Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2015eko azaroaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Oiartzunen (Gipuzkoa) den Yurrita edo Ihurrita errota, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 227
  • Hurrenkera-zk.: 5078
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2015/11/25
  • Argitaratze-data: 2015/11/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: EAEko udalak

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16. eta Estatutuaren 10.19. artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipatutako eskumen horretan oinarrituz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

2015ko ekainaren 30eko Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpenaren bidez, Oiartzunen den Yurrita edo Ihurrita errotak duen balio kulturala eta indarrean dagoen legedia ikusirik, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari hasiera eman zitzaion. Ebazpen hori 2015eko uztailaren 13ko EHAAn argitaratu zen (130. zk.).

Aipatutako espedientearen administrazio-tramitazioak espedientea jendaurrean jartzera eta interesdunei entzutera behartu zuen, aipatutako 7/1990 Legeko 17. eta 11.3. artikuluetan eta artikulu horiekin erlazionatutako beste xedapenetan xedatutakoarekin bat.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, alegazioak jarri zituzten epearen barruan Otsoaren Taldea Elkarte Ekologistak, AEMS Rios con vida elkarteak, Eguzkizaleak elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentua eta Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamentuak.

Aurkeztutako alegazioak aztertu ostean, alegazioak erantzun dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroko txosten teknikoen bidez. Txosten horiek espedientean daude. Bere ondorioetatik, agindu honen III. eranskinean ezartzen den baimendutako esku-hartzeen erregimena eratortzen da. Aurkeztutako alegazioak ezeztu egiten dira, eta mantendu egiten da II. eranskina (Deskribapena) eta III. eranskina (Baimendutako esku-hartzeen erregimena) Yurrita edo Ihurrita errota monumentu kategoriarekin Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko.

Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau

Lehenengoa. Oiartzunen (Gipuzkoa) den Yurrita edo Ihurrita errota, kultura-ondasun gisa, monumentu izendapenaz Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzea.

Bigarrena. Euskal Kultura Ondarearen Legeak aurreikusten dituen ondorioetarako, aipatutako ondasunaren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskineko mugaketarekin, II eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat.

Hirugarrena. Jabego Erregistroari agindu honen berri ematea, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan aurreikusten diren ondorioetarako.

Laugarrena. Oiartzungo Udalari bere hirigintza-araudia ondasun horretarako egokitu dezan eskatzea, Euskal Kultura Ondarearen Legeak xedatutakoa betetzeko.

Bosgarrena. Agindu hau jakinaraztea espedienteko interesdunei, Oiartzungo Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, Euskadiko Ur Agentziari «URA» eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari.

Seigarrena. Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Inskribatzeko den agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

  1. Justifikazioa.

    Errota osoan babestu beharrak justifikatzen du mugapen hau, zeinetan sartzen baita azpiegitura hidraulikoa, zeren funtsezko osagaia baita hura definitzeko; eta, areago, kontuan izanik presak badituela berezko balio bereziak; presa horrek bere aldetik ere merezi du babestea. Beraz, mugapen horretan sartzen dira honako hauek: presa bere parte guztiekin (alboko estribuak, presaren gorputza, kanalaren abiaburua), kanala eta ertzetan hustubidearekin izan daitezkeen horma indargarriak; eta antepara, estolda edo zoladurapeko ganbera eta lurpeko hustubide-sistema.

    Errota hartzen duen eraikuntza edukitzaile gisa sartzen da mugapean; zehazki, beheko solairuan eta estoldaren zoladurapeko ganberan, errotarako instalazioa eta makinaria edukitzeari dagokienez, soilik; eta gainerako eraikina Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritako babesetik kanpo geratzen dira, salbu eta edukitzailearen funtzioari eragin diezaiokeenari doakionez; betiere, gerora erakinaren gainean ezartzen diren beste babes-mota batzuk eragotzi gabe.

