Mundu osoko 577 startup berritzailek "iaz baino % 10 gehiago" eman dute izena BIND 4.0 azeleratzailearen 4. edizioan

Tapia_bind_52.jpg

2019.eko irailak 25

Industria adimenduneko BIND 4.0 startupen azeleratzaile publiko-pribatuak bere laugarren deialdirako izena emateko epea itxi du. Guztira 577 proiektuk eman dute izena, hots, aurreko urtean baino % 10 gehiago izan dira. Bilakaerak gorantz jarraitzen du, 2016. urtean 257 izan baitziren, 2017. urtean 385 eta joan den urtean 524. Gainera, parte hartzen duten herrialdeen kopuruak ere gora egin du: 3. edizioan 64 herrialdek parte hartu zuten eta azken honetan 78 dira. Gorakada hori, neurri handi batean, munduko nodo teknologiko nagusietatik —Ameriketako Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Holanda, Israel eta Erresuma Batua, nazioarte-mailan, eta Madril, Bartzelona eta Valentzia, estatu-mailan— datozen startupen parte-hartzearen ondorio da.

Ekimen horrek Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren sostengua dauka, SPRI Taldearen bitartez gauzatua. Eusko Jaurlaritzaren enpresa-garapeneko agentzia Euskal Autonomia Erkidegoko ekintzailetzaren ekosistemaren buru da, UpEuskadi plataformaren bitartez.

Jasotako hautagaitzen jatorriari dagokionez, 70 hautagaitzak Euskal Autonomia Erkidegoan dute jatorria (39 Bizkaikoak, 18 Gipuzkoakoak eta 13 Arabakoak). Beraz, eutsi egin zaio joan den edizioan sortutako interesari, orduan euskal startupen 69 hautagaitza jaso ziren eta. Bestalde, 81 enpresak estatuan dute jatorria. Horrek adierazten du igoera nabarmena izan dela, joan den urtean baino % 42 gehiago dira eta. Laugarren edizio honetan, bestalde, gora egin du nazioarteko startupen interesak. Izan ere, joan den urtean 398 proposamen aurkeztu zituzten eta aurten 426 eskaera izan dira.

Jasotako nazioarteko hautagaitzen artean, nabarmentzekoa da lehen aldiz daudela Txinako, Japoniako edo Singapurko hautagaitzak, eta gora egin dutela, aurreko urteetakoen aldean, Erresuma Batutik (17), Ameriketako Estatu Batuetatik (17), Israeldik (5), Alemaniatik (21) edo Estoniatik (5) datozen startupek. Alabaina, Europaren presentzia gainerako kontinenteena baino handiagoa da oraindik ere, goraka ari diren 293 konpainiak eman baitute izena. Bestalde, Hegoaldeko Asiak 90 eskaera dauzka, 61 eskaera Hego Amerikatik datoz, 50 Ipar Amerikatik, 14 Mendebaldeko Asiatik, 60 Afrikatik, eta, azkenik, beste 9 izen-ematek Hego-ekialdeko Asian dute jatorria.

Dena den, Espainia dago sailkapenaren buruan, Euskal Autonomia Erkidegoa da hurrengoa, eta ondoren daude India (68), Mexiko (29), Italia (23), Alemania, Nigeria (19), Erresuma Batua (17), Ameriketako Estatu Batuak (17), Argentina (17), Kolonbia (17), Brasil (15) eta Frantzia (12).

Nazioarteko hautagaitzek izan duten igoera horrek nabarmentzen du Euskal Autonomia Erkidegoko BIND 4.0 azelerazio-programak nola jarraitzen duen mundu osoko industria adimendunaren ekintzailetzako eta berrikuntzako erreferente nagusien artean posizionatzen. Izan ere, BIND 4.0 programak 52 enpresa laguntzaile handi baino gehiago dauzka, sektoreko proiektu berritzaileenak hautatutako startupekin batera garatuko dituztenak. Laugarren edizio honetarako programarekin bat egin duten azken konpainien artean Coca Cola, Eroski, Uvesco Taldea, Unilever, Angulas Aguinaga, EDP, Avia eta Ferrovial daude. Erakargarri handia, inongo zalantzarik gabe, aurten parte hartuko duten konpainia eta ekintzaileentzat.

Fabrikazio aurreratua, energia, osasuna eta elikadura

 Laugarren edizio honetan izena eman duten startup guztiek kalitate handiko soluzio abangoardistak aurkeztu dituzte, prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko asmoz. Horretarako, teknologia guztiz berritzaileak aplikatzen dituzte, hala nola elkarlaneko robotika, gauzen Internet, adimen artifiziala, Big Data, zibersegurtasuna, errealitate birtuala eta areagotua, barnealdeko posizionamendu-sistemak, ikuspen artifiziala edo droneak.

Parte hartzeko eskaeren artean, nabarmentzekoa da startupen % 60k aurkeztu dutela besteak beste fabrikazio aurreratuaren arloan aplika daitekeen soluzio bat. Horren atzetik, osasunaren sektorean aplika daitezkeen teknologiak % 36 dira; ondoren, proiektuen % 31 elikaduraren sektoreari aplikatzeko modukoak dira, eta, azkenik, proiektuen % 31k energiaren segmentuan erabil daitekeen kasu bat dute.

Berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten 52 enpresa handi

BIND 4.0-ren laugarren edizioak nobedade handiak ditu. Alde batetik, trakzio-enpresak 40 ziren eta 52 dira aurten. Horien artean erreferentziako firma handiak daude, hala nola Ferrovial Servicios, EDP, AVIA, SNA Europe edo Sarralle, besteak beste, Mercedes-Benz, Arcelor, ABB, Iberdrola, Michelin, ITP Aero, CAF, BTI, Quironsalud edo Siemens Gamesa bezalako izenei gehitzen zaizkienak.

Bigarren nobedadeak elikaduraren sektorea du protagonista, aurten egiten baitu bat azelerazio-programarekin. Horrela, “Food-Tech” sektore gorakorra aurreko edizioetan zeuden arloei —fabrikazio aurreratua, energia eta osasuna— gehitzen zaie. Aurten, gainera, esparru horretako trakzio-enpresa gisa sartu dira Coca Cola, Unilever, Eroski, Uvesco Taldea, Angulas Aguinaga, Natra eta Okin.

Eta edizio honen azken nobedade gisa, BIND 4.0-k Venture Club bat sortu du, azeleratzailearen espezializazioarekin lerrokatutako inbertitzaileen kluba, azeleratzaileari laguntzeko zerbitzuak indartzea eta startup parte-hartzaileen eta inbertsio-erakunde espezializatuen arteko harremanak sustatzea helburu duena, enpresa berrien garapena azeleratuko duten finantzaketa-aukera berrien garapena bultzatzeko.

Industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago eta 1.600 hautagaitza baino gehiago

BIND 4.0 2016. urtean jarri zen abian, nazioko zein nazioarteko startup berritzaileen eta enpresa handien arteko topagune gisa. Aukera bikaina da industriaren transformazio digitala bultzatzeko eta, aldi berean, erreferentziako bezeroen agertokietan teknologiak baliozkotzearen bitartez ekimen berritzaileen finkapena azeleratzeko.

Lehen edizioa egin zenetik, 70 enpresa sortu berrik azeleratu dituzte beren negozioak programa horren bitartez, eta industria 4.0-ko 120 proiektu baino gehiago garatu dira, parte hartu duten startupentzat 3,5 milioi euroko fakturazio erreala erdietsi dutenak. Programak gero eta interes handiagoa erakutsi du mundu osoko startupetan, eta guztira 1.600 hautagaitza baino gehiago jaso ditu hasi zenetik —azken deialdi hau barne—. Izan ere, BIND 4.0-k fabriken digitalizazioa bereizgarri duen Laugarren Industria Iraultza garatzearen aldeko apustua egin du, eta mundu osoan berrikuntza eta startup onenak erakartzeko lehiatzen den ekintzailetza teknologikoaren erreferente bihurtu da.

BIND 4.0-k erakargarri handiak ditu goraka ari diren enpresentzat. Alde batetik, parte-hartzaile guztiek aukera izango dute beren produktua industriaren sektorean lider diren enpresetan baliozkotzeko, eta, gutxienez, 50.000 €-ko batez besteko zenbatekoa izango duen kontratu bat lortuko dute. Eta, bestalde, industria-merkatuko hedapena azeleratzeko aukera emango dien prestakuntza oso espezifikoa lortu ahal izango dute. Aldi berean, programari esker zenbait networking-jarduera egin ahal izango dituzte, Europan proiekzio handiena duten industria-ekosistemetako bat ezagutzeko eta beren startupak bertan posizionatzeko.

Garrantzizko datak:

BIND 4.0-ri buruz

Talentua eta startup onenak erakartzeko mundu-mailako lehiaren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoan fabriken digitalizazioa bereizgarri duen Laugarren Industria Iraultza deritzona garatzeko apustuaren emaitza da BIND 4.0 programa. Helburu horretan bildu dira Euskal Autonomia Erkidegoko eragile publikoak (Eusko Jaurlaritza, SPRI Taldea, Foru Aldundiak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroak) eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten enpresa-korporazio pribatu nagusietako 52, baita laguntzaile teknologiko gisa parte hartzen duten nazioarteko punta-puntako konpainiak ere, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services.

Programak alde bien interesak uztartzen ditu: alde batetik, euskal enpresa handiek soluzio teknologiko berriak proposatzeko gai diren startupak behar dituzte, eta bestetik, BIND 4.0 programak laguntza ematen die startup horiei hainbat esparrutan, hala nola fakturazioan, entzute handiko bezeroen bidez merkaturako bidea zabaltzen eta garapeneko hasierako fasean inbertitzeko eta/edo finantzatzeko baliabideak ematen. Modu horretara bi helburu konbinatzen dira: goraka ari diren enpresa-proiektuak azeleratzea eta finkatutako konpainiei transformazio digitalerako bultzada ematea.