Azken eguneratzea: 2012/02/29
Eusko Jaurlaritzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu du
Eusko Jaurlaritzak gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa aurkeztu du gaur Bilboko Alhondigan egin den ekitaldian.
Arratsaldean hedabideen aurrean agertu dira Blanca Urgell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Juan Alberto Alonso Lucy Software Ibérica itzultzaile automatikoaren garapenaz arduratu den Bartzelonako enpresaren zuzendaria itzultzailearen berri emateko. Iluntzean, berriz, Patxi López lehendakariak parte hartu du, besteak beste, gizartearen aurrean egin den itzultzaile automatikoaren aurkezpen-ekitaldian.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak gaur aurkeztu duen itzultzaile automatikoa urteetan egindako lan luzearen emaitza da, baina azkenean proiektua gauzatu ahal izan da.
2011. urtea hain zuzen, urte erabakigarria suertatu da proiektua gauzatzeko garaian; izan ere, 2011n bultzada handia eman zitzaion itzulpen automatikoaren arloari. Blanca Urgell Kultura sailburuak aditzera eman duenez, “Eusko Jaurlaritzak itzulpen automatikoa eremu estrategikotzat jo zuen iaz eta, hori dela eta, 1.600.000 euro inguru (1.576.575,92 zehatz-mehatz) inbertitu zuen lan garrantzitsu batzuk abian jartzeko, bi itzulpen-noranzko berri gehitzeko oraingo sistemari: euskara-gaztelaniara eta ingelesa-euskara, eta baita Itzulpen-memorien Banku Publikoa ere. Gaur aurkeztu den itzultzaile automatikoan 2008an proiektua abian jarri zenetik orain arte 553.432 euro inbertitu dira (2008an 395.000 euro eta 2011n 158.432 euro)”.
Gaztelaniatik euskarara itzultzen duen tresna da gaur aurkeztu den hau, eta herritar guztien eskura dago jada www.itzultzailea.euskadi.net helbidean. Testu labur orokorrak itzultzeko tresna lagungarria izango da eta, horrez gain, webguneak ere itzultzen ditu eta bertan nabigatu ahala itzuli egiten du.
Dokumentu luzeagoak ere itzuliko ditu, baina funtzionaltasun hori Eusko Jaurlaritzako intranetean bakarrik erabiliko da. Horren arrazoia da, Jaurlaritzan egiten diren itzulpenak egiteko erabiliko dela, baina modu kontrolatuan, hau da, beti zuzenduko dira makinak egindako itzulpenak eta, zuzenketa horiei esker, sistema zuzendu eta hobetuko da. Tresna gero eta gehiago erabiliz gero, itzulpenaren kalitatea hobetzen joango da. Esan bezala, ordea, sistema hobetzeko modu kontrolatuan erabili behar da. Horrek, epe labur-ertainera Interneten jarri den itzulpen-muga (1.024 karaktere) handitzea ekarriko du. Horrekin eta sistemak onartzen dituen itzulpen-memoriekin, laster, sistema asko hobetzea espero da.
Lucy Software enpresa alemaniarraren Bartzelonako filialak egin du tresna hau. Eusko Jaurlaritzak, enpresa horri esleitu zion, lehiaketa publikoaren bidez, itzultzailea garatzeko kontratua. Itzulpen automatikoko sistema hau ordenagailu programa bat da, esan bezala, testuak gaztelaniatik euskarara itzultzen laguntzen duena. Itzulpen automatikoko beste edozein sistema bezala, laguntza-tresna da eta ezin du inolaz ere giza itzultzailea ordezkatu.
Askotan, euskarazko itzulpena zuzena izango da, edo ia zuzena, estilo kontuak alde batera utzita; beste batzuetan, ostera, euskarara egindako itzulpena zati batean bakarrik izango da zuzena. Hori ezinbestean da horrela, itzulpen automatikoaren arloan teknologiaren egoera ikusita. Kontuan izan behar da itzulpen automatikoko programa batek ez duela ulertzen itzultzen ari dena –gizakiak egiten duen moduan– eta egiten duena esaldien itzulpen “mekanikoa” dela.
Laguntza-tresna bat izaki, horrela erabili behar da. Beraz, behar-beharrezkoa da honako hau aintzat hartzea: itzultzaile automatikoak euskarara emandako itzulpena erabili nahi bada aurkeztu edo argitaratu nahi den dokumentu edo testuren batean sartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik itzulpen hori giza itzultzaile batek aztertzea eta zuzentzea.
Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordearen aburuz, “ahalik eta euskarazko itzulpen zuzenena lortzeko oso garrantzitsua da gaztelaniazko testua ondo idatzita egotea: akats ortografikorik gabe, azentuak zuzen ezarrita eta puntuazio markak egoki erabilita; gainera, sintaxia zuzena eta ez oso konplexua izan behar da. Bestalde, erabiltzaileak “erakutsi aukerak” laukitxoa marka dezake, sistemak zenbait hitz itzultzeko dituen aukerak ikusteko”.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak aurrerantzean lanean jarraituko du gaztelania-euskara itzultzaile automatikoa hobetzen. “Baina, aldi berean, esan behar da une honetan euskara-gaztelania eta ingelesa-euskara itzulpen-noranzkoetan lan egiten ari dela eta, hortaz, 2013ko udarako prest egotea aurreikusten dela. Lan-ildo hau abian da, beraz, eta etengabe landu eta hobetu beharko da. Finean, helburua da itzulpen automatikoaren sistema integral on bat izatea, eta hori gertatuko da Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza orain ere lantzen ari den Itzulpen-memorien Banku Publikoarekin lotura egiten denean” azpimarratu du Lurdes Auzmendi sailburuordeak.