Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia
SANO- Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren bidez, mende honetan osasun publikoan dagoen erronka nagusietako bati helduko zaio eta, horretarako, batik bat jarduera fisikoa eta elikadura osasungarria sustatzeko neurriak hartuko dira. Planaren helburua haur eta gazteek osasuntsu bizitzeko dituzten gaitasunak hobetzea eta jokabide ez-osasuntsuen arriskuak murriztea da, beren ingurunean elkarreraginean diharduten eragileekin lankidetzan. Horretarako neurriak proposatzen ditu 5 jardun-eremutan: familian, eskolan, osasun-zentroetan, sektore pribatuan eta komunitate-ingurunean
- Dokumentuaren sarrera
- Zergatik behar da haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia bat Euskadirako
- Estrategiaren deskribapena
- Planaren kudeaketa eta jarraipena
- Eranskinak
Dokumentuaren sarrera
Sarrera eta testuinguru instituzionala
2013-2020 Osasun Planean ezarritako lehentasunak eta 2017ko ekainean Legebiltzarrean hartutako erabakia betetzeko aurkeztu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia Integral hau. Tartean diren agenteek garrantzi handiko osasun-arazo honi eraginkortasun handiagoz heltzeko bidea errazteko erreminta gisa diseinatu da Estrategia.
Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia plan praktiko baten moduan prestatu da, ekintzara bideratua, Euskadiko haurren eta gazteen jarduera fisikoari eta elikadura osasungarriari dagokienez helburu jakin batzuk lortzeko. Egoera aztertzean eta egoerari modu integralean heltzean, 0 urtetik 18 urtera bitarteko neska-mutilak jo dira xedetzat.
Estrategia hau osasunaren prebentziorako eta sustapenerako Osasun Sailaren eta Eusko Jaurlaritzaren beraren esparru orokorrean sartuta dago. Horrela, Estrategiaren jarduerak modu koherentean uztartzen dira azken urteotan Euskadin sustatutako planekin eta estrategiekin: Euskadiko Osasun Plana 2013-2020; Mugiment proiektua; Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak; eta EAEko Familiei laguntzeko erakunde arteko Plana 2018-2022, besteak beste.
- Euskadiko Osasun Politikak 2013 - 2020
- Mugiment proiektua
- Elikadura osasungarriaren aldeko ekimenak Euskadin
- Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko IV. Plana 2018-2022
Plana lantzeko eta dokumentatzeko egitura
Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia 2018ko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan prestatu da, hainbat agenterekin metodologia parte-hartzailean oinarrituta eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koordinatuta.
Zergatik behar da haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategia bat Euskadirako
Obesitatearen arazoa munduan
Haurren obesitatea XXI. mendeko osasun-erronkarik handienetako bat da. Mundu osoko arazoa da eta pixkanaka herrialde askotan du eragina, azken urteotan nabarmen egin baitu gora obesitatea nahiz gehiegizko pisua duten neska-mutilen prebalentziak.
Nazioartean gobernu eta erakunde guztiak daude kezkatuta arazo honekin, eta horrek ekarri du haurrek eta nerabeek, batez ere elikadura osasungarriaren eta jarduera fisikoaren bidez, bizi-ohitura osasungarriak hartzea lortzeko prebentzio planak eta estrategiak gauzatzea. Alde horretatik, azpimarratzekoa da Osasunaren Mundu Erakundeak (aurrerantzean, OME) egindako lana, arazoaren garrantzia agerian jartzeko kopuruak eta txostenak argitaratu baititu prebentziorako gomendio zehatzez lagunduta.
Haurren obesitatea Euskadin
-
Gehiegizko pisua eta obesitatea
Gomendatutakoa baino pisu handiagoa duten neska-mutilen proportzioak behera egin du 2012ko % 32,5etik 2017ko % 24,7ra. Aitzitik, gora egin du neska-mutil obesoen ehunekoak (X. grafikoa), Osasun Inkesta Nazionaleko Euskadiko biztanleriari buruzko datuen arabera.
6-9 urteko biztanleriari buruzko Aladino Euskadi azterlanaren arabera, 2015ean % 34,2koa zen haurren obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentzia.
