Retortillo sailburuak turismo-sektorearentzako laguntzak aurkeztu ditu, "berrikuntza eta digitalizazioa" ardatz nagusi gisa

2018.eko uztailak 06

 

 

Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, gaur, turismoaren deialdien urteko plana ixteko Turismo Merkaturatzerako eta Sustapenerako (TMS) Laguntzak aurkeztu ditu. Maider Etxebarria Turismo zuzendaria eta Enrique Hernáez Euskadiko Bidaia Agentzien Enpresa Elkarteko (AEVE) presidentea izan dira berarekin, bai eta aurretik berarekin bilera izan duten sektoreko beste ordezkari batzuk ere.

 

TMS laguntzei berriro heldu zaie; izan ere, 2012an eten egin ziren, eta egungo errealitatera egokitu dira, bi motiborengatik: “Sailean turismoaren industriaren barruan espiritu ekintzailea eta berrikuntzaren kultura sustatzeko beharrari buruz egin dugun hausnarketa. Eta sektorearen beraren eskaria, ideia eta proiektu berriak aurkezteko eta horiek sustatzeko ahalegina bultzatzeko”.

 

Retortilloren hitzen arabera, laguntza-deialdiek bilatzen dute “enpresa, elkarte, fundazio eta lurralde-erakundeei helmuga arduratsua garatzen eta sustatzen laguntzea, balio handia ekarriko dietena bisitatzen gaituztenei, eta oparotasun jasangarria gizarteari. Eta aparteko eskaintzaren garapenerako eta sektoreko prestakuntza- eta lehiakortasun-baldintzak hobetzeko helburu estrategikoak beteko dituena”.

 

Turismo-merkaturatzerako eta sustapenerako laguntzak

 

TMSren laguntzak, guztira, 717.000€-koak dira, eta 3 ardatzetan antolatzen dira:

 

  1. Euskadiko turismo-produktu eta -esperientziak sortu eta garatzea eta horiek merkaturatzea. Zati hori mikroenpresa eta ETEetara bideratzen da, eta proiektuaren % 60 arte diruz laguntzen du, gehienez 15.000 eurorekin, oro har, eta 20.000rekin, produktua edo esperientzia zuzenean lehentasunezkotzat jotzen direnetan (enogastronomia, MICE, ibilbideak…) sartzen bada.

 

  1. Turismo-baliabideak sustatu eta merkaturatzea. Irabazi-asmorik gabeko fundazio, elkarte sektorial eta elkarteetara bideratzen da. Ekarpena % 50era artekoa da, gehienez 35.000rekin, elkartea lurralde-eremukoa denean, eta 15.000rekin, toki-eremukoa denean. Diruz laguntzen dena turismoa sustatzeko materiala prestatzea da, euskarri digitalak nabarmenduz: irudien bankuak, gida digitalak, web-orrialdeen hobekuntzak…

 

 

  1. Turismo-eragina duten ekitaldiak sustatzea; horretarako, antolamendu- eta sustapen-gastuak bultzatzen dira, % 50ean, eta gehienez 15.000 euroan. Kasu horretan, hartzaileak elkarteak eta fundazioak eta enpresa antolatzaileak dira.