Arautegia

Inprimatu

33/2018 DEKRETUA, martxoaren 6koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1584
  • Xedapen-zk.: 33
  • Xedapen-data: 2018/03/06
  • Argitaratze-data: 2018/03/23

Testu legala

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100. artikuluak ezartzen du irakaskuntzetan irakasle aritzeko beharrezkoa izango dela dagokion titulazio akademikoa eta Gobernuak irakaskuntza bakoitzerako ezartzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea. Halaber, ezartzen du hezkuntza-administrazioei dagokiela unibertsitateekin hitzarmen egokiak egitea prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa antolatzeko. Prestakuntza hori goi-mailako hezkuntzaren Europako graduen eta graduondokoen sistemara egokituko da.

Abenduaren 27ko ECI/3854/2007 eta ECI/3857/2007 ministerio-aginduek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasle-lanetan aritzeko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak ezartzen dituzte, hurrenez hurren. Titulu horiek graduko unibertsitate-irakaskuntza ofizialak direla onartzen dute ministerio-agindu horiek. Halaber, agindu horiek zehazten dute aipatutako irakaskuntzen plangintzan ezaugarri hauek izango dituen practicum bat jasoko dela: presentziala izango da, unibertsitateko irakasleen eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako irakasleen tutoretzapean egingo da (praktiketako tutore izateko onartuta egon beharko dute), eta Haur Hezkuntzako edo Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan egingo da, hezkuntza-administrazioen eta unibertsitateen arteko hitzarmenen bitartez, zeinak praktiketako prestakuntza-zentro onartu izan beharko duten.

Bestalde, azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuan, non Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta erregimen bereziko ikasketen irakaskuntzan jarduteko prestakuntza-betekizunak zehazten eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoen espezialitateak ezartzen baitira, 9. artikuluan, zehaztuta dago ezen, derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide-heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan irakasle izateko, beharrezkoa dela prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatzen duen master-titulu ofizial bat izatea, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak eskatutakoarekin bat.

Unibertsitateko irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak unibertsitateko master-tituluak diseinatzeko egitura eta gidalerroak ezarri ditu. Geroago, abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Ministerio-aginduak (abenduaren 16ko EDU/3498/2011 Aginduaren bidez aldatua) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-titulu ofizialak egiaztatzeko betekizunak zehaztu ditu, eta nahitaez praktikaldi presentzial bat egin beharko dela ezarri du. Practicum hori hezkuntza-erakundeekin lankidetzan egingo da, unibertsitateen eta hezkuntza-administrazioen arteko hitzarmenen bitartez. Halaber, xedatzen du parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa onartuak izan daitezela, bai eta ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere.

Praktikaldiaren helburuak hauek dira: eskarmentua lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko; irakasle-lanerako ahozko eta idatzizko adierazpena ongi menderatzen dutela egiaztatzea, eta ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea.

Irailaren 23ko EDU/2645/2011 Aginduak zeinaren bidez irakaskuntzarako titulu baliokidea duten baina masterreko ikasketak egin ezin dituztenentzat eskatzen den prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baliokidea ezartzen baita Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2. artikuluan eskatutako prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea egiaztatzen duen ziurtagiri ofiziala lortzeko ikasketen betekizunak definitzen ditu, irakaskuntza-ondorioetarako lanbide-heziketako edo kiroletako irakaskuntzetarako baliokidetzat jotako titulazio bat izan eta irakaskuntza horiek ematen aritu nahi dutenentzat. Prestakuntza honen plangintzan practicum bat aurreikusten da, hezkuntza-administrazioek ezarritako irakaskuntzak ematen dituzten hezkuntza-erakundeekin lankidetzan egingo dena, eta horren kredituak presentzialak izango dira. Practicuma egiten parte hartzen duten hezkuntza-erakundeak praktika-zentro gisa onartu beharko dira, bai eta ikasleen orientazioaren eta tutoretzaren ardura izango duten tutoreak ere.

