Euskadi Literatura Sariak (1997)
Euskarazko literatura
Gaztelaniazko literatura
Haur eta gazte literatura
Euskarazko literatura itzulpena
Zabalpen Saria
EUSKARAZKO LITERATURA
Aingeru Epaltza
Tigre Ehizan
Elkar
Aingeru Epaltza (Iruña, 1960)
Antzerkia, poesia eta erreportaia etnografikooa era landuagatik, narraziogintzaren alorra jorratu du gehienbat, bai helduen literaturan, bai haur eta gazteendakoan. Bere hiru eleberri bertze hainbertze sariren merezient izan dira: "Sasiak ere begiak baditik", "Iruñeko Udalaren Lehiaketa" idazle hasi berriendako, 1985ean; "Ur uherrak", "Xalbador" saria 1991n, eta Tigre ehizan, "Euskadi" saria 1997an. Horrez landa, "Ricardo Arregui" kazetaritza saria irabazi zuen 1990ean.
"Ur uherrak" bere nobela gaztelaniaz argitaratu da Agua turbia izenburuarekin (1995, Hiru, Hondarribia).
Tigre Ehizan
Hainbat egunez, "Tigrea", bertze solasik ez zen izan mutikoen etxeetan, Denetan elkar aditu balute bezala, lagun guztiek hartuko zuten "Tigreari" ez hurbiltzeko manua. Haurrak, bistan da, debekuaz ederki futitu ziren. Josef tankeburuak, eskuarekin saludatzen zituen "Tigrearen " dorrexkatik eta Martintxuk agurra itzultzen zion gehienetan, Horrek Kaieten kolera bizten zuen, Kaietek beti erraten zuelakoz botxeak ez zirela saludatu behar, begitartean bala bat sartu baizik.
Behin berriz, zein narratzaile indartsua eta trebea den erakusten dator Aingeru Epaltza eleberri labur honekin.
Abenturazko kontakizun errealistaren itxuraren pean, Hego Euskal Herriko ihesginak protagonista dituen drama ia-ia metafisiko baten aurrean jarriko gaitu.
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Pedro Ugarte
Los cuerpos de las nadadoras
Anagrama
Pedro Ugarte (Bilbao, 1963)
Abokatu-ekonomista izanik, hala ere, kazetaritzan oso bestelako bideak jorratu ditu eta zinema eta telebistarako gidoiak idatzi ditu. Bi poema-liburu hauen egilea da: "Incendios y amenazas" (1989) eta "El falso fugitivo" (1991), bai eta lau kontakizun-liburu hauena ere: "Los traficantes de palabras" (1990), "Noticia de tierras improbables" (1992), "Manual para extranjeros" (1993) eta "La isla de Komodo" (1996).
Los cuerpos de las nadadoras
Bizirik irauteko betebehar luzaezin horren aurrean larrituta, Jorge, "Los cuerpos de las nadadoras" nobelaren narratzailea, egilearen beste liburu batzuetan ere ibilia, laguntzen aritzen da familian, lagunartean, lanean eta harreman sentimentaletan, betiere lilura dibertigarriaz eta ezkutuko sufrimenduaz. Testu honetan bizi-ziklo bat zabaldu eta ixten da, eta iniziazio-nobela bat baino gehiago, hasitako ezerk amaiera onik ez duen hasiera eta amaiera nobela bat ematen du, azkeneko muturretaraino eramandako biografia guztietan gertatzen de bezalaxe.
Egitura original baten antzera, elkarren segidako fotograma arinetan, kapitulu bakoitzak narrazio autonomo bat itxuratzen du nobela baten (bizitza baten) beste narrazio handiago batean sartuta, enigma konponezin gisa sortua.
Protagonistaren bizitzan zehar elkarren segidan agertzen diren emakume horien gorputzek bakardade intimo eta babesgabearen bidea seinalatzen dute, bakardade hori, berak dioen bezalaxe, "litekeena izanik errazago ikusi ahal izatea etzalekuetan". "Los cuerpos de las nadadoras" nobela amaitzear dagoen mende honetako umorismo onenez gidatuta dago, eta bertan barrea behaketa adimentsuaren euskarri eskas horietako bat da, eta halabeharrez dibertigarria den ironiak atsegintasun malenkoniatsu eta garratza ezkutatzen du bere barnean.
EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA
Bernardo Atxaga
Xola eta Basurdeak
Erein
Bernardo Atxaga (Asteasu, 1951)
Bernardo Atxaga, Joseba Irazuren goitizena da. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean, eta hainbat lanbidetan aritu izan zen (euskarako irakasle, irratiko gidoigile, liburu saltzaile, ekonomista, eta abar), harik eta, laurogeiko hamarkadaren hasiera aldera, literaturari bete-betean heldu zion arte.
1972an argitaratu zituen bere lehenengo poema eta antzerki esperimentalak euskaraz, eta 1976an ikusi zuen argia bere estreinako eleberriak: Ziutateaz izenekoak, hain zuzen.
Haren ostetik etorri ziren, besteak beste, Etiopia (1978) poema liburua, Bi anai nobela laburra, eta haur eta gazte literaturan mugarri izan diren hainbat lan (Sugeak txoriari begiratzen dionean edo Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian, bi baino ez aipatzearren).
Literaturarekin konprometitutako idazlearen paradigma da Atxaga: idazlearen lana ez dela liburuan bertan agortzen jakinik, jendaurreko irakurraldiek (Henry Bengoa inventarium, Lezio berri bat ostrukari buruz) eta bere poema eta kantuak hainbat kantari eta talde arrakastatsuk abestu izanak (Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Itoiz, Jabier Muguruza...) kritikaren onespenaz gain, gero eta irakurle gehiagoren babesa eman diote.
Nekez uler daiteke euskal literatura garaikidea Atxaga gabe. Mundu fantastikotik euskal landatik adina duen Obaba lurraldearen asmazioak eman dio, bereziki, sona. 1988an Obabakoak argitaratu zuenetik (Montxo Armendarizek zinemara eraman ditu liburu honetako hainbat narrazio Obaba izenburupean), mirespena sortu eta arreta piztu du bere lan bakoitzarekin (Behi euskaldun baten memoriak, Gizona bere bakardadean, Zeru horiek, Groenlandiako lezioa, Soinujolearen semea), etxean nahiz atzerrian. Euskadi Sariaz gain, Espainiako Sari Nazionala, Kritikaren Saria eta Prix Millepages ere jasoak ditu.
Bere lana hogei hizkuntza baino gehiagora itzuli izanak euskal idazlerik ezagunena bihurtu du.
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
José Morales Belda
Gure garaiko heroia (Lermontov)
Idiazabal
José Morales Belda (Donostia, 1960)
Kazetaritzan lizentziatua da eta itzulpengintza du ogibide. Honen aurretik, Maxim Gorkiren "Ama" eleberria euskaratu du bilduma honetarako eta Aleksandr S. Pushkinen "Kapitainaren alaba" itzultzi du.
Gure garaiko heroia (Lermontov)
"Gure garaiko herioa" 1838tik 1840ra bitartean idatzitako menturazko nobela psikologikoa da. Bost narrazio biltzen ditu ("Bela, Maxim Maximitx, Taman, Meri printzesatxoa" eta "Fatalista") eta bertan Petxorin ofizial errusiarrari Kaukason gertatutakoen berri ematen digu Lermontovek. Errusiako prosaren obra klaskotzat jotzen da eta eragin handia izan zuen gizartean eta geroko literaturan.
ZABALPEN SARIA
Ramon Saizarbitoria
Bihotz bi. Gerrako kronikak
Erein
Ramon Saizarbitoria (Donostia, 1944)
Ramon Saizarbitoria da euskal nobelagilerik sendoena. Berak idatzi zuen duela hogeita hamar urte lehen nobela modernoa eta beregandik etorri zaizkigu azken urteotako libururik interesgarrienetakoak.
Europako -batez ere Frantziako- nobelagintzaren ekarpenak bereganatuz, eta hirurogeiko hamarraldiko zinemaren zenbait gidoigileren eragina ere sahiestu gabe, ordura arteko euskal nobelagintzren egora aldatu zuen, teknikaz nahiz mamiz aldatu ere.
Saizarbitoriaren paisaje naturala hiria da, eta hangoak dira, orobat, pertsonaien arteko peripezia eta erabakiak: historialari berritsu anonimoa eta abortatzeko ahaleginetan egokitu zen Gisèle ("Egunero hasten delako"), "Ehun Metroren" neurrira jositako labirintuaren erdian heriotza aurkitu zuen aktibista, artean bizirik dagoela ziurtatzeko gelako sabaiari begira bere buruari kontuak kontatzen dizkion elbarria ("Ene Jesus"), "Hamaika pauso" eman eta gero errugabearen sakrifizio ritualaren sarean behin eta berriz heriotz berberaren errepikapenera kondenatzen gaituen Iñaki Abaitua, edo bere emaztea leihotik behera bota zuela aitortuz abiatzen den "Bihotz bi".
