770.000 euro Lanbide Heziketan berrikuntza eta ekintzailetza proiektuetarako (Gobernu Bilera 2019-04-16)

fotoconsejo.jpg

2019.eko apirilak 16

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran Agindu bat onartu du Hezkuntza sailburuak proposatuta; aipatutako Aginduaren bidez, 2019-2020 ikasturtean, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan garatu beharreko berrikuntza eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzak deitzen dira. Proiektuok, Lanbide Heziketako V. Planak definitzen dituen ildo estrategikoekin bat etorri  beharko dute.

770.000 euroko diru kopuruarekin, deialdi honen xedea da Lanbide Heziketako zentroetan berrikuntza aplikatu eta ekintzaileko proiektuak egin ahal izan ditzaten, irakasleak erabat edo partez liberatzeko dirulaguntzak ematea. Aipaturiko proiektu horiek 2019-2020 ikasturtean gauzatu beharko dira. Proiektuok garatzerakoan jaso den ezagutza hori ikasleenganaino iristea  ere helburu izango da, bai eta Euskadiko gainerako Lanbide Heziketako ikastetxeetara eta enpresetara iristea ere, Enpresa Txiki eta Ertainetara bereziki.

Lanbide Heziketako V. Euskal Planak (joan zen otsailean Gobernu Kontseiluan onartu zenak) jasotzen dituen eremu estrategikoen artean, honako hauek daude: 4.0 testuinguruko ikaskuntza; berrikuntza aplikatua; elkarlan adimentsua; garapen jasangarria; nazioartekotzea; konplexutasunaren kudeaketa; edo Lanbide Heziketako ikastetxeen bilakaera, erakunde adimentsuetarantz.

Euskadiko itunpeko ikastetxe pribatuek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntza horiek, baldin eta 2019-2020 ikasturtean erdi eta goi-mailako Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak itunduta badituzte.

Deialdi hau bat dator lanbide-heziketako ikastetxeetan ingurune estrategikoak eta espezializazio-arloak ezartzeko helburuarekin. Ingurune eta arlo horien bidez, ikasleen enpleagagarritasuna hobetuko da, eta, gainera, EAEko enpresei lehia-abantailak emango dizkie, bereziki Enpresa Txiki eta Ertainei.