Aplikatzekoa da baita ere 592/2014 Errege Dekretua, azaroaren 18koa, unibertsitate-ikasleen kanpoko jarduera akademikoak arautzen dituena. Errege Dekretu horrek Goi Hezkuntzako Europar Eremua eraikitzeko prozesua dela-eta eratutako unibertsitate-irakaskuntza ofizialen antolamendu berriari erantzuten dio, eta indarreko legedian aurreikusitako alderdi batzuk garatu, zehaztu eta argitzen ditu, esaterako, honako hauek: praktiken helburuak, erakunde laguntzaileak eta hartzaileak, betekizunak, tutoretzak eta hezkuntza-alorreko lankidetza-hitzarmenen edukiak. Gainera, arautegi horrekin praktiketako ikasleak administrazio publikoetan eta enpresa pribatuetan sartzea sustatu nahi da, etorkizuneko profesionalen enplegagarritasuna bultzatuz, haien ekimen-gaitasuna, sormena eta berrikuntza sustatuz eta ezagutzaren gizartean oinarritutako eraldaketa ekonomikoarekiko konpromisoari erantzuna emanez.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Heziberri 2020 plana onartu du, hezkuntzari eta prestakuntzari dagokienez 2020rako Europako esparruak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari gure testuinguru eta inguruneko berezko hezkuntza-erronkekin erantzuten diona, eta zeinaren xedea baita kalitatezko euskal hezkuntza-sistema bat lortzea, ekitatetik abiatu eta bikaintasunerantz joko duena. Era berean, honako dekretu hauek onartu ditu: 236/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena; 237/2015 Dekretua, abenduaren 22koa, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa; eta, 127/2016 Dekretua, irailaren 6koa, Batxilergoko curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzekoa. Horietan adierazten denez, euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, ezin hobeto ekin ahal izateko beren egitekoei; gainera, profil horren zenbait alderdi zehazten dira.

Halaber, adierazten da hezkuntzak pertsonen garapen integrala lortzen laguntzen duela, alde batera utziz sexuaren araberako estereotipoak eta rolak, bai eta bereizkeria mota oro ere, generoaren eraginik gabeko orientazio akademikoa eta profesionala bermatuz, eta, helburu horrekin, ikastetxeek emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna bultzatuko dutela alor guztietan: curriculuma, antolaketa eta abar. Beraz, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 28ko 4/2005 Legearen IV. kapituluan xedatzen dena aplikatuz, arau hau egitean eta aplikatzean modu aktiboan izango da kontuan emakumeen eta gizonen berdintasunaren helburua.

Hezkuntza Sailak badaki zein garrantzitsua den hasierako prestakuntza zorrotza eta kalitate handikoa eskaintzea etorkizunean irakasle izango direnei, euskal hezkuntza-sistemaren funtzionamendu egokia eta kalitatea bermatzeko. Horregatik bultzatu nahi ditu, hain zuzen ere, jardunbide egokiak dituzten hezkuntza-zentroen parte-hartzea eta hezkuntza-berrikuntza eta -esperimentazioarekin konprometitutako irakasle eskarmentudunen lankidetza. Horrez gain, egiteko horri merezi duen aintzatespena eman nahi dio.

Horren guztiaren ondorioz, nahitaezko txostenak emanda eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako derrigorrezko izapideak egin ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 6an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan funts publikoz finantzatutako unibertsitatez kanpoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan unibertsitate-titulazio hauen practicuma egiteko betekizunak ezartzea: Haur Hezkuntzako Gradua, Lehen Hezkuntzako Gradua eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle izateko gaitzen duen masterra, baita, lanbide-heziketako irakaskuntzan aritzeko eskatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa lortzeko, titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari dagozkionak ere.

  2. Halaber, dekretu honen xedea da, baita ere, praktiketako prestakuntza-zentroak onartzeko eta praktikak egingo dituzten ikasleen irakasle tutoreak egiaztatzeko betekizunak ezartzea.

Dekretu honetako xedapenak honako hauei aplikatuko zaizkie:

  1. Funts publikoz finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko nahiz itunpeko pribatuei, heziketa berezikoak barne; hain zuzen ere, erregimen orokorreko Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta erregimen bereziko ikasketen edo helduen hezkuntzako irakaskuntzan aritzen direnei.

  2. Aurreko idatzi-zatian adierazitako ikastetxeetan lanean aritzen diren irakasleei.

  3. Irakasle izateko gaitzen duten tituluak lortzera bideratutako unibertsitate-irakaskuntzen practicuma egiten ari diren ikasleei.

    Haur Hezkuntzako Gradua.

    Lehen Hezkuntzako Gradua.

    Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterra.

    Titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokideko unibertsitate-ikastaroa, lanbide-heziketako irakaskuntzan aritzeko eskatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa lortzeko dena.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, practicumeko ikasletzat hartuko dira aipatu unibertsitate-tituluetan eta prestakuntzan matrikulatutako ikasleak hezkuntza-alorrean eskumena duen sailari jakinarazi eta 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria lortzeko onespena eman eta gero practicuma egiteko lankidetza-hitzarmen bat izenpetu duen unibertsitate batek praktiketako prestakuntzako ikastetxe bati esleituak.