  2. Mugapena.

    Mugatutako aldea honelaxe definitzen da: presa eta ibilgu-linearen gaineko distantzia bat, 25 m-koa aurrealdean eta 50 m-koa atzealdean, eta 5 m-koa errekaren alde bietan.

    Kanala honako hauek mugatzen dute: iparraldetik, meatze-trenbideko bide berdea, eta, hegoaldetik, haren luzera guztian 3 m-ko zabalerako distantzia librea. Antepararen aldea honelaxe mugatzen da: iparraldetik eta ipar-ekialdetik bide berdea, errota-etxearen atzealdeko fatxada-lerrokaduraren luzapen-linearaino, eta gainontzeko aldeetan, anteparak egiten duen okupazioa bera.

    Errota hartzen duen eraikuntza sartzen da mugapenean, baina eraikuntza gisa inolako babesik gabe, halako moldez ezen honako hauek bakarrik mugatzen baitira babestutako alde gisa: makinaria dagoen beheko solairua, errota zaharreko paramentu-hormen eta gelaren banaketa markatzen duen habearen artean; eta estoldaren tunela, non kokatzen diren turbinak, parte horretan aurkitzen diren makinariaren osagaiekin, eta lurpeko hustubide-tunela, errekan amaitzen den arte.

    (Ikus .PDF)

Oiartzungo Ugaldetxo auzunean kokatzen da Yurrita errota, Ihurrita bidea deritzon errepidearen aldean. Eraikuntza errepidearen alboan dago, Oiartzungo industria-poligonoaren bestaldean. Joan den mendeko eraikin bat da, 70ko hamarkadakoa; etxe zaharraren lekuan altxatua, estolda edo errotapearen gainean, eta beheko solairuan kontserbatu egiten du errotako makinaria, zeina orain dela 10 urtera arte martxan izan baitzen. Biltegi-sala baten eta errotarako geletan ohiko denaren arabera goratutako solairu baten, kokatzen dira pare bi errotari euren kutxarekin, toberak, behealdean azpilak, garabi-besoa eta halako instalazioetarako ohiko diren gainerako lanabesak eta osagarri lagungarriak.

Estolda ganbara gangadun bat da eraikuntzaren azpian, non kokatzen diren bi turbina metaliko, zeintzuek, sifoietatik jausten den uraren indarrez, errotarriak mugitzen dituzten. Kanal-tunelaren bidez egiten da hustuketa, hormigoizko zoladuraren azpitik eta errekaraino doan lurpeko gangadun tartean zehar.

Azpiegitura hidraulikoa hego-ekialdean kokatzen da, eta honako hauek osatzen dute: erakinaren alboko antepara handia, aldi bateko meatze-trenbidearen (egungo bide berdea) paraleloa den 270 m-ko kanala, eta futbol zelaiaren atzealdean kokatutako presa.

Tamaina handikoa eta planta irregularrekoa da antepara, 30 m-ko luzaerarekin eta parte hedatuenean 6,5 m-ko zabalerarekin, etxeari lotutako fatxada-aurpegirantz mehartu egiten delarik. Antepararekiko alde hurbilenean kanala zabalagoa da, eta parteetariko batzuetan harlangaitzez egindakoa da.

Oiartzun ibaiaren ibilbideko erdialdean dago kokatua presa, meandro baten, non ibaia zabaldu egiten baita, terrenoko desnibel naturala aprobetxatuz. 22 m-ko luzera du eta oinarrian 6 m-ko zabalera, eta ibai-ohetik gora 1, 22 m-ko garaiera. Ez du ibai hondo handirik eta ezponda bikoitzaz eratua da. Goiko uren aldeko ezponda txikiagoa da, eta goialdean (0,60 m edo) kurbatura suabe bat du, tamaina handieneko isurialde-ezpondarantz doana. Presaren obra harlanduxkoa da, abiaburuen artean era longitudinalean kokatua dago, eta ondo finkatua dagoela ematen du. Eskuinaldean, hustubide edo kanal izateko pasabide txiki bat dago, harlanduxko zinta batez errematatua. 4 m-ko alboko estribuen bidez sendotzen da presa, eta eskumakoak hormigoizko jasodura handi bat du, non uhatearekin kanalaren hasierari bidea irekitzen zaion.

