Eusko Jaurlaritzaren softwarea berrerabiltzearen adibide bat: kontratazio publikoa Euskadin plataforma.
Argitalpen-data:
Administrazio publikoan software libreaz hitz egiten dugunean, gure diskurtsoa funtsean iturri-kodea askatzearen inguruan oinarritzen dugu. Horrekin lotuta, SALEtik egiten ari diren lana emaitza onak ari da ematen; izan ere, oraintxe OpenData/OpenApps-eko gure atarian (http://openapps.euskadi.eus) iturri-kodea eskuragarri duten 43 aplikazio ditugu.
Softwarea askatzea beharrezkoa da, baina batzuetan prozesuarekin ahaztu egiten dugu hori egitearen oinarrizko printzipioa, hau da, eraginkortasuna bilatzea, sektore publikoaren araubide juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak proposatzen digun moduan [ BOEko 236. zk., 2015eko urriaren 2koa].
Gaur eraginkortasunaz hitz egin nahi dugu, eta ez iturri-kodea askatzeaz, eta horretarako, softwarearen berrerabilera aztertuko dugu Eusko Jaurlaritzaren adibide arrakastatsuenetako bat erabiliz: Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoaren plataforma.
Historia pixka bat
Eusko Jaurlaritzaren Kontratazio Publiko Elektronikoaren proiektua 2004 urtean sortu zen. Urte horretan bertan, lizitazio elektronikoko proiektuaren diseinuak TECNIMAP saria lortu zuen, enpresei zuzendutako zerbitzu digital onenari Administrazio Publikoaren Ministerioak emandako saria. Proiektua benetako iraultza izan zen sortu berri zen sinadura digitalerako, eta handik aurrera, sariz betetako ibilbidea izan du, Europar Batasunak emandako “eAdministrazioaren Jardunbide Egokia” aitorpena ere jaso zuen (ePractice.eu Good Practice label) 2007 urtean.
Hasiera haietatik, proiektuaren arduradunek mezu argia zabaldu zuten gainerako Administrazio publikorako: “berrerabiltzeko eskuragarri dagoen proiektua da hau”. Mezu hori bilakaera osoan premisa izan da, marketing etikoaren planteamendu estrategikoaren bidez Prozesuak desagerraraztearen edo sinplifikatzearen aldeko apustua, haiek digitalizatzea eta berritzea sustatuz, adibidez, paperaren erabilera eta bidaiak murriztuz, baina modu sinplean, eta guztia Eusko Jaurlaritzaren sinadura digitaleko zerbitzuek eskaintzen duten segurtasunak babestuta.
Proiektua etengabe ari da bilakatzen eta hazten zerbitzuetan, eta aldi berean, Sektore Publikoko Kontratuen Legean sortzen joan diren aldaketetara egokitu da. Zalantzarik gabe, proiektu erakargarria da kostuak eta baliabideak optimizatzeko, gainerako Administrazio Publikoarekin partekatzeko sortuta baitago.
Softwarea berrerabiltzearen arrakasta
Proiektuak gaur egun zenbait zerbitzu biltzen ditu, kontratazio publikoaren ziklo osoa biltzen dutenak, bai lizitatzaileentzat, bai kontratistentzat (erakundeak, enpresak edo autonomoak), baita botere esleitzaileentzat ere (obrak, zerbitzuak eta produktuak kontratatzen dituen Administrazio publikoa, lege berriak derrigortzen dituen erakunde eta fundazioez gain). Publizitatea, gardentasuna, izapidetze elektronikoa eta interoperabilitatea eskaintzen duen proiektua da, gainera, erabiltzaileek prestakuntza, euskarria eta laguntza izatearen abantaila dute plataforman lehen urratsak ematean.
Honako hauek dira Euskadin kontratazio publikoaren plataforma osatzen duten eta Administrazio publiko guztiaren eskura dauden zerbitzuak:
- Lizitazio Elektronikoa
- Kontratatzailearen Profila
- Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistroa
- Kontratuen Erregistroa
- Enpresen Sailkapena
- Kontratazio Publikoaren Aholku-batzordea
- Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa (OARC)
Baina zer esan nahi dugu administrazioan berrerabiltzearen adibidea aipatzen dugunean?
Proiektuak, hasiera-hasieratik, lehen aipatu dugun moduan, hedapenaren eta komunikazioaren alde egin du, zerbitzuak hirugarren batzuen esku jartzeko, eta hala, euskal Administrazio Publikoarekin lotutako kongresu, jardunaldi eta tailer ugaritan parte hartu du, helburu bakarrarekin: “ebanjelizatzea” eta zerbitzuen berrerabilera sustatzea.
Baina, egindako lanaz hitz egin ordez, lortutako arrakasta adierazten duten datu batzuk emango ditugu:
[2018ko irailaren 15ean ditugun datuak]
- Botere esleitzaile integratuen kopurua: 500 (igoera aurreko urtetik: % +228)
- Web-erabiltzaileak: 224.106 (% +152)
- Ikusitako orrialdeak: 2.529.301 (% +166)
- Elektronikoki lizita daitezkeen espedienteak: 795 (% +223)
- Elektronikoki jasotako eskaintzak: 2.152 (% +323)
- Izapidegileen kopurua Kontratatzaileen Profilean/Kontratuen Euskal Erregistroan: 2.176 (% +150)
- Profilean argitaratutako kontratuak: 6.908 (% +147)
- Erregistroan argitaratutako kontratuak: 11.116 (% +228)
- Egindako 18 ikastaroetan prestakuntza jasotako pertsonak: 241
Plataforma honen eraginkortasuna definitzen duen datu garrantzitsuena da, ordea, gaur egun Kontratatzailearen profileko eta kontratuen euskal erregistroko zerbitzuak erabiltzen dituzten 500 botere esleitzaile baino gehiago izatea.
Amaitzeko, eta gure hasierako hausnarketara itzuliz, kodea askatzea garrantzitsua da, baina softwarea berrerabiltzea are garrantzitsuagoa da, eta ildo horretan jarraituko dugu lanean Eusko Jaurlaritzatik, euskal Administrazio publiko osoari eta herritarrei eraginkortasuna, kostuen aurrezpena eta berrikuntza eskaini ahal izateko proiektuak abian jartzen saiatuz.
Euskadiko Kontratazio Publikoaren webgunea:
http://www.contratacion.euskadi.eus