Hezkuntzako 1.800 profesionalek suizidioaren prebentziorako prestakuntza jasoko dute aste honetan BECen

Argitalpen-data: 


      20230327_090819.jpg
  • Prestakuntza jarduera hau, Hezkuntza eta Osasun sailek osatutako Hezkuntza-eremuan Jokabide Suizidaren Prebentzioa, Esku-hartzea eta Posbentzioa egiteko Estrategiaren baitan kokatzen da

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak hasiera eman dio gaur goizean Hezkuntza Sailak antolatuta aste honetan zehar BECen burutuko den prestakuntza-jarduerari. “Hezkuntza eremuan suizidio jokabidea hautemateko, esku hartzeko eta prebenitzeko prestakuntza” izeburupean Barakaldoko erakustazokak prestakuntza-jarduera honetan parte hartuko duten 1.800 profesional inguru bilduko ditu aste honetan. Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Helduen Hezkuntza ematen duten 900 ikastetxetako ordezkariak dira, batez ere BAT taldeetako kideak (Bullyingaren Aurkako Taldea, bizikidetza positiborako eta eskola-jazarpenaren aurkako Bizikasi ekimenarekin abian jarri zirenak), edo bizikidetzarekin eta ikasleen babesarekin eta ongizatearekin lotutako beste profesional batzuk.

Jarduera hau, Hezkuntza eta Osasun sailek osatu eta iazko urrian aurkeztutako estrategiaren baitan kokatzen da, Hezkuntza-eremuan Jokabide Suizidaren Prebentzioa, Esku-hartzea eta Posbentzioa egiteko Estrategian.

Saioaren irekieran hitza hartu duelarik, Pedrosa sailburuordeak ikasleen ongizate emozionala zaintzen eta sustatzen duen eskola eraikitzearen garrantzia azpimarratu du, eta Hezkuntza Sailaren Bizikasi ekimena hartu du hizpide. “Ekimena martxan jarri genuenetik sustatu nahi izan dugu ikastetxeak bizikidetza positiboko eta zero tolerantziako gune seguruak izatea, gerta daitezkeen jazarpen-egoeren aurrean. Hori ezinbestekoa da hezkuntza-sistemaren helburu nagusia lortzeko: ikasle guztiak beren garapen pertsonalean laguntzea eta gizartean herritar aktibo eta arduratsu gisa parte hartzeko gaitasunez eta tresnez hornitzea”.

Sailburuordearen esanetan, halaber, “beharrezkoa da bizikidetzarako heztea, gaitasun emozionala landuz, elkarrizketa bidezko ikaskuntza bultzatuz eta zaintzaren pedagogia sustatuz. Era berean, hainbat trebetasun garatu behar ditugu: laguntzeko eta laguntza eskatzeko, tratu ona emateko eta jasotzeko, eta autoestimua, entzute aktiboa, asertibotasuna, erresilientzia eta enpatia garatzeko. Hau da, elkartasunetik abiatuta, ikasleen ongizate emozionala zaintzen eta sustatzen duen eskola eraikiz”.

Osasun publikoko arazo bat den heinean, suizidioa Eusko Jaurlaritzaren osasun eta hezkuntza politiken lehentasuna ere badela nabarmendu du Begoña Pedrosak.

Sektore anitzeko hurbilketa

Suizidioaren prebentzioak sektore anitzeko hurbilketa eskatzen du, eta hezkuntza-sistema bete-betean ukitzen du. Pentsamendu eta jokabide suiziden identifikazio goiztiarra eta arriskuan daudenen zaintza eraginkorra funtsezkoak dira pertsonek behar eta merezi duten arreta jasoko dutela bermatzeko, eta, beraz, garaiz burutzen den ekintza oro funtsezkoa da suizidioa prebenitzeko edozein estrategiatan.

Beraz, jarduera honen helburua da hezkuntza-arloko profesionalei prestakuntza ematea, beren buruaz beste egiteko arriskuan dauden gazteak detektatzeko ezagutza espezifikoa eskura dezaten, hezkuntza-arloan babes-neurriak ezarriz erantzun dezaten eta osasun-zerbitzu espezializatuetara bideratzen jakin dezaten.

Aste honetako prestakuntza Jon Garcia Ormaza, Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko mediku psikiatrak, Alexander Muela Aparicio, Psikologian doktore eta EHUko irakasleak eta Berritzegune Nagusiko (Hezkuntza Saila)  Bizikidetza eta Aniztasuna eremuko koordinatzaileak, Aitor Albizu Intxaustik, emango dute. Hiru aditu hauen eskutik, eta zortzi orduko iraupenez, honako gai hauei helduko zaie:

  • Jokabide suizidaren kontzeptualizazioa hezkuntzaren ikuspegitik.
  • Suizidio jokabidea duen pertsona batekin hitz egiteko gako nagusiak.
  • Suizidio jokabidearen alarma-seinaleak.
  • Suizidio-saio baten ondoren jarduteko protokoloa.
  • Suizidio jokabidearen prebentzioa familia-eremuan.
  • Suizidioaren posbentzioa.

Jarduerak Araba eta Gipuzkoako ikastetxeetako ordezkariak –publiko zein itupekoetakoak- batuko ditu martxoaren 27 eta 28an; 30 eta 31n, berriz, Bizkaiko profesionalen txanda izango da.

BECen egiten ari diren prestakuntza-saio hauek baino lehen, ikuskariei eta Berritzeguneetako bizikidetza-aholkulariei ere eman die jokabide suizida prebenitzeko prestakuntza Hezkuntza Sailak.

Aurkezpenak, prestakuntza-saioetan erabilitako materiala eta saioen grabazioak Bizikasi ekimenaren webgunean egongo dira eskuragarri aurrerago, edonorentzat.

Bizikasi ekimena

Suizidioaren prebentzioko prestakuntza-jarduera hau guztia, eta honen oinarrian dagoen Estrategia bera ere bai, Hezkuntza Sailak 2017an Bizikasi ekimenarekin hasi zuen lanaren jarraipena dira. Ekimen horren helburua da ikastetxeak elkarbizitza segururako eta jazarpen-egoeren aurrean tolerantziarik izango ez duten gune bihurtzen laguntzea. Azken batean, ingurune seguruak, giro abegikorrak eta pertenentzia-sentimendua sortzea da kontua, ikasleen ongizate sozioemozionalarekin hertsiki lotutako auziak, guztiak ere.

Oro har, ikasleen artean suizidioa prebenitzeko programetan ikaskuntza sozioemozionaleko jarduerak sartzen dira. Bizitza osorako trebetasun sozioemozionalak ikasteko ikasleentzako programak. Bizikasi ekimenak Euskadiko ikastetxeetan duela urte asko egiten hasitako lana jasotzen du, eta jarduera sorta bat eskaintzen du babes-faktoreetan azpimarra jarriz, hala nola, erregulazio emozionala, arazoak konpontzeko eta aurre egiteko trebetasunak, erabakiak hartzea, bizikidetza positiboa, bullying-aren prebentzioa eta osasunerako hezkuntza.

Ildo horretan, Bizikasi aukera paregabea da suizidioaren prebentzioari buruzko modulu espezifiko bat txertatzeko, ikasleak alfabetatzeko jardueren bidez. Horretarako, honako alderdi hauek landuko dira: osasun mentala zaintzea, suizidioari buruzko mito eta ikuskera okerrak baztertzea, jokabide suizidarekin lotutako alarma-seinaleak identifikatzen ikastea, eta laguntza bilatzeko estrategiak sustatzea.

Informazio gehigarria