2019.eko martxoak 26
Bilbo, 2019 03 26
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordearen hitzetan, “zientzian eta teknologian emakumeen parte-hartze handiagoa lortzea gizarte osoari dagokio: familiak, ikastetxeak, erakundeak eta enpresak”.
Amilibiaren hitzen arabera, “Euskadi prest dago gizartearentzat hain onuragarria izango den berdintasunezko parte-hartze horretarako, baina genero-arraila deritzona oraindik agerikoa da egoera askotan, batik bat lanbide teknologikoetan, izan ere, emakume gutxiagok aukeratzen dituzte zientzia eta teknologiaren arloan trebakuntza gehieneko enpleguetara ateak irekitzen dituzten ikasketa teknikoak edo unibertsitate-ikasketak. Parte-hartze horrekin, kohesioan eta ongizatean egiten dugu aurrera”.
El Correo egunkariak antolatutako “Women in Progress” izeneko jardunaldia Almudena Cachok aurkeztu du, Bilboko Guggenheim museoan, eta, bertan, zientziarekin, enpleguarekin eta teknologiarekin zerikusia duten zenbait gai aztertu dira. Gai horiek Cristina Ruizek, Ainhoa Alonsok, Montserrat Pardok, Susana Marcosek, Marta Machok, Natividad Gadeak eta Ami Bondíak aurkeztu dituzte; publikoan La Salle, Campuzano LHII, Aresti BHI, Somorrostro LZko 300 ikasle, enpresak eta elkarteak izan dira.
“Gure herrialdeko emakumeek erakusten dute dauden lekuan daudela emaitzarik onenak lortzen dituztela ikasketetan, bai unibertsitate-mailakoetan, bai teknikoetan, bai profesionaletan. Emakumeen presentzia gehiengoa da unibertsitate-ezagutzako eremu guztietan, karrera teknikoetan izan ezik. Hala ere, karrera teknikoak hautatzen dituztenak ongi egokitzen dira gero lan-munduan”, esan du Amilibiak.
Aurrerapenak
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko sailburuordearen hitzen arabera, “emakumeen % 82k lana aurkitzen du postu teknikoetan ikasketak amaitu ondoren. Azken sasoian emakumea ahalduntzeko gizarte-mugimendu positiboa ikusi dugu; Euskadin gizonak eta emakumeak ari gara egiten. Hori garrantzitsua da”.
Marta Macho matematikariak honako izenburu hau aukeratu du bere hitzaldirako: “Emakumea+zientzia: hezkuntza hobezina”. Horren harira, Amilibiak honako hau esan du: “hemen gaudenok erabat partekatzen dugu formulazio hori. Orain aukera gehiago irekitzen eta zehazten ari dira industria berriaren, digitalizazioaren edo enpresa-beharrizanen eta irakaskuntzaren eta ikerketaren munduaren eskutik sortzen ari diren lanbide berrietan”.
Amilibia sailburuordeak ekitaldian izan diren emakumezko ikasleei honako hau gomendatu die: “interesa erakutsi lan horiek nola izango diren jakiteko, zer beharko den postu horietara iristeko eta horietarako prestatu. Zorionez, lan-, berrikuntza- eta ekintzailetza-iturri gisa ekimen teknologiko berrien sorrera bizi duzue".
“Euskal enpresen % 93k eginkizun berak dituzten gizon eta emakumeentzako soldata-berdintasuneko politikak ditu, eta % 83k kontratazioetan diskriminazio ezeko politikak aplikatzen ditu. Bi kasuetan % 100 lortu behar dugu”, esan du Amilibiak.