Eusko Jaurlaritzak "Up!Euskadi" Barne-ekintzailetza sustatzeko Ekimenaren bigarren fasea aurkeztu du

cabecera_es2.jpg

2016.eko otsailak 24

Ekonomiaren Sustapena eta Lehiakortasun Sailak negozio eta produktu berriak garatuz jarduera ekonomikoa abiarazten duten enpresak laguntzen ditu

2015. urtean 36 enpresek baliatu dute Ekimenak eskaintzen duen akonpainamendu aditua barne-ekintzailetza sustatzeko eta 100 enpresa-zuzendarik parte hartu dute goi-prestakuntzako jardueratan.

Aurten 18 enpresa eragile berri sartu dira programan, beren esperientzia eta ezagutzak enpresa-ehunarekin partekatzeko eta negozio-erronka berriak bertako start-up enpresekin batera lantzeko.

Gipuzkoako Bazkundearen egoitzan egingo da gaur Barne-ekintzailetza sustatzeko Ekimenaren fase berriaren aurkezpena; Eusko Jaurlaritzak zuzentzen du ekimena Spriren bitartez, eta berau garatzeko parte hartzen dute hiru lurralde historikoetako BIC erakundeek (Business and Innovation Centre) eta hainbat eragile sozial eta ekonomiko (merkataritza-ganberak, klusterrak, enpresa-erakundeak, eta abar).

Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Ekintzailetza Sailburuordea, Estibaliz Hernaez izango da ekitaldiko buru, eta bertan aurkeztuko ditu lehen faseko emaitzak. Besteak beste, 400 pertsona inguruk hartu dute parte askotariko prestakuntza-jardueratan, 36 enpresetan negozio, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko akonpainamendu adituaz baliatu dira eta 100dik gora enpresa-zuzendarik berariazko prestakuntza aditua jaso dute.

Gaurko aurkezpenak, bada, aurten garatuko den “Up!Euskadi” ekimeneko Barne-Ekintzailtzea programa abiatu du. Azpimarratzekoa da urtean zehar hogeitik gora enpresa eragilek bat egingo dutela programarekin; enpresa hauen zeregina giltzarri da ekimenean, beren esperientzia eta barne-ekintzailetza garatzeko ereduak partekatzeaz gain, aurten beren negozio-erronketako batzuk bertako start-up enpresekin batera landuko baitituzte, negozio sortu berri hauei proposamenak eta irtenbideak aurkezteko aukera eskainita.

Barne-ekintzailetza geure enpresa-ehuna garatzeko transformazio-iturri ahaltsua da, Euskadi bezala “helduak” diren zenbait lurraldetan egindako esperientziek nabarmen erakutsi dutenez.

Barne-ekintzailetzaren helburua bertako enpresetako gaitasunetatik abiatuta negozio berriak garatzea da, eta ondorioz, hazkunde-aukera handiko proiektuak gartzeko bidea errazten du, hots, epe ertain eta luzean hazkunde eta enplegua sortzeko potentzialitate handiko jarduerak ahalbidetzen ditu.

Eusko Jaurlaritzak bide honetan dihardu askotariko jarduerak bultzatuz (difusioa, prestakuntza, akonpainamendu aditua...), 50 langiletik gorako industri-enpresei begira bereziki, hauexek baitira programaren onuraz ondoen baliatu ahal direnak hazkunde-aukera handiagoa dutelako eta gainera, era horretakoak direlako geure enpresa-egituraren eragile eta oinarria.

Barne-ekintzailetza edo Ekintzailetza Korporatiboa “Ekintzailetza Sustatzeko Erakundeen arteko Planaren” apustu nagusitarikoa da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasun Sailak bultzatu du Planaren burua, hiru lurraldeetako Foru Aldundiekin elkarlanean.

2016ko ekintzak

Barne-ekintzailetza sustatzeko “Up!Euskadi” programa 2014ko amaieran abiatu zen. Gaurko aurkezpenarekin martxan jarriko den bigarren etapan, batetik, indartu egiten da barne-ekintzailetza propioa garatu duten enpresa eragileekiko konexioa eta baterako lana. 20tik gora dira programan parte hartuko duten enpresa-eragileak, eta beste enpresa askoren sostengurako erakusgarri dira, barne-ekintzailetzako esperientzia praktikoa eskaintzen baitute.

Bestalde, datozen hilabete hauetan lan estuagoa egingo da Euskadiko gainerako eragile ekonomikoekin, hala nola, merkataritza-ganbera, kluster, enpresa-erakunde eta abarrekin. Beren partaidetza bideratzeko hainbat jarduera burutuko dira elkarrekin.

Aurreko urtean bezala, jarduera hauek guztiak aurrera eramaten lagunduko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BIC zentroak (Business and Innovation Centre direlakoak). Duela gutxi amaitu da zentrook indartzeko eta fokalitzateko prozesua, enpresa-egituran esku-hartze sakonagoa ahalbidetuko duena.

Ekimenaren aurkezpenean parte hartuko dutenen artean, Telefonica enpresako Susana Jurado izango da. Jurado anderea berrikuntza ekimenen zuzendaria da eta negozio berriak garatzeko bere esperientzia azalduko du.

Horrez gain, mahai-ingurua izango da Alcor, Cikautxo eta Spyro enpresako arduradunen artean, Eusko Jaurlaritzako eta Gipuzkoako Bazkundeko ordezkariekin batera barne-ekintzailetzaren aukerak eta erronkak jorratzeko.