Euskadin, 2018an, organo-emaileen tasa 64,4koa izan da milioi bat biztanleko, Estatuko batez bestekoa baino 16 puntu altuagoa

2019.eko urtarrilak 14

Euskadin, 2000. urtetik, milioi bat biztanleko batez beste 40 emaile daude, eta, azken bosturtekoan, milioi bat biztanleko 50 emaile baino gehiago. Hori dela eta, mundu-mailan abangoardian gaude

2.500 pertsona baino gehiagori egin diete transplanteren bat azken hamarkadan Euskadin

 

2018an, Euskadin, organo-emaileen tasa 64,4koa izan zen milioi bat biztanleko, Estatuaren batez bestekoa baino 16 puntu altuagoa (Estatuan milioi bat biztanleko 48 emaile).

Tasaren testuingurua ebolutiboa da, betiere. Euskadiren kasuan, urtean donazioen batez besteko tasa, 2000. urtetik, milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiagokoa da, eta, azken bosturtekoan, milioi bat biztanleko 50 emaile baino gehiago dira –Transplanteen Erakunde Nazionalak 2050erako ezarritako helburua–; horrela, Euskadi abangoardian dago mundu-mailan.

Nabarmendu beharra dago azken bost urte hauetan asistoliako donazio-programak hasi eta sustatu direla; 2018rako, ordurako, guztizkoaren % 42 izan ziren, Estatuko batez bestekoaren gainetik (% 26) eta donazio-mota horretan aktiboenak diren herrialdeen gainetik, besteak beste Belgikaren (% 29,5) edo Erresuma Batuaren (% 39,8) gainetik.

Emaileen heriotza-kausak direla eta, % 59,5 istripu zerebrobaskularraren ondorio da eta % 11,3, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (%1,4 trafiko-istripuagatik).   

Beste alderdi nabarmenetako bat da gero eta familia gehiagok dutela erantzun positiboa donazioaren inguruan. Horrela, 80ko hamarkadan elkarrizketatutako 10 familiatik 7 donazioaren alde zegoen eta, azken hamarkadan, ratio hori handitu egin da eta 10 familiatik 9 daude alde.

 

2.500 TRANSPLANTE BAINO GEHIAGO HAMARKADA BATEAN

Donazio-tasa horiek direla eta, gure pazienteak transplantatzeko aukerak agerikoak dira eta beste herrialde batzuetakoak baino nabarmen handiagoak.

Azken 10 urteotan, guztira 2.522 organo-transplante egin zaizkie euskal pazienteei (1.543 giltzurrunetakoak, 704 gibelekoak, 145 kardiakoak eta 130 biriketakoak), eta emaitzak Europan esperientzia gehien duten zentroetako emaitzen antzekoak edo hobeak izan dira. Azken hamarkadan, urtean milioi bat biztanleko transplantea izan duten 110 euskal paziente baino gehiagokoa da tasa.

 

DONAZIOA – EHUNEN - ZELULEN TRANSPLANTEA

Ehunen/zelulen transplantea eta donazioa direla eta, 2018. urtean ehunen 166 donazio egin dira. Ehuna –kornea, ehun osteotendinosoa, azala…– Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen da, hura prozesatu, babestu eta transplanterako banatzeko.

Era berean, 68 transplante alogeniko egin dira (24 ahaidetuak eta 44 ez-ahaidetuak) Euskadiko Erreferentzia Zentroan (HUDonostia); horrela, bada, Euskadik inguruko Europako herrialdeen antzeko tasak ditu.

             

ESKERRIK ASKO GIZARTEARI ETA PROFESIONALEI

Datuak ikusita, argi dago euskal gizarteari, oro har, eskerrak eman behar zaizkiola; izan ere, une benetan zailetan, gizartearen eskuzabaltasuna eta konpromisoa beharrezkoa dira hori guztia posible izateko, batik bat emaileen familiena”, Jon Darpón Osasun sailburuaren aburuz.

Sailburuak eskerrak eman nahi dizkie, halaber, donazio- eta transplante-programetan parte hartzen duten Euskadiko zentro baimenduetako (ia guztiak, bai publikoak, bai pribatuak) profesional sanitarioei eta ez-sanitarioei. Bai eta eginkizun erabakitzailea duten erakundeei ere, besteak beste, epailetzari, mediku forentsei, epaitegietako langile laguntzaileei, aireportuetako langileei, SOS-DEIAKi, Ertzaintzari…

“Eta, jakina, gaixoen elkarteei, sentsibilizazioaren eremuan egiten duten lanagatik; izan ere, funtsezkoa da, halaber, euskal gizartearen elkartasun-kota altuak eta etengabeak ulertzeko”, Jon Darpónen hitzetan. 

 

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 14a