  2. Ikasleek eskubide hauek izango dituzte prestakuntza-zentroan praktikak egiten ari diren bitartean:

    1. prestakuntza-zentroan esleitu dieten irakasle tutorearen tutoretza jasotzekoa.

    2. Unibertsitateak ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa izatekoa.

    3. Informazioa eskuratzeko, ebaluaziorako eta praktikak egiteko behar dituzten baliabideak izatekoa.

    4. Sexuagatik bereizkeriarik ez jasatekoa eta desberdintasunean begirunez tratatua izatekoa.

  3. Era berean, honako hauek izango dira ikasleen betebeharrak:

    1. Unibertsitateak praktiken inguruan ezarritako arauak betetzea.

    2. Praktiken eta praktiken barruan adostutako jardueren prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, prestakuntza-zentroko praktiketako irakasle tutorearen argibideei jarraituz, eta unibertsitateko tutorearen gainbegiratupean.

    3. Adostutako datan dagokion prestakuntza-zentroan praktiketan hastea, prestakuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea eta prestakuntza-zentroaren funtzionamendu- eta antolaketa-arauak errespetatzea.

    4. Praktiketako prestakuntza-zentroaren barneko informazioa isilpean gordetzea, bai praktikek dirauten bitartean, bai ondoren.

    5. Une oro, errespetuz jokatzea prestakuntza-zentroarekin, bertako irakasleekin, ikasleekin eta haien familiekin.

  1. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak praktiketako prestakuntza-zentro gisa onartutako zentroetan bakarrik egin ahalko da practicuma.

  2. Hauek dira praktiketako prestakuntza-zentro gisa onartzeko betekizunak:

    1. Irakaskuntza hauetakoren bat ematea: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, erregimen bereziko ikasketak edo helduen hezkuntzako irakaskuntza.

    2. Ordezkaritza Organo Gorenaren onespena izatea, zentro publikoen kasuan, edo eskola-kontseiluarena, itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, betiere ikastetxeko zuzendaritzak proposatzen badu eta irakasleen klaustroak dioena kontuan hartuta.

    3. Praktiketako irakasle tutore gisa egiaztatuak izan daitezkeen irakasleak izatea.

  3. Ofizioz onartuko dira praktiketako prestakuntza-zentro gisa hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak sustatutako edo bultzatutako berrikuntza-proiektuak eta jarduketa metodologikoak garatzen dituzten zentroak, baita euskal hezkuntza-sistemaren kalitate eta bikaintasunaren erakunde-helburuak lortzen laguntzen duten ikastetxe-sareetan eta kalitate-esperientzietan integratutako zentroak ere, betiere aurreko zenbakian ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.

  4. Ikastetxeak praktiketako prestakuntza-zentro izateko onartzeak esan nahi du jardun horretan irauteko asmoa dutela. Dena den, honako kasu hauetan praktiketako prestakuntza-zentro onartu izateari utziko diote:

    1. Zentro onartu izateko betekizunen bat betetzeari uzten badiote.

    2. Praktikak egiten diren bitartean dauden betebeharrak eta konpromisoak betetzeari uzten badiote.

    3. Praktiketako prestakuntza-zentro onartu izateari ukoa behar bezala justifikatu eta organo eskudunari bidaltzen badiote. Uko egiteak ez du ondoriorik izango ikasturtea amaitzen den arte eta, nolanahi ere, ikastetxeak hartutako ikasleen praktikaldia amaitzen den arte.

  5. Praktiketako prestakuntza-zentroek ez dute diru-kopururik jasoko bertako instalazioetan egiten diren praktiketako jarduerak konpentsatzeko.

  1. Praktiketako irakasle tutore dira praktiketako prestakuntza emateko onartuta dauden zentroetan lanean ari diren irakasleak, baldin eta orientazioko eta tutoretzako ekintzak egiten badizkiete haiei esleitutako graduko edo masterreko unibertsitate-tituluarekin erlazionatutako practicuma egiten ari diren ikasleei.

  2. Hauek dira praktiketako prestakuntzako irakasle tutore izateko egiaztagiria jasotzeko betekizunak:

    1. Zentro publikoa bada, gutxienez hiru urteko antzinatasuna izatea irakaskuntza publikoan, eta praktiketako prestakuntza-zentroan, gutxienez, ikasturte oso batean aritu izana. Itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan, praktiketako irakasle tutore izan daitezke gutxienez hiru ikasturte osotan irakasle aritu direla eta praktiketako prestakuntza-ikastetxean gutxienez ikasturte oso batean lanean aritu direla egiaztatzen dutenak.