-
Jarduera fisikoa
Euskadiko 7-14 urteko mutilen % 5,6k eta nesken % 7,9k ez dute batere ariketa fisikorik egiten, 2018ko Euskadiko Osasun Inkestaren arabera. Aitzitik, mutilen % 62,5ek eta nesken % 53,3k astean 2 ordutik gora ematen dute jarduera fisikoa egiten.
Jarduera fisikoa egitearekin lotutako ezberdintasun sozioekonomikoak nabarmenak dira, eta, esate baterako, hiru aldiz aktiboagoak dira klase sozial altueneko (I. klasea) neskak V. klasekoak baino. Mutilen kasuan ere ezberdintasunak adierazgarriak dira.
6-9 urteko biztanleriari buruzko Aladino Euskadi azterlanaren arabera, 2015ean kirol edo dantza jarduerak egiten astean 2-4 ordutik gora ematen zutenei dagozkie baliorik handienak.
-
TBren eta pantailen aurrean ematen den ordu-kopurua
Telebistaren edo pantailen aurrean orduak ematen dituzten haurren eta gazteen ehunekoa bikoiztu egiten da mutilen kasuan eta ia hirukoiztu nesken kasuan asteburuetan, lanegunekin alderatuta.
-
Fruta eta barazki kontsumoa
2018ko Euskadiko Osasun Inkestaren arabera, % 75etik gora dira haurrak eta gazteak dauden eta fruta edo barazkiak egunero kontsumitzen dituzten familiak. Etxe horietan bizi diren haurrak adinaren eta sexuaren arabera banatzen baditugu, ikusten da gora egiten duela frutak eta barazkiak kontsumitzen dituzten familien kopuruak haurren adinak gora egin ahala.
Estrategiaren deskribapena
Esparru estrategikoa
Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak garatu duen Estrategiak neska-mutilak ahaldundu eta inplikatu nahi ditu bizi-ohitura osasuntsuak izateko erantzukizuna euren gain har dezaten eta gizarteak behar duen aldaketaren eragile bihur daitezen. Abiapuntua da, beraz, haurrak izatea Estrategia osoaren ardatza. Eredu integratzailea eta diziplina anitzekoa da, eta ingurune osasungarriak sortzean eragina duten eragile guztiek koordinatuta parte hartzeko egituratu da, erakundeen lidergo eta konpromiso argiarekin.
Estrategiaren helburuak
Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren jomuga haurren eta gazteen elikadura osasungarria eta jarduera fisikoa bultzatzea da, tartean diren eragile guztien ekintza koordinatuaren eta koherentearen bidez. Estrategiaren helburu zehatza Euskadiko haurren obesitatearen eta gehiegizko pisuaren prebalentziaren, eta, hortaz, horien ondorioen kopuruak jaistea da.
-
1. Helburua.
Hiru urteko epean Euskadiko haurren eta gazteen % 100ek
egunero jango dituzte frutak eta barazkiak.
-
2. Helburua.
Hiru urteko epean Euskadiko haurren eta gazteen % 100ek zazpi
orduz egingo dute jarduera fisikoa, OMEren gomendioa betez,
edo astean bi orduz egingo dute jarduera fisikoa eskola-orduetatik
kanpo.
-
3. Helburua.
Hiru urteko epean, Euskadiko udalerri guztiek, % 100ek, izango
dute euren agendan haurren obesitatearen prebentzioa.
Jarduera-esparruak eta proiektu estrategikoak
Estrategiak bost jarduera-esparru lehenesten ditu, eta jarduera- esparru horietan hainbat helburu espezifiko eta proiektu estrategiko zehaztu dira:
- A. Familiak (PDF, 57 KB)
- B. Eskola-ingurunea (PDF, 58 KB)
- C. Osasun-ingurunea (PDF, 56 KB)
- D. Sektore pribatua (PDF, 57 KB)
- E. Komunitate-ingurunea (PDF, 57 KB)
Horrez gainera, Estrategiak lehentasunezko esparruetako bakoitzean barne hartzen ditu Elikadura Osasuntsuaren Estrategiak eta MUGIMENT egitasmoak aurretik zehaztutako proiektuak ere, eta horiek berariaz koordinatuko dira haurren eta gazteen ikuspegia sartuko dela bermatzeko.
