bat, gauez lo egiteko arazoak zituena, eta gau haietako batean, mozorrotuta, Bagdadeko kaleetara irten zena. Kalifak ipuin-kontalari baten etxea topatuko du kasualitatez, eta han ezagutuko ditu istorioak entzutera inguratutako bi gizon, eta berea kontatzera joandako gaztea. Gazte honek, kutxa bat darama bizkarrean, eta kutxaren jabea topatu nahi du, kutxak zoritxarra besterik ez diolako ekarri. Eta bere zoritxarren berri izan ondoren, kalifak, bi gizon entzuleei emango dio kutxaren jabea aurkitzeko ardura. Berebiziko abenturatan sartuko dira bi gizonak kutxaren bila abiatutakoan, eta haien bidez ezagutuko dugu Kasim, kutxaren benetako jabea, eta nola iritsi zen kutxaren jabe izatera, eta kutxarekin batera dena galtzera.
Turbantea buruan duen bitartean osaba Bin Florenek eutsiko dio elkarrekin kateatutako hamaika abentura kontatzeko gaitasunari. Baina zer gertatuko da osaba Bin Floren sendatzen den egunean?
Zatiak
-Osaba Florentino? Niri ez deitu horrela gehiago, horregatik! Ni ez naiz osaba Florentino, ni osaba Bin Floren naiz, Bagdadeko Abu Nuas ipuin-kontalari ospetsuaren adiskide kuttuna.
Ama Teresa oso kezkatuta dago osaba Florentinorekin.
-Eskaileretan erori zenetik burua arindu egiin zaio gaixoari- esan dio bere senarrari eguerdian etxera etorri denean-. Ez dakit zer egin. Bendak buruan ikusi dituenean Bagdadeko ipuin-kontalaria edo horrelako zerbait dela sinetsi du, eta hor dabil bazterrak endredatu beharrean.
"Bazen behin batean -hasi da kontatzen osaba-, kalifa ahaltsu bat Bagdad izena duen urrutiko hiri handi batean, eta Harun ar-Rashid deitzen zioten kalifa horri".
Kalifak ez zuen inoiz hain poesia ederrik entzun, ezta halako musikarik gozatu, eta konturatu zenerako gauaren erdia joana zen hegan. Lehen mendea bezain luzea egiten zitzaion gau luze haietako baten erdia tximista baino azkarrago joan zitzaion oraingoan.
-Kontakizunen garaia iritsi da- esan zuen Abu Nuasek olerki eta abestiekin amaitu zuenean.
-Lurmutur ingurutik igarotzen diren ontziek behar-beharrezkoa dute itsasargia. Kalifari eskatuko diot horretarako dirua, eta ez dit ukatuko. Nire hitza kalifaren hurrengoa da. Izango duzue sua mantentzeko dirua, eta halaxe izango dela sinets dezazuen, oraintxe bertan emango diot sei hilabeteko saria suaz arduratuko denari: 200 dinar.
-Salbatu? Nik zu salbatu, gero zuk ni salatzeko? Kutxa nirea da! Nik zu salbatu? Gero zu nire kutxaz jabetzeko?
Aitak amorru handiz errepikatzen zituen hitz horiek, eta indar handiz heltzen zion kutxari. Kutxaz jabetu ondoren, gero eta urrutirago ikusi nahi zuen oholtza eta oholtza gaineko gizona.
Egun batez, itsasoko labarretara joan zen ilunabarrean "lapurra, lapurra" oihu eginez. Labarretako bidexkan behera jaitsi zen zalaparta batean. Gero, hondartzara iritsitakoan, itsasoan barneratu zen, olatu artean. Itsaso barrura abiatu zen, zerbait lapurtu zion norbaiten atzetik balebil bezala.
Ez nuen gehiago ikusi.
-Kutxa bizkarrean hartu eta herriz herri joango naiz. Nire historia kontatuko dut herri guztietan, ezagutuko dut nor den itsasoak eramandako gizon haren oinordekoa, emango diot kutxa, eta berriz ere aske izango naiz, neu izango naiz berriro ere.