    2. Onartutako prestakuntza-zentroan praktiketako tutore izan nahi duen hezkuntza-etapan lanean aritzea, eta ikasturte amaierara arte bertan lanean aritzeko konpromisoa hartzea.

    3. Praktiketako tutore izan nahi den ikastetxeko zuzendariaren aldeko txostena izatea; txosten guztiak egiteko irizpide objektibo eta komun batzuk jarraitu behar dira. Horretarako, lehentasunezko irizpidetzat hartuko dira hauek: ikastetxean behin betiko lanpostua izatea, zentro publikoen kasuan, edo, bestela, kontratu finkoa izatea, itunpeko zentro pribatuen kasuan; ikasleen tutore lanetan esperientzia izatea; tutoretzaren eremuko irakasleen prestakuntza-jarduerak eginda izatea; eta berdintasunaren eta hezkidetzaren arloan gutxieneko trebakuntza izatea.

    4. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak unibertsitateekin koordinatuta praktiketako ikasleen tutoretza-lanetan aritzera bideratutako prestakuntza-jarduerak egiteko konpromisoa hartzea.

  3. Ikasturte batean, oro har, gehienez ere practicuma egiten ari diren bi ikasle izango ditu tutore bakoitzak. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak salbuespenak aurreikusi ahalko ditu hori justifikatzen duen proiektu estrategiko bat baldin badago.

  4. Honako hauek dira praktiketako tutorearen egitekoak:

    1. Ikastetxeko praktiken koordinatzailearekin eta unibertsitatean praktiken ardura duenarekin elkarlanean aritzea, bi erakunde horien artean egin behar den lana koordinatzeko, eta praktiketako ikasleei behar bezalako harrera egingo zaiela ziurtatzea, ikasturtean zehar ezartzen diren aldietan.

    2. Practicumean egin beharreko zereginen inguruan ikasleen autonomia eta erantzukizun-sena bultzatzea.

    3. Hezkuntzaren arloko kultura profesionala sustatzea, hezkuntza berriztatzea eta irakasle-funtzioaren balio gisa erantzukizun eta konpromisoa defendatuko dituena.

    4. Tutoretzapean duen praktiketako ikasleak egin behar dituen jarduera hezigarri orokorrak ikuskatzea.

    5. Ikasleek egin beharreko praktiketako plan orokorraren barruan berariazko jarduera hezigarriak proposatzea.

    6. Ikasgela-praktikak egiten diren bitartean ikasleari laguntzea eta harekin egotea, kasu bakoitzean erabakiz ikasleak bere zeregina egiteko zer autonomia-maila behar duen.

    7. Praktiken prestakuntza-prozesua ebaluatzea, ikasleari bere jardunaren ahulgune eta indarguneak jakinaraziz, betiere jardun hori hobetze aldera.

    8. Praktiketako ikaslearen esku jartzea agintzen zaizkion jarduera hezigarriak prestatzeko ikastetxeak dituen baliabideak, bereziki arloko programazioak edo didaktika saileko materiala.

    9. azken txostena egitea praktiketako ikasleek lortutako konpetentziak ebaluatzeko, tituluaren memoria egiaztatuak onartutako ebaluazio-ereduaren arabera.

  5. Praktiketako tutore egiaztatu izateari uzteko arrazoiak hauek dira:

    1. Egiaztapena izateko betekizunen bat betetzeari uztea.

    2. Praktikak egiten diren bitartean dauden betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea.

    3. Praktiketako tutore izateko egiaztagiriari modu arrazoituan uko egitea. Uko egite horrek ez du ondoriorik izango ikasturtea amaitzen den arte eta, nolanahi ere, praktiketako tutoreak hartutako ikasleen praktikaldia amaitzen den arte.

  1. Praktiketako koordinatzaile bat eduki behar du praktiketako prestakuntza-zentro bakoitzak. Haren ardura izango da praktikak behar bezala egiten ari direla zaintzea. Ikastetxeko zuzendaria izango da praktiketako koordinatzailea; zeregin hori, hala badagokio, ikasketaburuari eskuordetu diezaioke. Ikastetxe batean praktiketako bi ikasle edo hori baino gutxiago badaude, irakasle tutoreetako bat izango da koordinatzailea.

  2. Honako hauek dira praktiketako koordinatzailearen egitekoak:

    1. praktikak koordinatzea, horien garapena zaintzea eta gai horren inguruan hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak eskatzen dion informazioa bidaltzea.

    2. Ikasle bakoitzaren practicumaren tutoretza horretarako egiaztatutako irakasleetako bati esleitzea. Zeregin hori emateko, kontuan hartuko da irakasleak prest dauden zeregin hori hartzeko, zer esperientzia profesional duten eta irakasleen prestakuntzan zer esperientzia duten.

