Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2017ko otsailaren 8koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharra, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko dena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 31
- Hurrenkera-zk.: 810
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2017/02/08
- Argitaratze-data: 2017/02/14
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Kultura eta Kirola
- Azpigaia: EAEko udalak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuz onartu zen uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
2016ko azaroaren 25eko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharrak duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2016ko abenduaren 5eko EHAAn argitaratu zen (231. zk.).
Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3 artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan ezarritakoarekin bat etorriz.
Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, ez da alegaziorik aurkeztu.
Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
Lehenengoa. Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Eskola Zaharra, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzea.
Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin eta II. eranskineko deskripzioarekin bat etorriz.
Hirugarrena. Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.
Laugarrena. Ormaiztegiko Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horrentzat egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betez.
Bosgarrena. Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Ormaiztegiko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari.
Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa
Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 8a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
Mugaketaren deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurua barne hartzen du. Horrela, eremuak muga hauek ditu:
Iparraldean, partzelaren muga, zuhaitz guztiak barne hartuta.
Ekialdean, partzelaren muga.
Hegoaldean, Gabirialde kaleko espaloiaren ertza.
Eta, azkenik, mendebaldean, eraikinaren fatxadarekiko lerro paralelo bat, fatxada horretatik 15 metrora trazatua.
Mugaketaren justifikazioa.
Proposatutako mugaketa justifikatuta dago, Ormaiztegiko Eskola Zaharraren eraikinak duen ingurumen-balioa eta balio bisuala babestu beharra baitago. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondasuna behar bezala babesteko eta haren garrantzia nabarmentzeko, eta berekin dakar Eskola Zaharraren eraikinaren inguruko eremua eta sarbidea babestea, eraikin horren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak eraikina bera ez ezik haren ingurua ere hartzen du barne.
(Ikus .PDF)
II. ERASKINA
DESKRIBAPENA
Eskola Zaharraren eraikinak gurutze-oinplanoa du, eta Estanda ibaiaren ondoan dago. Atal nagusiak hauek dira: hiru solairuko erdiko gorputza, solairu bakarreko bi hegal eta bi solairuko atzeko gorputza. Erdiko gorputzetik ateratzen dira alboetako bi eremuak, non kokatzen baitziren umeen ikasgelak. Erdiko gorputzaren goiko solairuan, maisu-maistren etxebizitza zegoen. Atzeko gorputzaren lehenengo solairuan, beste ikasgela bat zegoen. Eraikinean, atentzioa ematen du egurrezko estalkien garapen handiak: egurrezko gatzarietan bermatuta daude estalkiok, eta gatzariak, halaber, harrizko euskarrietan. Egurrezko zertxek eta uhalek osatzen dute estalkien barne-egitura, eta, kanpoaldean, teila arabiarrak daude. Murruak harlangaitz-horma zarpiatuz eginda daude. Hiru sarbide daude fatxada nagusian, eta hiruren inguruan harriak daude jarrita erdi-puntuko arkuan. Ikasgeletan, leiho angeluzuzenak daude, fatxada nagusian, eta, atzealdeko fatxadan, berriz, arku beheratuko leihoak, harriz inguratuak. Erdiko gorputzean, lehen solairuko fatxadan nagusian, balkoi bat dago erdian, eta bi leiho alboetan; azken solairuan, leiho txikiago bat dago. Eraikinaren inguruan, harrizko itxitura bat dago, landa-estiloko kuxinduraz egina, eta, sartzeko, eskailera atal bikoitza dago, eraikinaren kanpoaldea eta barrualdea lotzen dituena.
Eraikina 1909an egin zen, eta arkitektoa José Ángel Hernández De Casadevante izan zen. Ormaiztegiko Udal Korporazioa izan zen sustatzailea. Estilo eklektikoa du, eta, dekorazioa aldetik, baserrietako tradizioa ekartzen du gogora, bai materialen erabileran, bai antolamenduan.