Maite, Iñazio eta Tomaxito erabat hunkituta geratu dira osaba Florentinok kontatutako historia lazgarriarekin, zeharo penatuta gizon kutxadunaren zoritxarrarekin eta goitik behera harrituta osabak ezagutzen eta esaten dituen gauza haiekin guztiekin.
-Ez dakit, bada, osabari ez ote zaion burua arintzen hasi -esan dio isilean ama Teresak sendagileari-, ipuin arraroak kontatzen hasi da azkenaldian, eta…
-Ipuinak?-esan du on Ebaristok ozenki- , horixe erremediorik onena! Ipuinak kontatzeak on egingo dio. Burua argi edukitzen lagunduko dio, eta hori oso ona da horrelako kolpeak sendatzeko. Ea, zuek, umeok, etorriko al zarrete egunero osabaren ipuinak entzutera?
Harun ar-Rashid bi gizon haiek tentatzen aritu zen kalifaren jauregirantz bideratzen zituen bitartean.
-Gustatu al zaizue Abu Nuasek kalifari eign dion poema?- galdetu zien.
-Alak gorde dezala gure kalifa- esan zuen Abdala ilezuriak-, baina badu arrazoi pittin bat Abu Nuas maltzurrak esaten duenean kalifa gorra dela, hainbat aldiz joan bainatzaio bere jauregira niri egindako bidegabekerien berri ematera, eta inoiz ez dut izan nire kexuak harengana helarazteko aukerarik, eta hitz egiten uzten ez duena gorra bezalakoa da, edo okerrago…
-Kutxaren benetako jabea aurkitzea izango da zuen lana -esan zien kalifak-. Zuek zarete orain nire ezkutuko belarria eta nire begi ikerlea. Zoazte Bagdadera, edo zoazte nire lurraldeetako mugetara, edo mundu zabalera, baina ekar ezazue arazo honen berri, gazte kutxadunari lagundu egin nahi baitiot.
-Zuri bakarrik kontatuko dizut nire sekretua- esan dio Tomaxitok Petronila ahateari-. Ez dut nahi osaba Florentinok turbantea kentzea. Ia seguru nago kenduko balu Kasimen kontuak ahaztu egingo lituzkeela, eta nik jaki nahi dut nola amaitzen den historia hori.
Kapitainak laburtu zidan gertatutakoa.
-Zu joan eta berehala, marinel gehienak hasi ziren elkarren artean marmarrean, eta esaten zuten: "Badakigu altxorraren kutxa ez duela eraman. Bila dezagun hemen inguruan eta aberatsak izango gara". Eta ontziaren konponketak ahaztu, eta altxorraren bila pasatzen zituzten orduak eta orduak…" . Gero, elkarren artean haserretzen ziren: "Zuk badakizu non dagoen eta ez diguzu esan nahi, zeuretzat bakarrik nahi duzulako". Haserreek okerrera egin zuten, eta hamabost urteren barruan batzuk besteen esku hil dira, zenbait erotu eta desagertu, goseak eta eritasunak eraman ditu beste batzuk, eta azkenean gu laurok bakarrik geratu gara.
Kasimek denbora laburrean hirugarren aldiz kontatu behar izan zuen bere bizitza: Basorako moiletan lehenengo, kalifaren aurrean ondoren, eta gela ilun hartan hirugarren aldiz.
-Hau bai dela historia harrigarria- esan zuen Harun ar-Rashid kalifak-. Irakurtzen duen edonork izango du zer ikasi orratz baten muturrez sesamo hazi baten gainean idazten bada. Baina historia ezagutzen dugunez, nik epaia eman aurretik erantzun iezaiozue galdera honi: Bizi izan duzuen guztia bizi ondoren, zein da zuentzat altxorrik preziatuena?
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Anton Garikano
Bederatzietatik bederatzietara (Leo Perutz)
Alberdania eta Elkarlanean
Epaimahaia:
Karlos del Olmo Serna, epaimahaiburua.
Gotzon Egia Goienetxea, epaimahaikidea.
Mikel Hoyos Sein, epaimahaikidea.
Maite Imaz Leunda, epaimahaikidea.