    3. Praktiketako ikasleek ikastetxean egiten duten egonaldia erraztea eta egiten ari diren praktiken inguruan behar duten informazioa ematea.

    4. Ikasle bakoitzarentzako programa indibidualizatu bat zehazten laguntzea; unibertsitateko erreferenteekin koordinatuta egingo da lan hori.

    5. Unibertsitateko erreferenteekin lankidetzan aritzea, bi erakundeetan egin beharreko lana koordinatzeko.

    6. Praktiketako ikasleen prestakuntza-prozesuan tutore bakoitzak zer eginkizun duen zehaztea.

    7. Praktiketako ikasleen espazioak eta ordutegiak antolatzea.

    8. Unibertsitatean praktiken ardura dutenek praktiketako ikasleen tutoreekin egin beharreko bileren egutegia prestatzea.

    9. Praktikak hastean ikasleei harrera egin eta laguntzea.

    10. Praktiketako ikasleei ikastetxearen hezkuntza- eta curriculum-proiektua eta ikastetxearen kudeaketa eta antolaketa azaltzea, eta praktikak egiteko behar dituzten dokumentuak ematea.

    11. Praktiketako ikasleei ikastetxearen gizarte- eta hezkuntza-testuinguruaren berri ematea.

    12. Praktiketako ikasleek ikastetxearen bizitza instituzionalean parte har dezaten laguntzea: klaustroan, sailetan, batzordeetan eta tutoretzetan, besteak beste.

    1. Praktiketako ikasleen eskura jartzea praktikak hobeto egiten laguntzeko ikastetxeak dituen baliabideak.

  1. Funts publikoz finantzatutako praktiketako prestakuntza-zentroetan egiten diren praktikak honako hauetan ezarritakoaren arabera garatuko dira: indarrean dagoen araudian, dekretu honetan, eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak eta 1. artikuluan zehaztutako titulazioak ematen dituzten unibertsitateek izenpetutako lankidetza-hitzarmenen esparruan.

  2. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak unibertsitateek egindako eskarira egokituko du prestakuntza-eskaintza, betiere onartutako prestakuntza-ikastetxeen zerrenda eta etapa eta espezialitate desberdinetarako egiaztatutako irakasle tutoreen zerrenda aintzat hartuta.

  3. Ikasle bakoitzak practicumean egin beharreko jardueren plangintza programa indibidualizatu bati jarraituz egingo da; programa hori elkarrekin landuko dute unibertsitate-erreferenteek eta ikastetxe bakoitzeko praktiketako koordinatzaileak.

  4. Ikastetxeko praktika-koordinatzaileak talde-lana eta elkarlana sustatuko ditu praktiketako prestakuntza-zentro berari esleitutako praktiketako ikasleen artean, bai eta praktiketako irakasle tutoreen eta practicumeko unibertsitate-irakasleen artean ere.

  5. Zuzendaritza-taldeak praktiketako ikasleei prestakuntza egokia ematen zaiela zaindu behar du; prestakuntza horretan honako hauek sartuko dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioa, metodologia berritzaileak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, euskararen kalitatezko erabilera eta atzerriko hizkuntzen erabilera.

  6. Praktiketako ikasleek ezingo dituzte irakasle tutoreari dagozkion irakaskuntza-jarduerak egin, eta kolaboratzaile gisa hartu behar dira hezkuntza-jardueretan.

  7. Unibertsitateko ikasleek ikastetxeetan egingo dituzten egonaldiek ez dakarkiote inolako lotura edo lan-harremanik hezkuntza-alorrean eskumena duen sailari, eta ez dute inolako ordainsaririk jasoko.

  8. Practicumeko ikasleek haien zeregina eta ondoriozko ardurak aurrera eramateko behar dituzten aseguruak izango dituztela bermatu beharko dute unibertsitateek, kontuan hartuz, betiere, unibertsitateko ikasleak direla.

  9. Unibertsitateek baimena eskatuko diete praktiketako ikasleei Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria lortzeko beharrezko diren datu-baseak kontsultatzeko. Kontratatutako pertsonalak sexu-askatasun eta sexu-ukigabetasunaren aurkako delituren batengatik ez duela epai irmo bidezko zigorrik jaso egiaztatzeari buruzkoa da artikulu hori, eta Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzen du partzialki.

  10. Praktiketako prestakuntza-zentroek eta unibertsitateek praktiketan gertatzen diren gorabehera nabarmenen berri emango diote dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari.

