2019-2020 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 28an irekiko da
2019.eko urtarrilak 21
Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 28an irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Otsailaren 8ra arte egongo da irekia epe hori (otsailaren 7ra arte, online eginez gero)
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordea lagun zuela, gaur goizez aurkeztu du Bilbon 2019-2020 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, “Zatoz gurera!” leloarekin. “¡Ven a nuestra escuela!” erabiliko da gaztelaniaz.
Aurtengo kanpaina berri honek duen ezaugarririk nagusiena da, bai kartelean eta baita telebistarako egin den spotean ere, euskal eskola publikoko neska-mutilak dituela protagonista. Zehazki, Lezo Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeko (Lezo, Gipuzkoa) ikasle eta irakasleak dira protagonista. Uriarte sailburuak ikastetxe honetako hezkuntza komunitate guztiari eskerrak eman dizkio iragarkia egiteko eman dituen erraztasun guztiengatik, eta era berean Heize – Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioari ere eskertu nahi izan dio kanpaina honen diseinuan eta mezuetan izan duen inplikazioagatik.
Datorren ikasturterako aurrematrikula egiterakoan, euren lehen aukerako ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.hezkuntza.net helbidean. Bigarren bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 7a izango da, egun bat lehenago. Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazi du Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazio praktikoa eskainiko diela familiei, hala nola, ikastetxeen bilatzaile bat, hurbiltasunagatik horietako ikastetxe bakoitzean familiari hurbiltasunagatik dagozkion puntuak erakusten dituena.
Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 695 ikastetxe (452 publikoak, %65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 540 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 330 publikoak, hots, %61), eta 543 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61,5). Bestetik, Lehen Hezkuntza 534 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (330 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 330 izango dira orotara.
Berritasunak:
Aurkezpenean, onarpen prozesuak aurten dituen berritasun nagusiak azaldu ditu Uriarte sailburuak. Familiei tramiteak erraztea eta, ikastetxea aukeratzeko prozedurak familien lehentasunei era egokiagoan erantzutea dira berritasun hauen helburuak.
- 12 ikastetxe eskaeran. Eskaeran familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ahal izango ditu gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Berritasun honekin batera, ikastetxea esleitzeko sistema ere aldatu egin da. Orain arte ikasle bakoitzeko 3 ikastetxe hautatu zitezkeen gehienez, eta plazak lehen aukeratzat markatuta zeuden eskaeren artean banatzen ziren, lehentasunez. Euren bigarren edo hirugarren aukeretara jo beharra zuten familiek, zenbait kasutan, ikastetxe horiek ordurako beteta aurkitzen zituzten, lehen aukeran hautatu zituzten ikasleekin, nahiz eta azken hauek puntuazio gutxiago izan.
Aurrerantzean, ikastetxe bakoitzak jasotzen dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein izanik ere lehentasunen hurrenkera, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek jakin ahal izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera. Aldaketa honekin, lehen postuan plaza gutxi (edo eskaera asko) dituen ikastetxe bat hautatu izanak ez ditu hipotekatuko hurrengo eskaeretarako aukerak. Sistemak familientzako ahalik eta aukerarik onena emango die familiei, hautatu dituzten ikastetxeetarako duten puntuazioaren arabera.
- Aurrekoari beste berrikuntza garrantzitsu bat ere gehitzen zaio aurten, familia askori izapideak egiteko lana arinduko diona: aurrerantzean, ez da beharrezko izango sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hau horrela izango da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen badute, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikiriko institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du, eta baita atxikiriko institutu bat baino gehiago baditu Lehen Hezkuntza amaitu berri duen ikastetxe publiko horrek ere.
.- Informazio eta orientazio puntuak. Lehen aldiz, familientzako informazio eta orientazio puntuak irekiko dira Bilbon, Gasteizen eta Arrasaten: 13 gune Gasteizen (gizarte etxeetako bulegoetan nahiz San Martin eta San Antonioko bulegoetan), 8 puntu Bilbon (barrutietako udal bulegoetan), eta bat Arrasaten. Informazio gune hauek Hezkuntza Sailak iaz Lurralde Ordezkaritzetan abian jarri zituen Eskolatze Bulegoekin koordinazioan arituko dira. Herritarrei gure hezkuntza sistemak eskaintzen dituen aukeren inguruko informazioa emateaz arduratuko dira, eta baita familiei matrikulazio garaiko izapideez orientazioa emateaz ere.
Uriarte sailburuak azpimarratu nahi izan du neurri hau Hezkuntza Sailak osatu duen “Atzerritar jatorriko ikasleen eskolatzea EAEko eskola-sisteman” txostenean jasoa zegoen neurrietako bat dela, eta eskolatze orekatuagoa lortzea duela helburu.
Kontuan izan beharreko egutegia:
- urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online eginez gero, azken eguna otsailaren 7a)
- otsailak 14: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
- martxoak 21: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 28ra arte erreklamazioak egiteko epea.
- apirilak 4: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, maiatzaren 6ra arte.