2019.eko martxoak 20
Gobernu Kontseiluak, gaur, “Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmena” sinatzea onetsi du, Deustuko Unibertsitatearen eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren artean, Zuzenbideko eta Lan Harremanetako Fakultateko ikasleek curriculumeko edo curriculumetik kanpoko praktikak egin ahal izateko Sail honetan.
Ikasleek, horrela, beren prestakuntza akademikoan eskuratutako ezagutzak aplikatu eta osatu, lanbide-jardueretan prestatzeko gaitasunak eskuratu eta beren enplegagarritasuna eta ekintzailetza-gaitasuna hobetu ahalko dituzte.
Praktikak curriculumekoak izan ahalko dira, alegia Ikasketa Planeko jarduera akademikoak, edo curriculumetik kanpokoak, alegia ikasleak borondatez egiten dituenak prestakuntza-aldian. Praktikak egiteko iraupena eta ordutegiak beti izango dira bateragarriak ikasketa- eta prestakuntza-jarduerarekin, eta ezingo dute ikasturtearen ehuneko berrogeita hamar baino handiagoa izan.
“Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmena” laster sinatuko dute Josu Erkoreka Gobernantza Publikoko eta Autogobernu Saileko sailburuak eta Genma Tomás Zuzenbideko eta Lan Harremanetako Fakultateko dekanoak.
LANAREN SEGIMENDUA
Praktiketako ikasleek Deustuko Unibertsitateak izendatutako tutore bat eta Eusko Jaurlaritzak izendatutako beste bat izango dute. Praktikak amaitzean, Deustuko Unibertsitateak Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean bere tutoretzaz arduratu den pertsonak emandako amaierako txostena jasoko du. Txosten horretan, egindako ordu-kopurua, gaitasun teknikoaren balioespena, ikaskuntzaren, sormenaren eta ekimenaren balioespena, motibazioa, taldean lan egiteko gaitasuna eta abar jasoko dira. Era berean, praktikak egin dituztenek amaierako txostena aurkeztuko dute eta, bertan, egindako lanak deskribatuko dituzte, balioespena egingo dute edo eskuratutako gaitasunak jasoko dituzte.