2019.eko martxoak 21
VG 19-03-21
Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak honako hau nabarmendu du: “beherakada nabarmena egon da langabezian dauden gazte-kopuruan, lanaldi partzialek behera egin dute, soldatek pixka bat gora egin dute, epe laburrera enplegua aurkitzeko aukerek hobera egin dute eta murriztu egin da, nahi ez badute ere, atzerrira lan egin ahal izateko emigratu beharko dutela usten duten gazteen ehunekoa”. Hala ere, sailburuordeak gogorarazi du komeni dela zuhurrak izatea; izan ere, “Euskadiko gazteen okupazio nagusia ikastea da eta, lan egiten dutenen artean, denborazkotasunaren eta lan partzialaren zifrek jarraitzen dute altuak izaten”.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteen Euskal Behatokiak ‘Gazteak eta enplegua Euskadin, 2017’ argitaratu du; etxez etxe egin den inkesta batean oinarritzen da azterlana, eta inkestari 16 eta 34 urte bitarteko ia 2.000 gaztek erantzun diote. Bertan, gazteen lan-esperientzia, lanerako sarbidea, kontratu- eta lanaldi-motari dagokionez enpleguaren ezaugarriak, soldata, norbere edo besteren konturako lanaren ehunekoa, sektore publikoa edo pribatua eta ikasten ari direnen edo langabezian daudenen egoera eta beren lan-aurreikuspenak aztertzen dira.
Muro sailburuordeak honako hau gogorarazi du: “enplegua Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da legegintzaldi honetan, eta, horretarako, IV. Gazteplana ezarri da, zeinak fokua, besteak beste, etxebizitzan, enpleguan, hezkuntzan eta osasunean jartzen baitu”. “Bizi-proiektuak eraikitzeko ezinbesteko elementuak”, esan du.
Hori horrela, Murok honako hau azpimarratu du: “kontratudun lehen lan-esperientziei bide ematea, enplegu-aukerak hobetzea prestakuntza gehiagorekin, gizarte- eta lan-orientazioa ematea edo gazte-ekintzailetza sustatzea, besteak beste, dagoeneko Eusko Jaurlaritzak eta Lanbidek egiten duten lanak dira”.
Prestakuntza-etapa
Gazteen Euskal Behatokiaren azterlanaren arabera, 30 urte bete aurretik, gazteen erdiak baino gehiagok dio bere okupazio nagusia ikasketak direla (% 54,4). Horrela, euskal gazteentzako prestakuntza-etapa da. Urterik urtera okupazio nagusia aztertzen bada, ikusiko dugu 23 urte arte jarduera nagusia ikastea dela eta 24 urtetik aurrera gehiengoa lanean ari dena izaten hasten dela.
Adin-taldeen araberako banaketak adierazten du 20 urte bete aurretik gazteen % 93,2 ikasten ari dela; 20 eta 24 urte bitartean ere gehienak ikasleak dira (% 61,5), baina, ordurako, hamar gaztetatik hiruk lana dute okupazio nagusi (% 29,6); 25 urtetik aurrera, ikasle-ehunekoak % 18,1 egiten du behera eta gehienak lanean daude (% 65,1) eta, 25 eta 29 urte bitarteko hamar pertsonatik bat langabezian dago (% 11,4, zehazki).
30 urtetik aurrera, nabarmen egin du behera ikasketak okupazio nagusi duten pertsonen ehunekoak (% 8,5 30 eta 34 urte bitarteko adin-taldean), eta ordurako lau pertsonatik hiru lanean ari dira (% 73,3). Adin horretan, halaber, langabeen ehunekoa areagotzen da (% 13,2).
Enpleguaren kalitatea
16 eta 29 urte bitarteko gazteen ia erdiak aldi baterako kontratua du (% 47,6) eta, gainera, denborazkotasunak gora egin du azken urteotan. Horrek ez du esan nahi beste alderdi batzuk hobetu ez direnik. Hamar gazte okupatutik bederatzik gizarte-segurantzan kotizatzen dute eta lanaldi osoek gora egin dute, batik bat emakumeen artean. Ondorioz, soldatek gora egin dute, bereziki emakumeen artean, lanaldiaren gorakada horren ondorioz; beraz, emakume eta gizon gazteen arteko soldata-arraila murriztu egin da, aurreko urteen aldean.
“Batez besteko soldatak lehen aldiz gainditu du batez besteko 1.000 euroko kopurua”, nabarmendu du Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak. Zehazki, 1.093 eurokoa da 16 eta 29 urte bitarteko gazte okupatuen artean. 30 eta 34 urte bitarteko langilearen batez besteko soldata 1.297 euro garbikoa da hilean, 30 urtetik beherako gazteen batez bestekoa baino 200 euro handiagoa.
Era berean, behera egin du urtebeteko epean enplegua galdu dezaketela uste dutenen ehunekoak eta gora beren lana egin dituzten ikasketekin zerikusi handia duela egiaztatzen dutenen ehunekoa. Ondorioz, behera egin du enplegua aldatu nahi dutenen ehunekoak eta, beraz, beste enplegu bat bilatzen ari direnena. Emakume gazteek gizon gazteek baino aldi baterako kontratu gehiago dituzte, eta gizonak baino gutxiago animatzen dira beren negozioari ekitera. Emakume gazteek ere gizon gazteek baino lanaldi partzial gehiago dituzte eta soldata baxuagoak kobratzen dituzte.