Artolazabal: "enplegu-politika aktiboak diseinatzeko eta gauzatzeko protagonisten arteko elkarlana kalitateko enplegua lortzeko oinarria da"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • Eneko Goia alkatearekin eta Imanol Lasa foru-diputatuarekin batera, Enpleguaren II. Nazioarteko Kongresua eta 2019ko “Merkalan” Enplegurako eta Heziketarako I. Azoka aurkeztu ditu.
  • Kalitateko enplegua sortzeko erronka eta aukerak.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, honako hau nabarmendu du: “enplegu-politika aktiboak diseinatzen eta gauzatzen parte hartzen duten eragileen arteko elkarlana kalitateko enplegua lortzeko giltzarria izango da”. Artolazabalek Eneko Goia alkatearekin eta Imanol Lasa foru-diputatuarekin batera, Enpleguaren II. Nazioarteko Kongresuaren eta 2019ko “Merkalan” Enplegurako eta Heziketarako I. Azokaren aurkezpenean parte hartu du; azoka Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian izango da, urriaren 21ean eta 22an.

“Kongresu horretan, beste urrats bat gehiago emango dugu Lanbideren eraldaketan eta eguneratzean; izan ere, Euskadin, desagertzear daude langabeziaren antzinako bulegoak, Lanbidek jarraitzen baitu urratsak ematen kalitateko enplegu inklusiboaren eragile dinamizatzaile bilakatzeko, eta horretarako enfasi berezia jartzen du prestakuntzan”, esan du Artolazabal sailburuak.

Eneko Goia alkateak honako hau aipatu du: “nazioarteko kongresu hau Donostian egitea albiste ona da hiriarentzat; izan ere, berretsi egiten du kongresuak egiteko gure hiriak duen erakargarritasuna. Hori posible da, Eusko Jaurlaritzak Donostiarekin duen inplikazioagatik eta erakundeen arteko lankidetzari esker”.

Gainera, Goiak nabarmendu du nolako garrantzia duen “enplegu-politiken kontu hain garrantzitsuaren inguruan hausnartzea eta esperientzia trukatzea bilatzen duen” topaketa honek. Alkateak azpimarratu du Eusko Jaurlaritza “enplegu-politika aktiboen kudeaketaren abangoardian dagoela, eta horren erakusle dira kongresu hau antolatu izana eta nazioarteko prestijiodun parte-hartzaileak erakartzeko gaitasuna”.

Imanol Lasa Gobernamenduko foru-diputatuak honako hau komentatu du: “zalantza ekonomikoko une hauetan, Aldundiak jarduera ekonomikoa sustatzen jarraitzen du, bai eta gizarte-politikak lehentasun gisa sendotzen ere. Gipuzkoak jarraitzen du izaten gizarte kohesionatua izateko asmoa, Europako desberdintasun-indize baxuenekin. Horretarako, kalitateko enplegua funtsezkoa eta giltzarria da bizi-proiektu duinerako. Merkalan bezalako ekimenak beharrezkoak dira lan-merkatua dinamizatzeko, lana bilatzen ari diren pertsonak enpresekin harremanetan jartzeko, eta herrialde aurreratuenetan eta lehiakorrenetan kalitateko enplegua sortzeko erronkari nola egiten ari zaion aurre ezagutzeko”.

Lasak honako hau esan du: “udalekin, aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, kalitateko enplegu egonkorreko lanpostuak betetzearen aldeko apustu egiten jarraituko dugu, etorkizuneko sektore ekonomikoetan, dagoeneko posizio egokia dugun horietan: elektromugikortasuna edo biozientziak. Bikoiztu egingo dugu industriarentzako laguntza, gure ongizatearen eragilea dela aintzat hartuta. Gainera, ekonomia eta gizarte gisa dugun lehiakortasunari eutsi nahi badiogu, lurralde gisa talentua erakartzeko eta gerarazteko lan egin behar dugu”.

Kalitatea

Enpleguaren II. Nazioarteko Kongresua eta 2019ko “Merkalan” Enplegurako eta Heziketarako I. Azoka Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Lanbidek antolatu dituzte. “Kongresua eta azoka kalitateko enplegua sortzean zentratuko dira. Kalitateko enplegua lehentasunezkoa da Garapen Jasangarrirako Nazio Batuen 2030eko Agendan, Europako Batzorderako, bai eta 2030eko Euskadi Basque Country Agendan ere.

Artolazabalen iritziz, “kalitateko enplegura jotzeko bide ematea funtsezkoa da, Euskadiko eta Europako gazteen emantzipazioa sustatzeko.  Hori dela eta, kongresuak eta azokak gizarte solidario, konprometitu eta kohesionatuan gazteen emantzipazio hori bermatzeko urratsak emateko estimuluak eta babesak sustatzeko ahalegina egingo dute”.