  1. Hitzarmena izenpetu duten Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek practicumaren garapenarekin erlazionatutako jarduketa hauek egingo dituzte:

    1. Ikasturte bakoitzean practicuma egin behar duten matrikulatutako ikasleen zerrenda bidali hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari; ikasle bakoitzeko, zehaztu beharko dute ikasleari esleituko zaion irakasle tutoreak zer etapa edo espezialitatekoa izan behar duen eta praktikak zer lurraldetan egitea gustatuko litzaiokeen. Zerrendaren amaieran, adierazi beharko da guztiengandik lortu dela, haien onespenarekin, Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikuluan aipatzen den ziurtagiria, eta guztiek betetzen dituztela adingabeekin ohiko harremana izatea dakarten jarduerak burutzeko betekizunak.

    2. Practicumaren plangintza orokorra egin eta, hezkuntza-alorrean eskumena duen sailarekin batera, ikastetxeetan praktikak egiteko egutegia eta ordutegia zehaztu.

    3. Prestakuntza-proiektua egin eta praktiketako irakasle tutoreei eta koordinatzaileari eman; prestakuntza-proiektuan zehaztu behar da zer konpetentzia lortu nahi diren, ikasketaren helburuak zein diren, zer ebaluazio-irizpide erabiliko diren, kalifikazioan nola hartuko duten parte, eta unibertsitateko tutoreek eta ikasleek zer ardura eta konpromiso dituzten. Prestakuntza-proiektu hori programa indibidualizatu batean zehaztuko da, eta ikastetxearekin koordinatuta egingo da.

    4. Practicumeko ikasleei praktiketako prestakuntza-zentro gisa onartutakoen artetik zein ikastetxe dagokien erabaki.

    5. Hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari edo haren eginkizunak esleituta dituenari txosten bat bidali ikasturtearen amaieran, uztailaren 1a baino lehen; txosten horretan jaso behar da praktiketako ikasleak hartu dituzten prestakuntza-zentroen zerrenda, eta hau zehaztu behar da prestakuntza-zentro bakoitzeko: ikastetxeko praktiketako koordinatzailea zein izan den, praktiketako ikasle bakoitzaren tutorea zein izan den, praktikak zer etapa edo espezialitatetakoak izan diren, eta irakasle tutoreek egindako lanak balorazio positiboa edo negatiboa izan duen tutoretza jaso duten ikasleen aldetik. Txosten horretan, zer gorabehera izan den ere jaso behar da, bai eta nola konpondu diren eta hurrengo ikasturterako zer hobekuntza-proposamen egiten den ere.

    6. Prestakuntza-zentroei eta haietako praktiketako irakasle tutoreei eta koordinatzaileei unibertsitateko hainbat zerbitzu erabiltzeko erraztasunak eman behar zaizkie, unibertsitate bakoitzak eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak izenpetutako hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

    7. Unibertsitatearen eta praktiketako prestakuntza-zentroen arteko ikerketako eta hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatu, eta praktiketako irakasle tutoreak unibertsitateko sail eta zentroekin batera ikerketa-proiektuetan aritu daitezen bultzatu.

  2. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak jarduera hauek egingo ditu:

    1. Praktiketako prestakuntza-zentroak onartu eta praktiketako irakasle tutoreak egiaztatu.

    2. Dagokien unibertsitateei, praktikaldiak egingo diren ikasturtea hasi aurreko ekainean, izendatutako prestakuntza-zentroen eta egiaztatutako irakasle tutoreen zerrenda eman, unibertsitateek beren ikasleak praktiketako prestakuntza-zentro onartuetan egokitu ditzaten.

    3. Practicum-prozesuetan sartuta dauden fakultate eta eskolekin lankidetzan, berariazko prestakuntza-jarduerak sustatu unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako irakasleentzat, eta sailak antolatzen dituen prestakuntza-ekintza batzuk nagusiki praktiketako irakasle tutoreentzat izango direla bermatu.

  3. Euskal Unibertsitate Sistemako unibertsitateek eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak ekintza hauek egingo dituzte elkarrekin:

    1. Practicuma antolatzen eta egiten elkarlanean aritu.

    2. Practicumaren egutegia elkarrekin egin.

    3. Practicuma hobetzeko tresnak eta proposamenak lantzeko lan egin.

Irakasle izateko gaitzen duten irakaskuntzak estatu espainiarrean baina Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo kokatuta dauden unibertsitateetan egiten dituzten ikasleek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta badaude, Euskadiko hezkuntza-sistemak praktiketako prestakuntza-zentro gisa onartutako prestakuntza-zentroetan egin ahalko dituzte praktikak. Horretarako, ezinbestekoa da lankidetza-hitzarmen bat sinatzea Eusko Jaurlaritzan hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak eta dena delako unibertsitateak.

