Hiru campusetako kideak ditu, Doru Arteniek zuzentzen du, eta maiatzaren 3an aurkeztuko da jendaurrean, Bilbon
UPV/EHUko errektorego taldeak 2016an erabaki zuen orkestra sinfoniko bat sortzea, beste unibertsitateetan daudenen antzekoa. Ekainean hartu zen erabakia, eta azaroan egin zuen lehen entsegua. Harrezkero, Areto Nagusian (Leioa-Erandio eremua) biltzen da ostegunetan, 17:00etatik 20:00etara, taldearen armonia lortu eta haren errepertorioa lantze aldera.
Iritsi zaio jendaurreko aurkezpena egiteko unea, aste honetan publikoaren aurrean ariko baita aurrenekoz. Maiatzaren 3an, asteazkenarekin, Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan joko du. Unibertsitatearen hiru campusetako egungo ikasle, ikasle ohi, administrazio eta zerbitzuetako langile eta irakasleak dira orkestrako kide. Guztira, 41 instrumentistak osatzen dute estatuan dauden 24 unibertsitate-orkestretako berriena den hau.