Jasone Larrinaga Renteria, epaimahaikidea.
Epaimahaiak ikusitako merituak
Hiru lan horien kalitateaz luze-zabal hitz egin ondoren epaimahaiak honako hau erabaki du:
Leo Perutzen Zwischen neun und neun eleberriaz Anton Garikanok egindako Bederatzietatik bederatzietara itzulpenari ematea 2003an argitaratutako itzulpen onenaren saria.
Epaimahaiaren iritziz, Garikanok euskara sinesgarri eta apalean eman ditu gertakari, egoera eta pertsonai burugabe nahiz harrigarriak, ironia xehearen ñabardurak ongi jasota, eta hizkuntza baliabideak kontaerari ederki egokituta.
Anton Garikano (Tolosa, 1967)
Tolosan jaio zen 1967. urtean. Hizkuntzalaria da ikasketaz. Euskal filologia ikasten hasi zen Donostian baina bi urte egin ondoren, ikasketetako programan aztertu behar zituzten euskal klasiko gehienak irakurriak zituela jabetuta, kurtso zubia egin eta ingeles filologiaren hautua egitea erabaki zuen. Deustun ingeles filologia ikasten ari zen bitartean ekin zion alemanera ikasteari, eta urte beretsuetan hasi zen Deustuko Hizkuntza Eskola Ofizialean, ofizialki matrikulatu gabe, errusiera ikasten.
Ingeles irakasle da gaur egun lanbidez.
Berak aitortzen du autodidakta dela itzulpengintzan. Horregatik akaso itzuli izan ditu garai, genero, hizkuntza edo joera oso desberdinetako lanak.
Orain arte argitaratuta dauzkan itzulpenak ondorengo hauek dira: Erns Theodor Amadeus Hoffman-en "Ipuin fantastikoak" (Ibaizabal, 1992), Fiodor Dostoievskiren "Jokalaria" (Ibaizabal, 1993), Virginia Woolfen "Farorantz" (Ibaizabal 1993), Franz Kafkaren "Prozesua" (Elkar, 1993), Johann Gottfried Herderen "Hizkuntzaren jatorriari buruzko tratatua" (Klasikoak SA, 1995), Adelbert von Chamissoren Peter Schlemihle-en "istorio miresgarria" (Ibaizabal, 1995) eta Katherine Mansfielden "Lorategiko festa eta beste kontakizun batzuk" (Ibaizabal, 1998) eta Alfred Döblinen "Berlin Alexanderplatz" (Ibaizabal, 2000).
Leo Perutzen "Bederatzietatik bederatzietara" itzultzeagatik Euskadi saria jaso duen honetan Toni Morrisonen "Beloved" lana itzultzen ari da Literatura Unibertsaleko bildumarako.
Bederatzietatik bederatzietara (Leo Perutz)
Stanislaus Demba unibertsitariak jakin du bere neskalaguna izandako Sonja bidaia egitear dagoela beste gizon batekin. Albiste honek itsututa azalduko da Sonjaren aurrera eta hitz eman araziko dio neskari -gaizki-ulertu bat tarteko- bidaia hori egiteko behar den dirua ilunabarrerako biltzen badu elkarrekin joango direla biak Veneziara.
Dirua eskuratzeko lehendabiziko saiakera ez zaio berak uste bezala irtengo Dembari. Izan ere, berea ez den liburu bat saltzeko ahaleginean, liburu zaharren erosleari susmagarri egingo zaio gaztea eta poliziari hots egingo dio. Hauek, esku-burdinak jarriko dizkiote atxilo hartzeko asmoz. Dembak ihes egingo du, ordea, esku-burdinak jantzi eta berehala. Eta hor hasiko da bere egun-beteko abentura. Dirua lortzeko hamaika era bururatuko zaizkio. Bada dirua zor dionik. Baina eskuak behar hartzeko. Lapurtu liteke dirua. Eskurik gabe, nekez. Jokatu egingo du, eta irabazi, baina… esku-burdinak kapapean ezkutatzea da bere lehentasuna. Eta horrela, ezin.
