Juan José Aurrekoetxea izendatu dute Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendari berri, Miren Dorronsorok erretiro hartu ondoren (Gobernu Bilera 2018-10-30)
2018.eko urriak 30
Gobernu Kontseiluak Juan José Aurrekoetxea Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendari berri izendatzea erabaki du gaur. Kargu horretan, Miren Dorronsoro andrea ordeztuko du, gaur bertan, erretiroa dela eta, hark berak eskatuta kargugabetu ondoren.
Juan José Aurrekoetxea Agirre Bilbon jaio zen, 1955. urtean. Medikuntzan lizentziaduna da, eta espezialista Laneko Medikuntzan eta Prebentzio Medikuntzan eta Osasun Publikoan. Gainera, doktoregoa egin du arlo horretan. Horrez gain, ibilbide luzea egin du euskal osasun-sistema publikoan. Osasun Saileko funtzionarioa eta Biodonostiako ikertzailea da. Bertan, ikerketa-proiektu ugaritan parte hartu du, eta eragin handiko aldizkarietan argitaratutako nazioarteko artikuluak idatzi ditu.
Bestalde, Gobernu Kontseiluak Osasun Publikoaren eta Adikzioen egungo zuzendari Miren Dorronsoro kargugabetu du, eta eskerrak eman dizkio 30 baino gehiago izan diren azken urte hauetan Osasun Sailean eta Osakidetzan burutu duen ibilbide luzean egindako lanagatik. Miren Dorronsoro doktorea 2013-2020 aldiko Osasun Planaren, Alkohola eta Adingabeak Planaren eta Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenen bultzatzaile nagusia izan da.