  1. Hurrengo ikasturterako prestakuntza-zentro bezala onartuak izan nahi duten ikastetxeek eskabidea aurkeztuko dute gainerako agiriekin batera eta I. eranskinaren arabera hezkuntza-alorrean eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzetan, edo zuzenbidean onartutako beste edozein bide erabilita. Eskaera egiteko epea hurrengo ikasturtea hasi aurreko apirilaren lehenengo egun baliodunean hasi eta maiatzaren 31n edo hurrengo egun baliodunean amaituko da.

  2. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Ordezkaritza Organo Gorenaren edo eskola-kontseiluaren onespena justifikatzeko agiria, kasu bakoitzean dagokionaren arabera.

    2. Ikastetxearen txostena adieraziz, batetik, practicumeko zenbat ikasle har ditzakeen, praktikak zer etapa eta alorretan edo gaietan egin ahal izango diren, proposatutako praktiketako irakasle tutoreen eta koordinatzaileen zerrenda, betiere egiaztatuta irakasle tutore eta koordinatzaile izateko dekretu honetan eskatutako betekizunak betetzen dituztela. Bestetik, zehaztuko da practicumeko ikasleei zuzendutako lan-plana, non honako hauek jasoko baitira: ikastetxearen ezaugarriak, ikastetxearen harrera-plana eta baliabide didaktikoak eta materialak, ikastetxeak metodologia berritzaileetan eta hezkuntza-proiektuetan duen inplikazioa.

  3. Praktiketako prestakuntza-zentro bezala onartutako ikastetxeek urte bakoitzeko maiatzaren 31ra arte dute hezkuntza-alorrean eskumena duen sailaren lurralde-ordezkaritzei adierazteko ikastetxeak zer baliabide dituen, hau da: practicumeko zenbat ikasle har ditzaketen, zer irakasle tutore proposatzen dituzten, etapak eta espezialitateak adierazita, eta praktiketako koordinatzailea nor izango den. (II.eranskina)

Hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari dagokio praktiketako prestakuntza-zentroak onartzeko eta zentro horietako irakasle tutoreak egiaztatzeko prozeduraren kudeaketa, bai eta onarpenaren edo egiaztapenaren iraungitzearena edo amaitzearena ere.

  1. Jasotako eskabideak aztertu eta ikastetxe eskatzaileak eta proposatutako irakasle tutoreek betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hezkuntza berriztatzeko lurralde-zerbitzuek praktika-zentroak onartzeko proposamena egin eta hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzari helaraziko dio.

  2. Hezkuntza berriztatzeko lurralde-zerbitzuek egindako proposamena ikusi ondoren, hezkuntza- berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaritzak ebazpena emango du, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta sei hilabeteko epean.

  3. Ebazpena lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan argitaratuko da, eta dagokion hitzarmena izenpetu duten unibertsitateei bidaliko zaie, jakinaren gainean egon daitezen.

  4. Ebazpenean alderdi hauek jaso behar dira: ikasturterako onartu diren prestakuntza-zentroen zerrenda, ikastetxe bakoitzean practicumeko zenbat ikasle hartuko diren adierazita; onartutako irakasle tutore egiaztatuak eta ikastetxeko praktiketako koordinatzailea nor diren, eta baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zehaztuz.

  5. Lehenengo zenbakian aurreikusitako epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak baietsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24.2. artikuluan ezarritako ondorioetarako.

  1. Irakaskuntzan aritzeko gaitzen duten titulazioak lortzeko ikasketak egiten dituzten unibertsitate-ikasleek prestakuntza-zentro gisa onartutako zentroetan egindako praktikak ebaluatu eta haien jarraipena egiteko, batzorde misto bat eratuko da, bi sexuen ordezkaritza orekatua izango duena gutxienez % 40an, non honako hauek parte hartuko baitute: hezkuntza-administrazioak, prestakuntza-zentro gisa onartutako zentroek eta hezkuntza-alorrean eskumena duen sailarekin hitzarmena izenpetu duten unibertsitateek.

  2. Honako hauek dira jarraipen-batzordearen egitekoak: ikasturte bakoitzean prestakuntza-zentroetan egiten diren praktiken garapena ebaluatzea, onartutako prestakuntza-zentroen eta egiaztatutako tutoreen eskaintzaren eta praktiketako ikasleen demandaren arteko erlazioa aztertzea, eta praktiken garapena hobetzeko neurriak proposatzea, praktiketako ikasleek zein prestakuntza-zentroek ahalik eta aprobetxamendu gehien lor dezaten.