Antton Garikanok itzulpenaren hitzaurrean argitzen du Leo Perutzek atsegin duela irakurlea zalantzan eta zer pentsa jartzea. Eta zer ikasia ere eman nahi duela eleberri honekin: "Lehen Mundu Gerra bukatu eta berehala argitaratua, gorazarre egiten dio askatasunari. Izan ere, Leo Perutzek sokaz eta katez lotuta ikusten zuen gizadia, eta, agian, okerragoa dena, gerraren esperientzia latzetik ezertxo ere ikasi gabe".
Zatiak
-Ez diozu ezer antzeman?- xuxurlatu zuen Hofrat Klementik misteriotsuki-. Aztertzen egon naiz denbora guztian. Atera kontuak: umore aldaketa bizkor hori! Hasierako jan beharra, edozein janarirekiko nazka bihurturik bat-batean. Ero-bolada zakar hori, basakeria hori animalia gaixo batengana, lehentxoago maitasunez jaten eman ondoren. Jauna! Ez zara jabetzen?
-Ez duzu esan nahiko…? -galdetu zuen Truxa irakasleak.
-Haxixa! -egin zuen garrasi Hofrat jaunak-. Haxix-erretzailea, zer bestela?
Horrexek nabarmentzen zuen Stanislaus Demba: besteek ez bezala jokatzeak. Muzin egiten zien, emakumeak inpresionatu nahian dozenaka erabilitako metodo zaharkituei. Hark ez zuen galaia eman nahi, higuin zituen gizontasun merkeko keinu hutsalak. Hazi egin zen andereñoaren interesa Dembarengana.
-Nire ondoan eseri zen atzo arratsaldean Café Sistiana-n -esan zuen Neuhäusl jaunak, erlojuaren tapa itxi eta txalekoaren patrikan sartuz.- Egunkaria trankil irakurriko nuelakoan, baina bai zera. Bederatziak arte egon behar izan nuen bere maitasun-penak entzuten, eta bederatzietatik aurrera bere mendeku-planak. Oso interesantea izan zen- bukatu zuen Neuhäusl jaunak ironiaz.
-Gaua iritsi baino lehenago batuko dinat dirua- errepikatu zuen Dembak. Kirik egin zion erlojuari.- Hamar eta erdiak ditun eta! -hots egin zuen- Mila deabru! Denbora asko galdu dinat. Mugitu beharra zeukanat.
Orain joango dun, pentsatu zuen Sonjak. Behingoz alde egingo balu!
-Hitz emadan, bihar nirekin etorriko haizela- hertsatu zuen Dembak.
-Bai -egin zuen Sonjak hasperen-. Baldin eta…
-Zer berri? Ezer ez. Sonjak Veneziara joan nahi du Georg Weinerrekin.
-Georg Weiner? Nor da hori?
-Ergel bat. Tenis xale txatxu bat. Azkena eginarazi duen kapa berriaz besterik hitz egingo ez dizun bat.
-Ez dit dirua eman nahi izan! - egin zuen deiadar-. Sinatuz gero bakarrik! Behartu egin nahi ninduen bere tintazko arkatz krakatsua eskuan hartzera, bere liburu likatsuari heltzera eta nire izena jartzera zoko koipetsu batean. Bestela ezin zidala, noski, dirua eman. Neure dirua, aditzen didazu, Miksch? Neure dirua!
-Eta?
-Xantaiatarako nago ba ni - esan zuen Dembak.- Ez dut sinatu.
-Irudikatzen ari naiz nola sentitu beharko duzun eskuak lotuta.
-Nik zera esan nahi nuen: eskuak lotuta, alegia bankuaren intereserako nik…
-Ixo!- egin zuen Dembak garrasi-. Zergatik aipatzen dituzu gauzak, ez ezagutu, ez pentsatu eta ez sentitzen dituzunak. Esaten dituzun hitzak hilda iristen dira mundura, kiratsa darie, sarraski bat dirudite, zure ahotik irten bezain laister.