Yurritako egungo presa aldi bateko egurrezko presaren dokumentazioan aipatutakoaren segida da, eta, XIX. mendean, egurrezko horren gainean irekitakoa izango da seguruenik, hain justu ere harginen teknika tradizionalen arabera altxatua. Erakuntza-sistema ezezaguna da; baina, antzekoekiko analogia dela-eta, pentsa daiteke barrualdea harrizko material txikiz eraikia dela, eta baliteke egurrezko egituraren parteren bat kontserbatzea.

  1. mendearen hondarretik aurrera eta XVI. eta XIX. mendeen artean dokumentatua dago Yurrita errota; Yurritako maiorazkoaren jabetzen gaineko administrazio eta kudeaketari lotutako hainbat aipu dokumental jasotzen dira; errota maiorazko horren parte zen. Dokumentazioaren bidez patronatuaren (Yurrita-Zuaznabar-Zabala familiak) transmisioa jarrai daiteke, eta bai errotaren historiako zenbat jazoera ere: auziak, obrak. XIX. mendearen hondarretik 1923ra arte, Errenteriako Udalaren zentral elektriko gisa erabili zen errota; baina, hartarako egokitzapen-obra handiak egin ziren, estribuak eta ubidea sendotu eta handituz. XX. mende guztian zehar erabili zen instalazioa. Aldi horretan, hura mantendu eta kontsolidatzeko esku-hartzeak egiten jarraitu zen, sendotze-obretarako (estribuak.) hormigoia erabiliz.

    Oiartzungo alde horretako historiaren azken testigantza materiala da errota. Izan ere, delako aldea erabat aldatu baita, transformazio urbanistikoaren eta industria-poligonoak sortzearen ondorioz. Mende hasieran, Oiartzunen martxan ziren 20 errota inguru, eta aipagai duguna da egun geratzen diren bakanetarikoa. Eta aldi bateko aprobetxamenduko erakin zaharra iragan mendean desagertu bazen ere, erakin berriak, batetik, integratu egin zituen errota zaharraren parteak, eta, bestetik, errespetatu egin zituen jarduerarekin aurrera egitea posible egiten duten instalazioak eta parteak; betiere, jardueraren alderdi materialei (makinaria, lanabesak, ekoizpen-teknika, indar eragilea ekoiztea) eta immaterialei lotutako balio etnografikoa zainduaz.

    Azpiegitura hidraulikoa ere nabarmentzen da, batez ere presa. Elementu hori ondo eraikia da eta EAEn oso bakan gordetzen den tipologiakoa da, eta Oiartzun ibaiaren pasaia propioaren parte da, zeinetan gorde egiten baitira pasaia-balio naturalak. Baina, alde hori hurbil dago ingurumenaren aldetik hondaturik dauden beste batzuetatik. Presa balio naturaletan integratzen da eta ibaiko balio ikusizko eta estetikoen parte da; eta nahiz mendeetan zehar seguruenik sarritan berregin den, iraun egin du, bai historiaren testigantza gisa, bai bere xede ziren instalazioen testigantza gisa.

  1. Babestutako elementuan egiten diren esku-hartze guztien helburu dira: hura babestea eta gerora begira osorik transmititzea. Ildo horretan, ondoko hauek egoki kontserbatzea izan behar dute helburutzat jarduketek: azpiegitura hidroelektrikoa, errotako makinariak eta instalazioak; betiere, hura osatzen duten eta Ondasunaren mugapenean sartzen diren parte guztiak babestu eta gordeaz. Hori dela-eta, babestu beharreko elementuan egitekoak diren esku-hartzeak leheneratze zientifikoaren irizpide orokorren arabera egingo dira, eta azpiegitura hidraulikoa eta instalazioak konbertsatzeko egingo dira, eta bai elementuaren parte alteratuak lehengoratzeko ere. Halaber, mugaturiko eremuan egiten diren esku-hartzeek bermatu behar dute gorde egingo direla inguruneko pasaiaren ezaugarriak eta ingurumen-ezaugarriak, babestutako ondasunaren irudia eta adierazkortasuna ahuldu edo lorrindu gabe.