  3. Honako hauek izango dira Jarraipen Batzordeko kideak:

    1. Hezkuntza-berriztatzearen alorrean eskumena duen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena, zeina batzordeburu izango baita.

    2. Ikastetxeen zuzendaria edo hark eskuordetzen duena.

    3. Ikuskatzailetza Orokorraren ordezkari bat.

    4. Prestakuntza-zentro izendatutako zentroen bi ordezkari.

    5. Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitate bakoitzeko ordezkari bat eta hezkuntza-administrazioak practicuma egiteko hitzarmena izenpetu duten gainerako unibertsitateen ordezkari bat.

    6. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailean irakasleak prestatzeko ardura duen pertsona, zeina batzordeko idazkari izango baita.

  1. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak practicuma egiteko onartutako ikastetxeak «praktiketako ikasleen prestakuntzarako zentrotzat» joko dira, unibertsitateko ikasleen praktiketako prestakuntzaren alorrean unibertsitate bakoitzarekin egindako lankidetza-lanarengatik aldeko balorazioa jaso ondoren, eta, beraz, aipamen hori jakitera eman ahalko dute, ingurune digitalean zein analogikoan.

  2. Hezkuntza-alorrean eskumena duen sailak ebaluazio positiboa izan duten praktiketako koordinatzaile edo irakasle tutoreen lana merezimendu profesional gisa aitortuko du lehiaketa eta merezimendu-deialdietan eta haien lanbide-sustapenean. Beraz, ikasturte bakoitzaren amaieran 10 prestakuntza-ordu aitortuko zaizkie praktiketako irakasle tutoreei, eta hori merezimendu-baremoan 0,10 puntu izatearen baliokidea da. Praktiketako koordinatzaileari, berriz, 30 ordu aitortuko zaizkio prestakuntza- eta hobekuntza-jarduera gainditu gisa.

  3. Unibertsitate bakoitzak, hezkuntza-alorrean eskumena duen sailarekin izenpetzen duen hitzarmenean, egin duten tutoretza- edo koordinazio-lana dela-eta praktiketako prestakuntza-zentroetako irakasleei eskainiko dizkien aintzatespenak sartuko ditu.

Indargabetuta geratzen da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2010eko uztailaren 26ko Agindua, baldintzak ezartzen dituena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntza Ikasketetan irakasle izateko gaitzen duten master-tituluen practicumeko zentroak eta irakasle-tutoreak onartzeko, 2010-2011 ikasturterako.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko martxoaren 6an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

Zentroa: ..................................................

(Ikus .PDF)

......................................................... jaunak/andreak, titulartasun ............................................... duen ...................................... ikastetxearen zuzendari naizenez,

Adierazten dut:

Betetzen ditugula praktiketako prestakuntza-zentro onartu izateko betekizunak, 2018ko martxoaren 6ko Dekretuan xedatutakoa betez. Agindu hori Hezkuntzako sailburuarena da, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan irakasle izateko gaitzen duten unibertsitate-ikasketen practicumari eta titulazioa dela-eta masterreko ikasketak egin ezin dituzten pertsonentzako prestakuntza baliokidearen practicumari buruzkoa.

Horregatik, hau eskatzen dut:

........../.......... ikasturtean, praktiketako prestakuntza-zentro onartu izanik, Haur Hezkuntzako Graduko, Lehen Hezkuntzako Graduko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle izateko gaitzen duen masterreko ikasleak praktiketan hartzea.

Horretarako agiri hauek gehitzen ditugu:

Praktiketako irakasle tutoreen eta koordinatzailearen zerrenda; horiek guztiek betetzen dituzte agindu honek ezarritako betekizunak, eta zuzendaritzak proposatu ditu ............/.......... ikasturterako. (II.eranskina)

Ordezkaritza Organo Gorenaren (ikastetxe publikoen kasuan) edo eskola-kontseiluaren (itunpeko ikastetxe pribatuen kasuan) onarpen-agiria.

Praktiketako ikasleentzako lan-plana, dekretuaren 10.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.

................./............ ikasturtean ikastetxeak parte hartuko duen proiektuen eta programen zerrenda, dekretuaren 4.3 artikuluan jasotakoaren arabera.

.............................(e)n, .............................(e)ko .....................(a)ren .............. (e)(a)n.

Ikastetxeko zuzendariaren sinadura

....................ko Hezkuntzako lurralde-ordezkaria.

  1. Praktiketako koordinatzailea.

    (Ikus .PDF)

  2. Praktiketako irakasle tutoreak.

    (Ikus .PDF)