Aspaldi desegin nionan bibliotekako zigilua, ez intentzio gaiztoarekin, baizik lehengo jabearen ex librisa kentzen den bezala, gustatzen ez eta. Piltzar-biltzaile zaharrak, ordea, bibliotekako zigiluaren arrastoak ikusi zizkion, nonbait, bere luparekin. Hilabete batzuk lehenago liburua saldu nionean ere sumatu zidanan, agian. Laburbiduz, han jo diten atea, agurea irekitzera joan, eta hor etortzen zaidan bi gizonekin. Jartzen dun eta: "Hauxe duzue", ni seinalatuz, eta haietako batek bere eskua jartzen zidan sorbaldan eta "Legearen izenean…" hasten zaidan.
-Honelakoak izaten dituk esku-burdinak, beraz! -esan zuen Steffi Prokopek, emeki.
-Nolakoak uste huen ba?- galdetu zuen Dembak, berriz eskuak beroki azpian ezkutatuz berehala-. Altzairuzko bi uztai eta kate mehe bat. Esku-burdinak! Entzuten dudanean, beste zerbait imajinatzen dun. Gauza eskasa ditun. Hitza entzun, eta niri beti bururatzen zaidanan neguan leraz ibiltzea, edo bufoi baten arropa. Eta aldiz, eskuetan Abner jeneralaren legenarra edukitzea baino okerragoa dun.
-Gezurra esanda libratu naun. Laurogeita hamaseigarren gezurra, gaur goizaz gero- adierazi zuen Dembak.
Gogora etorri zitzaion gizon bat -edari alkoholdunen saileko agente bat-, behin harro-harro esan zuena: "Gaur bostehun koroa irabazi ditut, eskurik mugitu gabe!". Eskurik mugitu gabe!. Ahobero lotsagabea. Jakina, dirua eskuan hartuko zuen, poltsikotik diru-zorroa atera, billeteak tolestu eta poltsikoan sartu. Gero erreziboa izenpetuko zuen, eta bezeroari bostekoa eman. Eta horri guztiari zer esango eta "eskurik mugitu gabe".
-Ez zegok ezer ulertu beharrik -argitu zion Hübelek, gogotsu- . Domino arrunta. Horretan badakik. Baina lau jokalarien gainean egiten duk apustu, zaldietan bezala. Jokatu beharrik ere ez daukak, nahikoa duk apustu egitea.
Demba erabaki ezinik zegoen.
-Suschitzky-k atzo ehun koroa irabazi zian, hatz bakar bat mugitu gabe- kontatu zion Hübelek.
Hatz bakar bat mugitu gabe! Hori izan zen seinalea.
"Joatea dik", esan zion bere buruari bidean zihoala, eta sorbaldak jaso zituen. "Nik ez diat lotuko. Gaur iluntzeko zortziak arte zeukak niri itxaron beharra. Gehiago ez. Fair play. Egin diat ahal nuena, baina ez diat ezer lortu. Kasualitate maltzurren antolaketa zorrotz bat eduki diat nire kontra, gertaera zitalen sare bat. Sonja libre zegok orain. Hala erabaki diagu, eta nik hitzari eutsiko zioat. Fair play.
-Jatekorik nahi?
-Gero! Gero! -toteldu zuen Dembak erabat nahasita , eta izututa begiratu zion Georg Weinerri-. Zatoz geroago! Ez dut sekula afaltzen bederatziak baino lehen.
Ezerezari begira geratu zen, estu eta larri pentsatuz premiazkoa zela altxagailu elektrikoren bat asmatzea, janaria zuzenean plateretik ahora eramateko, eskuak batere erabili gabe.
Eta orain, bere garaipena biribiltzeko, beregana etorri zen Sonja. Bihotza erdibiturik itzuli zen beragana, bera ez zelako Weiner koldarra bezala ihesi joan bizitza salbatzearren, aitzitik, bera Sonjagatik erotu eta prest jarri zen norbait hiltzeko.
"Arraioa! Malta-usaina! Nondik dator malta-usain izugarri hau? Eliz dorreko erlojua joka ari duk. Bederatziak! Goizekoak? Iluntzekoak? Non nago? Non nengoen? Zenbat denbora daramat hemen, dorreko erlojua aditzen? Hamabi ordu? Hamabi ordu?".