Gaztemundu 2017 programan parte hartzeko deialdia onartu da (Gobernu Bilera 2017-04-25)

fotoconsejo.jpg

2017.eko apirilak 25

  • Aurtengoa musika-instrumentu tradizionalei buruzkoa izango da

Gobernu Kontseiluak Gaztemundu programaren aurtengo deialdia onartu du, Euskal Etxeetako gazteek egonaldi bat egin dezaten Euskadin.

Programa horretarako 50.000 euro bideratu dira, atzerriko Euskal Etxeetako 18 eta 35 urte bitarteko 15 gaztek, gehienez, egonaldi bat egin dezaten Euskadin 2017ko irailaren 2tik 17ra.

Aurten, Gaztemundu programako partaideen prestakuntza musika-instrumentu tradizionalei buruzkoa izango da. Hala, adituek gidatutako prestakuntza-programan parte hartuko dute aurten hautatutakoek.

Egonaldian, bestalde, beste jarduera batzuk izango dituzte, euskal jatorria duten gazteek aukera izan dezaten harremana izateko erakundeekin, elkarteekin eta Euskadin bizi eta lan egiten duten pertsonekin, baita Euskadiko eta kanpoko gazteen arteko harremanak sortzeko aukera ere.

Aurtengo programan parte hartzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, deialdia EHAAn argitaratu ondoren.

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren baitakoa da –estrategia horren helburuetako bat da Euskadi kanpoan proiektatzea– eta 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiren egungo errealitatearen alde guztiak ezagutarazteko eta belaunaldi berriei Euskal Etxeetako bizitza aktiboan integratzeko aukera emateko.

Ordutik hona, 820 gaztek baino gehiagok hartu dute parte programa horretan (gehienak Argentinakoak eta Estatu Batuetakoak) eta horietako asko orain Euskal Etxeetako zuzendaritzetako kideak dira edota ardura postuak betetzen dituzte.