Diego Guerrero, Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa euskal sukaldariek menu bat sei eskutara eskaini zuten, Euskadiko Txakolina protagonista zela
2019.eko urtarrilak 29
Atzo gauean Madrileko DSTAgE jatetxean Diego Guerrero, Andoni Luis Aduriz eta Eneko Atxa euskal sukaldariek eskaini zuten afarian Euskadiko Txakolina izan zen protagonista. Bertan ziren Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta Kalitate eta Elikadura Industrien zuzendari Peli Manterola, biak ere Eusko Jaurlaritza ordezkatzen, eta, gainera, Txakolinaren hiru Jatorrizko Izendapenen ordezkariak ere bertaratu ziren.
“Txakolinaren Izarrak” izenpean, 3 euskal sukaldariek sei eskutara egindako menua eskaini zuten, Getaria, Bizkaia eta Arabako Jatorrizko Izendapenetako mahats mota desberdinekin egindako zazpi ardorekin lagunduta. Sukaldaritza esperientzia horrek agerian uzten du zergatik lortu duen txakolinak ardo zuri onenen sailkapenean gora egitea eta lehen postuetara iristea eta bere kalitate bikainari esker mundu osoko mahairik exijenteenak konkistatzea.
Modernitateak, gustu orekatuak, usain garbiak, fruitu gustuko ukitua, Kantauriko haize leunak eta aldaera autoktono hori hartzen duen paisaiaren berdetasunak izan dira inspirazio iturri hiru sukaldari abangoardistentzat, menu aparta sortzeko une errepikaezin batean.
Afariaren harreran, bere anfitrioi Diego Guerrerok adierazi zuen “DSTAgEko talde osoarentzat eta niretzat une berezia da, arrazoi bikoitzarengatik. Madrilen urte batzuk daramatzan euskaldun bezala, beti da zirraragarria gure lurreko produktuekin lan egitea”.
Andoni Luis Adurizek (Mugaritz) gehitu zuen "Jaten edo edaten dugunean zaila da ahaztea, nutrienteak lortzea edo gure zentzumenak elikatzeaz gain, produktuarekin bizi diren lurra, kultura eta balioak ere barneratzen ditugula, horiek baitira gure nortasunaren eta gure jatorriaren benetako ezaugarriak. Bere garraztasunaz eta bere zaporeaz harago, txakolina etxearen ikur bihurtzen da”.
Eneko Atxak (Azurmendi), berriz, hau adierazi zuen harreraren bukaeran: “Lana, dedikazioa, konpromisoa, denboraren interpretazioa, ezagutzaren transmisioa, antzinatasuna eta garaikidetasuna, espazioa eta denbora, naturaren emaginek entzuten eta ulertzen egiten duten lana gero eraldatzeko eta Txakolin zurrupada batean gure historia emateko”.