2018-2019 ikasturterako aurrematrikula epa urtarrilaren 29an irekiko da
2018.eko urtarrilak 22
Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 29an irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Otsailaren 9ra arte egongo da irekia epe hori (otsailaren 8ra arte, online eginez gero)
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordea lagun zuela, gaur goizez aurkeztu du Bilbon 2018-2019 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, “Handitzen, handitzen... mundua eskura izateko” leloarekin.
Aurten aukeraturiko leloak nahiz kartelak euskal hezkuntza sistemaren ezaugarri nagusiak islatzen dituzte. “Gure hezkuntza sistemak berdintasunean hezten ditu ikasleak, eta hori irudikatu nahi dugu argazki hauekin –azaldu du Cristina Uriarte sailburuak- Gure hizkuntza sisteman inklusibitatea, aniztasuna, ekitatea, eta kalitatea bultzatzen ditugu. Ikasle guztiei aukera berdina eskaintzen diegu, nahi dutena izateko aukera izan dezaten. Horiek dira gure hezkuntzaren ezaugarri nagusiak eta horrela irudikatu nahi izan dugu bai karteletan eta baita irratietarako prestatutako iragarkietan ere”, zehaztu du.
Datorren ikasturterako aurrematrikula egiterakoan, euren aukerako ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukera izango dute familiek, www.hezkuntza.net helbidean. Bigarren bide hau aukeratzen dutenek ez dute beharrezko izango, beraz, eskatutako dokumentazioa hautatutako ikastetxera eramatea. Pauso hori online egin beharko dute, eta dokumentuak eskaneatuta bidali. Aurrematrikula online egiteko azken eguna otsailaren 8a izango da, egun bat lehenago.
Euskadiko 684 ikastetxe (453 publikoak, %66) prest daude urtarrilaren 29an aurrematrikula prozesuari ekiteko. Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 533 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 331 publikoak, hots, %62), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, hau da, %61). Bestetik, Lehen Hezkuntza 532 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (330 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 329 izango dira orotara.
Baremorako puntuazioa
Aurrematrikula epe berri honek dakarren berritasun nagusia, baremorako ematen den puntuazioan aurkituko dugu, ikastetxe baterako eskaera kopurua bere eskaintza baino handiagoa den kasuetarako. Irizpide batzuetan puntuazioa aldatu egiten da, eta irizpide berriren bat gehitu ere bai:
-Familia errentagatiko puntuazioa: irizpide honegatik eskura daitekeen gehienezko puntuazioa 3 puntukoa izan beharrean puntu eta erdikoa (1,5) da orain.
-Familia-harrera kasuetan: baremorako irizpideen artean atal berri gisa sartu da ikaslearen familia-harrerako egoera. Puntu bat ematen zaio baremoan.
-Kooperatibista izateagatik edo OOGak ezarritako beste egoera batzuengatik: ikastetxe bateko bazkide kooperatibista izateagatik familiei ematen zaien puntuazioa, puntu bakarra izatetik puntu erdia (o,5) izatera jaitsi da. Era berean, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak edo Eskola Kontseiluak ezarritako beste egoera adierazgarri batzuengatik eman izan dena ere, erdira jaitsi da, 2 puntutik bakarrera.
-Bizilekua EAEn izateagatik: bizilekuaren hurbiltasunaren irizpidean, azpiatal berria sortu da. Puntu erdi (0,5) emango zaio ikasleari, bizilekua EAEn izan baina eskatutako ikastetxearen eragin-eremutik eta eremu mugakidetik eta eskatutako ikastetxearen udalerritik kanpo badauka.
Ez da aldaketarik puntuazioan, honako irizpide hauetan: bizilekuaren hurbiltasunagatik (ez eragin-eremuagatik ez eremu mugakideagatik eman ohi den puntuazioan), ikastetxean matrikulatutako neba-arrebengatik, familia ugariagatik edo desgaitasunagatik.
Aurten berriro ere, eta bizilekuaren hurbiltasunagatik ematen den puntuazioa dela-eta, Hezkuntza Sailak erroldatze-egiaztagirien gaineko kontrolak egiten jarraituko du, agiri horien erabilera irregularrik gertatu ez dadin.
Kontuan izan beharreko egutegia:
- urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online eginez gero, azken eguna otsailaren 8a)
- otsailak 20: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
- martxoak 1: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 14ra arte erreklamazioak egiteko epea.
- martxoak 22: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 23ra arte.
- apirilak 11: bigarren eta hirugarren aukeren zerrendak argitaratuko dira.