Jokin Muñoz Castejonen jaio zen, 1963an. Irakasle eta euskal filologiako ikasketak burutu ondoren, helduen euskalduntze alorrean lan egin izan du, eta bigarren hezkuntzako irakasle da gaur egun.
Euskadi saria jaso duen "Bizia lo" bere laugarren argitalpena da. Lehendabizikoa beste narrazio bilduma bat izan zen: "Hausturak" (1995, Alberdania). Bi urte geroago argitaratu zuen bere lehendabiziko eta oraingoz nobela bakarra: "Joan zaretenean" (1997, Alberdania). "Atlantidara biajia" (2000, Alberdania) izan zen Jokin Muñozen hirugarren lana, Nafarroa erdi aldean oinez ibilaldi bat egin ondoren sortu eta ironiaz betetako bidaia liburua.