  2. Ondasunean jarduketak egin aurretik, esku-hartzeari buruzko proiektu tekniko bat egingo da, alorrean espezialista direnek egina. Eta jarduketok oinarri teknikoekin justifikatu beharko dira. Proiektuak elementuaren gaineko estudio analitiko bat jaso beharko du, eta bai exekuzio-proiektu bat ere. Behin esku-hartzea amaitu osten, jarduketari buruzko memoria bat egin beharko da, esku-hartze prozesua dokumentatzeko.

  3. Azpiegitura hidraulikoari dagokionez, kontsolidatzeko esku-hartzeak egitea beharrezko balitz, horiek honako hauei egokituko zaizkie: jatorriz erabilitako sistemari, teknikari eta eraikuntzako materialari. Kontserbazio prebentiboa (garbiketa, beharrezko kontsolidazio puntualak.) gauzatzen saiatu beharko da, eta desmuntatze-lanak kasu honetan bakarrik baimenduko dira: elementua zaharberritu edo kontserbatzeko jarduketak egiteko behar-beharrezko denean, eta, guztiarekin ere, kontserbatu behar den ondasunari txarrerako eragiten dion gorabehera barik burutu beharko dira aipatu operazioak. Halako jarduketa bat egitea ezinbestekoa bada, lanen kontrol arkeologikoa aurreikusi beharko da.

    Iragazkortasun biotikoa errazteko deribazio-kanal bat irekitzea ezinbestekotzat jotzen bada, presaren eta inguruaren ezaugarriak errespetatu eta zainduz egin beharko da esku-hartzea. Halako kasuan, ibaiaren ezkerreko ertzetik egingo da (kanaleko ertzaren aurrez aurre), abiaburua urari goiti egongo da eta elkargunea urari beheiti, gutxienez 5 m-ra eta 10 m-ra hurrenez hurren alboko estribotik; eta fabrika eta ezaugarri egokiekin, zehazki, babestutako ondasunaren eta bere ingurunearen ezaugarriekin bat datozenekin. Berariaz uzten dira bazter honako hauek: presan eskalak eta askak eraikitzeko jarduketak, obra arbitrarioki berriztatzea, eta elementuaren babes-aldean berrian berriz altxatutako eraikuntzak, instalazioak edo hesiak, eta bai ibaia kanalizatzeko obrak ere; zehazki, mugatutako aldean, babestutako ondasunari dagozkion ezaugarriekin eta inguru naturalarekin bat ez datozenak.

  4. Zein kokaleku adskribitzen zaien, hantxe iraun beharko dute errota-etxearen barnean diren ondasun higigarriak, salbu eta haiek kontserbatzeko gutxieneko kondizioak ez izan edo eraikuntzan egin beharreko jarduketen ondoriozko premiek aldatzea eskatu. Kasua bada, lekualdaketa eragin duten kausak konpondu ostean, makinaria jatorrizko kokalekuan ipiniko da.

  5. Erreminten eta makinariaren prebentziozko kontserbazioa egiteko ahaleginak egin beharko dira, hain justu ere konponketa- eta mantentze-lanak eginez, eta piezak eta parteak ordeztuz; betiere, haiek funtziona dezaten behar-beharrezko den kasuetan soilik. Kasu guztietan ere, antzeko ezaugarriak dituzten elementuak erabiliko dira; zehazki, instalazioaren sistema eragile eta mekanikoarekin bat datozenak.