Argitalpen-data: 2015/10/15
Lehen sektoreari lotutako 200 emakume inguruk beren lana ikusgarri bihurtzea erreibindikatu dute Landa Eremuko Nazioarteko Egunean Euskadin
Ospakizunarekin bat eginda, Eusko Legebiltzarrak Emakume Nekazariaren Estatutua onartu du gaur, emakume nekazarien lana gehiago ikus dadin eta ustiategien titularitatea beregana dezaten sustatzeko.
Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren XII. edizioak 200 emakume baino gehiago elkartu ditu, eurei guztiei eskainitako ekitaldi batean, Markina-Xemeingo Bauskain jatetxean. Ekitaldia Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak antolatu dute, HAZI Fundazioaren idazkaritza teknikoaren ikuskaritzarekin.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantxa Tapia eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz Markinara joan dira, Eusko Legebiltzarrean Emakume Nekazariaren Estatutua onartzeko saioa amaitu eta gero.
Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendariak, Elena Gutierrezek, Bizkaiko Iraunkortasun eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Elena Unzuetak, Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, Markina-Xemeingo alkate Juan Jose Txurrukak eta, Landa Eremuko Batzordea ordezkatuz, Landa XXI elkarteko kide Lorea Momeñek.
Aurtengo ospakizunean landa eremuko emakumeen rolaren balioa agerian jarri eta ikusgarri bihurtu nahi izan da, bereziki nekazaritzako elikagaien industriari eta, ondorioz, landa garapenari egiten dioten ekarpenagatik.
Parte hartzaileek azken urtean landa eremuko emakumeen inguruan izandako gertakari nagusiak aztertu dituzte, hala nola Landa Garapenerako Plan berria, Emakume Nekazariaren Estatutuaren onarpena, Emakume Nekazariari buruzko azterketa edo Argia proiektuaren garapena.
Gaurko jardunaldian, gainera, landa ingurunean enpresa proiektu berritzaile eta arrakastatsuak gidatzen ari diren hainbat emakumek beren esperientziak partekatu dituzte. Bertaratutakoek emakume horien esperientziak entzun ahal izan dituzte, horien artean egonik: Iratxe Martinez, arrautza ekologikoaren ekoizle gaztea Garain; Raquel Lopez, akuikultura iraunkorreko proiektu batekin; Loli Casado, Arabako Errioxako ardogilea; Sonia Ingunza, nekazaritza ekologikoko ekoizlea; Sonia Barrondo, abeltzaina eta landa turismoko kudeatzailea; Nora Calzada, Papamóvil foodtruckaren jabea, eta Laura Muñoz, Urgora jatetxekoa.
Emakume Nekazariaren Estatutua
Egunarekin bat eginda, Eusko Legebiltzarrak Emakume Nekazariaren Estatutua onartu du gaur goizean, lehentasuna izanik emakume nekazariak ustiategien titularitatea eskuratzea, euren lana ikusgarri bihurtzeko eta dagozkien eskubide guztiak eskuratu ahal izateko.
Estatutuaren oinarrian dago nekazaritza sektorean emakumeek sufritzen duten diskriminazioari aurre egitea, batez ere aitortza profesionalari eta estimu sozialari dagokionez. Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa ez dator bat horiek egiten duten egiazko lanarekin, sarritan ikusezin bihurtzen diren lanak direlako.
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foroa
Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna Emakundek hamabigarrenez antolatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foroan kokatzen da; “Gizartea aurrera doa berdintasunerantz, ez dezagun atzera egin” du lema, eta gune plural eta irekia izan nahi du, berdintasunaren balioari buruz eta arlo horretan atzera egiteko arriskuei buruz hausnartzeko.
Berdintasunerako XII. Foroa 2015eko urriaren 5etik abenduaren 18ra bitartean garatzen ari da.