Culinary Action! Gipuzkoa foroak gastronomia eraldatzen ari diren tokiko ekintzaileak bildu ditu

Culinary_Action1.jpg

2019.eko abenduak 02

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea Culinary Action! Gipuzkoa tailerraren inaugurazioan izan da gaur goizean. Ekintzailetza-foro bat da eta, haren bidez, eztabaida sustatu nahi da sukaldari, ostalari, ekoizle eta beste ekintzaile batzuen arrakasta-kasuetatik abiatuta, protagonistek azalduta eta eztabaidatuta: beren negozioen jabe eta/edo kudeatzaile diren aldetik, enpresaburu gisa jokatzen duten sukaldariak.

Oroz sailburuordeak adierazi duenez, "negozio bat egiteko unerik onenean gaude, informazioa eta prestakuntza eskuratzeko erraztasunagatik eta administrazio publikoek jarritako laguntza ekosistemagatik. Gastronomia ez da moda bat, geratzeko datorren zerbait baizik".

Gainera, horrelako topaketen garrantzia azpimarratu du, elikaduraren eta gastronomiaren aldeko apustuak negozio eta dibertsifikazio aukera berriak sortu dituen kasu zehatzak ezagutzeko aukera ematen baitute, kalitatezko enplegua sortzeko gaitasunarekin. "Euskadi enpresen barne-ekintzailetzarako lurralde erakargarri gisa kokatu nahi dugu elikaduraren balio-katean", gaineratu du Orozek.

Eusko Jaurlaritzak Ekintzailetza eta Berrikuntza Plana definitzen du Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (GEPE) esparruan. Plan horren helburuen artean dago Euskal Autonomia Erkidegora inbertsioa eta enpresa-talentua erakartzea.

Ekintzailetza-plan honek Euskadiko nekazaritzako elikagaien ekintzailetza eta berrikuntza laguntzeko zerbitzuen katalogo bat eskaintzen du (On Ekin).

Culinary Action! gastronomiaren sektoreko profesionalei zuzenduta dago, beren negozioak abiarazten ari direnei edo abian jartzeko asmoa dutenei. Tailer honen helburua eztabaida tokiko ostalaritza-sektorearentzat baliagarria izatea da, tokiko sukaldari-enpresarien esperientziatik abiatuta. Hau da, ekintzaileek ekintzaileentzako kasuen hitzordua da, negozio ereduei, kudeaketa estiloei eta merkatuan dauden joerei buruzko eztabaida eta ideia trukea sortzeko asmoz.