Planaren kudeaketa eta jarraipena
Estrategiaren kudeaketa eta jarraipena
Estrategia ezartzeko erakundeen arteko konpromiso eta lidergo irmoa behar da, bertan zehaztutako ekintzak gauzatzeko behar adina baliabide eta behar bezalako kontrola izango direla eta, aldi berean, ekintza horiek beste gobernu-politika batzuekin koherenteak direla ziurtatzeko. Euskadin Haurren Obesitatea Prebenitzeko Estrategiaren lidergoa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuordetzak hartu du bere gain.
Adierazleak
Estrategia ebaluatzeko premiak eta borondateak eskatzen dute adierazle mugatu eta errealistek, egindako ekintzak eta eragindako inpaktua neurtuko dituzten adierazleek, osatutako jarraipen-sistema bat ezartzea.
Eranskinak
Jardunbide egoki eta azpimarragarri batzuk
Orientazio moduan, jardunbide egoki eta azpimarragarri batzuk laburbildu dira jarraian. Euskadin hainbat eta hainbat programa jarri dira abian maila ezberdinetan, nahiz eta leku-arrazoiak eta eduki honen eraginkortasuna kontuan hartuta, batzuk bakarrik zehaztuko diren. Zehazki, honako irizpide hauei jarraituz aukeratu dira jarraian aurkezten diren 14 ekimenak:
- Lehentasunezko bi esparruak lantzen dituzten ekimenen lagin orekatua eskaintzea: elikadura osasungarria (8 ekimen) eta jarduera fisikoa (6 ekimen).
- Hiru lurralde historikoetan abian dauden jarduerak jasotzea.
- Era ezberdinetako eragileek egindako edo bultzatutako jardueren lagina eskaintzea.
- Lehentasunezko jarduera-esparruekin zerikusia duten ekimenak jasotzea, nahiz eta batzuk jarduera-esparru batean baino gehiagotan koka daitezkeen.
Parte hartzeko lan-saioen laburpena
- Gaiarekin zerikusia duten eragileekin egindako lan-saioen ondorioak (PDF, 128 KB)
- Gazteekin egindako lan saioaren ondorioak (PDF, 86 KB)
Prozesuan parte hartu duten pertsonen zerrenda
Estrategia hau lantzeko faseetan hainbat organismo eta erakundetako 40 pertsonak parte hartu dute.
Informazio-iturri nagusiak
Honakoak dira Estrategia lantzeko kontsultatu diren azterlan, argitalpen eta weborri nagusiak:
- Euskadiko Osasun Plana 2013-2020. Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak. 2017. Mugiment proiektuaren webgunea. Euskal Autonomia Erkidegoko Familiei laguntzeko 2018- 2022 aldirako erakunde arteko Plana. EAEko Osasun Inkesta. 2018koa eta aurrekoak. Elikadura, Jarduera Fisikoa eta Obesitatearen Prebentzioa lantzeko NAOS Estrategia. 2005. Estudio sobre la situación de la obesidad infantil en España. Bizitza Osasungarriaren DKV institutua. 2017. Aladino txostena. 2015. Osasun Inkesta Nazionala. 2012koa eta aurrekoak. Libro Blanco de la Nutrición Infantil en España. Montserrat Rivero Urgell et. Al. Zaragozako Unibertsitatea. 2015. Haurren obesitateari amaiera emateko batzordearen txostena. OME. 2016. “Obesity Update 2017” azterlana. ELGE. 2016. “Worldwide trends in body-mass index, underweight, overweight, and obesity from 1975 to 2016” azterlana. Londreseko Imperial College eta OME. 2017ko urria. “Global obesity: trends, risk factors and policy implications” azterlana. Vasanti S. Malik, Walter C. Willet eta Frank B. Hu. 2012. “Childhood overweight: a contextual model and recommendations for future research” azterlana. K. K. Davison and L. L. Birch. 2001.
Azken aldaketako data: