Euskadik hartu du Garapen Jasangarriko Eskualdeetako Gobernuen Sarearen (nrg4SD) presidentetza

Argitalpen-data: 

16_asamblea_regiones.jpeg
  • Euskadik hartu du presidentetza, Flandria ordezkatuz.
  • Klima-aldaketaren aurkako borrokan konpromisoa erakutsi duten eskualdeetako gobernuak biltzen ditu nazioarteko erakunde horrek.
  • Sareko berrogeita hamar kide inguruk eskualdeen erronkak landu dituzte, biodibertsitatearen, garapen jasangarriaren eta klima-aldaketara egokitzeko lanen alorrean.

 

Euskadik bere gain hartu du Garapen Jasangarriko Eskualdeetako Gobernuen Sarearen (nrg4SD) presidentetza, sare horren XVI. asanbladan parte harten ari diren eskualdeetako gobernuek bidalitako berrogeita hamar bat ordezkari politikoen aurrean. Euskadin antolatu da asanblada, «Change the Change» Klima Aldaketaren Nazioarteko Konferentziarekin batera.

Garapen Jasangarriko Eskualdeetako Gobernuen Sarea (nrg4SD) irabazi-asmorik gabeko nazioarteko erakunde bat, mundu mailako eskualdeetako gobernuak ordezkatzen dituena. 2002an sortu zen Johannesburgoko Munduko Gailurrean, Euskadiren parte-hartze aktiboarekin, eta gaur egun nrg4SDk 30 herrialdetako eskualdeetako 50 gobernu eta 7 elkarte ordezkatzen ditu.

Eusko Jaurlaritza lanean ari da nrg4SD sarean, esperientziak sustatzeko eta partekatzeko, besteak beste, gai hauetan: egokitzapena, ingurumen-kudeaketaren hobekuntza, berotegi-efektuko isurpen ez-intentsiboko teknologiaren transferentzia, energia berriztagarrien sustapenean, gasak isurtzen dituzten sektore guztien errendimenduen adierazleak, jardunbide egokien banaketa eta karbono-merkatuak.

Asanbladan eman duen hitzaldian, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak esan du beharrezkoa dela «ingurumenaren aldagaia erabakiak hartzeko mekanismo guzti-guztietan txertatuko duen garapen jasangarriko eredu baten aldeko apustua egitea».

«Gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-eredu erresiliente eta karbono urriko baterantz aurrera egin behar dugu, gure politikak planifikatuta, gure lurraldeak klima-aldaketaren ondorioen aurrean babesteko eta, aldi berean, gure erantzukizunen barruan, isurpenak murrizteko mundu mailako esfortzuan ere geure ekarpena egin behar dugu. Estrategia global baten alde egin behar dugu, berrikuntza teknologikoa, jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren sorkuntza, ekintzailetza ekonomikoa eta gizartearen parte-hartzea oinarri hartuta, klima-aldaketaren ondorioak murrizteko aldagaiak eta herritarren eta administrazioaren inplikazioa integratuta, hori guztia karbonoarekiko horren mendekoa ez den gizarte bat lortzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko prest egoteko eta, aldi berean, herritarren bizi-kalitateari eta ongizateari eusteko» adierazi du Arriolak.

Mundu hainbat herrialdetatik (Senegal, Sri Lanka, Ekuador, Mexiko, Italia, Belgika, Kanada, Brasil, Burkina Faso, Erresuma Batua edo Espainia) etorritako eskualdeetako gobernuen berrogeita hamar bat ordezkari bildu dira asanbladan, eta hainbat gai landu dituzte, hala nola, biodibertsitatea, garapen jasangarria edo eskualdeen klima-aldaketaren aurreko egokitzapena.

Bilbon Garapen Jasangarriko Eskualdeetako Gobernuen Sarearen XVI. asanbladan parte hartu ondoren, Donostiarantz joko dute eskualdeetako ordezkariek, bertan ospatzekoa baita, martxoaren 6tik 8ra, «Change the Change» Klima Aldaketaren Nazioarteko Konferentzia.