Peripeziak berez iradokizun indar handikoak izanik ere, ezin da ahaztu Saizarbitoriaren abilezia nobela eraikitzeko orduan: egilearen kontamoldeen erabilera trebea; ironia eta umorea; denboran atzera eta aurrera ohi dituen jauzi etengabeak…
Horiexek dira ohiko istorio-kontatzaileari bizkarra ematen dion nobelagilearen ezaugarrietako batzuk. Ez du behintzat hasieratik amaierara xuxen-xuxen irakurlea bideratzen saiatu nahi. Alderantziz, nahiago du hasiera-hasieratik irakurleari kontatu zer gertatzen den nobelan, eta hortik aurrera idazlanaren muntatze lanerako irakurlearen konplizitatea irabaztea. Benetako abentura literarioa muntatze horrena da, kontatzearen abentura bera. Norbaitek esango luke, literaturak gauza berberak kontatzen dituela beti, aldatzen dena ordea, kontatzeko modua dela. Eta, hala eta guztiz ere, kontatzen zaigun hori edozeini zirrara eragiteko modukoa da.
Nobelaren halako ikuspegiak narrazio arruntarenak ez diren beste baliabide batzuk garatu behar ditu: memoria asoziatibo-afektiboaren esanetara jartzen da narratzailea.
Saizarbitoriaren nobeletan -"Ehun metro"-n edo "Hamaika pauso"-n esate baterako- zentzumen fisiko edo elementu kondretuen golkotik eraikitzen da narrazioa. Nahikoa da usain bat, lore bat, mundu narratiboaren giltzarri eragile bihurtzeko. Izan ere, kapritxosoa da memoria.
Tradiziozko narrazioa nahiz Saizarbitoriaren, fikzio dira biak. Fikzio, hau da artifizio. Hortaz, munduaren esperientziak markatuko luke artifizioaren neurria eta, ondorioz, fikzioaren egiatasuna. Eta, alde horretatik ere, modernoa eta zinez benetakoa de Ramon Saizarbitoriaren nobelagintza.
Bihotz bi. Gerrako kronikak
Eta horra nola idazten duen komikoki, samur, zoragrri maiz, huskeria eta zer horiez guztiez. Exagerazioa ere hor dago, eta nabari da denborak urratutako iragan hori, ezagutzearen ohitura, nekea, hitzak esateko edo ez esateko ezina, gerra saihets lezakeen keinua egiteko edo ez egitekoa, bestea amorratzeko moduan jardun behar petral hori. Gorrotoaren, indiferentziaren, suminaren, errukiaren, samurtasunaren errito odoltsuak, edota horren guztiaren planta egiteko erritoa. Urkoa ondo ezagutzen dela uste eta norbera izan tolesgabea. Benetan setakeria funtsgabe hori. Hitzen eta begiraden, pentsamenduen, aurreikuspenen gerra zentzugabe hori: hau egingo du, hori pentsatuko du, zera usteko du, eta agian, behrbada, akaso… A, zein gozoa nor bere buruaz errukitzea!
Aldi berean, norbait zurea dela ziur jakiteko gogo hori, inolako arrisku izpirik gabe; segurtasun falta eragozle hori. Hain gaizki maitatzea, izan zena iraunarazi nahi izatea, jadanik ez den arren. Maitatzea ez baitago edonoren esku. Gizajoa, hain irrigarria, hain berkoia, eta hain samurra era bai, inoiz.
Eta gero neskato hori dago, hain grdena; ikusi ere egiten ote du gizonak. Ez da deus. Ez da. Nola kalifikatu sorginkeriaz bezala agertzen eta desagertzen den norbait, amets bat baino pisu handiagorik ez duen norbait, itxaropenaren maila ere ez duena.
Eta poeta kaskar bat, doi orduantxe han portunatu behar zuena.
Eta Samuel, gudari zaharra, aita gisa, zentzundun bakarra zentzugabekeria horren baitan.
Eta beste hura, leiho barrena gainditu eta patioko zoladuraren kontra lehertu dena. Huskeria bat. Aurrera doa bizitza, auzitegiko enbarazu batzuk gora-behera; ezer larririk ez. Izate bitxia gurea.