“Urriaren 21ean eta 22an, Kursaalen, prestigiodun espezialistei entzungo diegu, eta erkidego, estatu eta eskualdeetako erakundeetako ordezkariekin kontrastatuko ditugu egoerak; horretarako, iritziak trukatuko ditugu eragile publiko eta pribatuekin eta prestakuntza- eta gizarte-eragileekin”, esan du Artolazabalek.

“’Merkalan’ azokak enplegu-eskatzaileei 70 enpresa parte-hartzailek eskaintzen dituzten sektore eta trebakuntza guztietako 700 lanpostu baino gehiago erakutsiko dizkiete”, esan du Artolazabalek. “Garai teknologiko berri honetako aldaketak, erronkak eta aukerak dira”.

Programa

Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak, “enplegua aktiboki bilatzen ari diren gazte eta pertsonak Kursaaleko espazio berean dagoen Kongresuarekin paraleloan izango den Merkalan Azokako standak ezagutzera” animatu ditu. Franck Morel Gizarte Harremanetarako, Lanerako, Enplegurako eta Lanbide Heziketarako Frantziako lehen ministroaren kontseilariak hilaren 21eko inaugurazio-hitzaldia emango du: “Frantziak kalitateko enpleguarekin duen konpromisoa”.

“Kalitateko enplegua sortzeko erronkak eta aukera globalak” aztertuko dituzte Jamie Winders Syracuseko Unibertsitateko Autonomous Systems Policy Institute-ko zuzendariak, Christopher Markou Cambridgeko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultatekoak eta Albert Cañigueral Ouishareren sortzaileetako batek.

Europar Batasunaren kalitateko enpleguaren estrategia” aztertuko du Loukas Stemitsiotis Europako Batzordeko Enpleguko, Gizarte Gaietako eta Inklusioko Zuzendaritza Nagusiko Analisi Tematikoen zuzendariak. Maurizio Bussi LANEko Europako eta Asiako Erdialdeko Eskualdeko zuzendari ondokoak “Kalitateko enpleguaren estrategia globala”z hitz egingo du, eta Alexander Hijzen ELGAko Enplegu Estrategiaren zuzendariak “ELGAren kalitateko enpleguaren estrategia” azalduko du. Urriaren 21ean, astelehenean, arratsaldean, bertaratzen direnek “Tknika” Euskadiko LHko Ikerketako eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa bisitatuko dute, Errenterian.

Asteartean, urriaren 22an, Markus Zorzi Bavariako Gobernuko Familiako, Enpleguko eta Gizarte Gaietako Ministerioaren Plangintzako, Estrategiako, Gai Juridikoetako eta Komunikazioko zuzendari nagusiak Bavariako kalitateko enpleguaren estrategia azalduko du. Laura Pedron Trentoko Probintzia Autonomoko Enplegu Agentziako zuzendari nagusiak bere kalitate-estrategia azalduko du eta Gary Shaughnessy Z  Zurich Foundation-eko presidentea “Zerbitzuen sektorean kalitateko-enplegua sortzea”z mintzatuko da.

Enpresaren eredu inklusibo eta parte-hartzailea azalduko dute Deb Oxley Employee Ownership Associationeko CEOak eta Juan Manuel Sinde Arizmendiarrieta fundazioko presidenteak. Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak itxiko du Kongresua.

Merkalan

Lanbidek, Kursaal Jauregian, Merkalan enplegurako eta heziketarako azokaren lehen edizioa antolatuko du, kontratatzeko beharrak dituzten enpresen eta aktiboki enplegua bilatzen ari diren pertsonen arteko harremana sustatu eta bideratzeko. Esparrua 1.000 metro koadrotik gorakoa izango da, eta, haren diseinuan eta edukietan, Lanbideren zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen behar bereziak izan dira kontuan.

Azokako espazioen banaketa ohiko lan-ibilbide gisa antolatu da: standek arlo tematikoak eta Lanbideren bulego-sareak herritarren esku enplegagarritasuna hobetzeko erabakiak hartzen laguntzeko jartzen dituen banako baliabide guztiak erakutsiko dituzte (enplegu-eskari baten alta, lan-orientazioa, prestakuntza, profesionaltasun-egiaztagiriak, enpresentzako zerbitzuak, ekintzailetza etab.).

70 enpresak baino gehiagok jarri dute beren standa Merkalanen, curriculumak jaso, elkarrizketa pertsonalizatuak egin eta mota guztietako lan-kontratuak ixteko. 700 lanpostu eskainiko dira.