Gauza txikien superbotereak aktibatu
2018.eko azaroak 05
Gaur hasten da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokiko merkataritzaren balioa nabarmentzeko abian jarri duen kanpaina; telebistako spoten, irratietako iragarkien, prentsa idatziaren eta digitalaren eta kanpokoen bidez zabalduko da Euskadin.
“Gauza txikien superbotereak etorkizuna ustez hain arruntak diren ekintzen bidez, besteak beste, non eta nola kontsumitzen dudan erabakitzearen bidez, eraikitzeko aukera ematen digutenak dira”, esan zuen Retortillok, kanpainaren aurkezpenean.
Gaur Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak tokiko merkataritzaren balioa nabarmentzeko abian jarri duen sentsibilizaziorako eta balioa emateko kanpaina hasi da. Telebistako spoten, irratietako iragarkien, prentsa idatziaren eta digitalaren eta kanpokoen bidez zabalduko da Euskadin, eta helburu bikoitza du: alde batetik, saltoki horien beharrezko eginkizuna nabarmentzea eta, horretarako, gure herri eta hiriak dinamizatzea. Eta, bestetik, kontsumitzaileek izan nahi dugun etorkizuna eraikitzeko duten erantzukizuna eskatzea.
Kanpainak hasierako teaserra izan zuen, “Zure hiriak behar zaitu”; bertan, irudi bat ageri zen, batmanen deiaren antzekoa, baina boltsa bat ageri zen bertan. Teaserra gizarte-sareetan erabili zen, eta, horren bidez, Eibarko lokal huts batzuk binilatu ziren; bertan aurkeztu zen pasa den astean. Gaur bigarren fasea hasten da eta, bertan, 4 irudik tokiko erosketak nolako garrantzia duen erakusten digute, “Gauza txikien superbotereak aktibatu” lemapean, eta superheroien irudia ageri da eguneroko kontsumoko objektuetan, besteak beste, fruta-dendakoetan, liburu-dendakoetan, moda eta osagarrietakoetan edo etxeko altzari eta osagarrietakoetan.
Aurkezpenean, Retortillok gogorarazi zuen, krisialdiak gehien zigortutako sektoreetako bat izan bada ere eta aukera-desberdintasunean oligopolioei aurre egin behar izan badie ere, tokiko merkataritza ez dela ikaratu behar eta inoren eremuan lehiatzeko saiakerarik egin. Hurbileko merkataritzak oso espazio esanguratsua du eta ez du zertan galdu; izan ere, elektronikoa baino ez den merkataritzak lortu ez duen balioa dakar”.
Balio hori pertsonekiko harremana da; bertan, loturak alde bietatik sortu behar dira. Merkatariak ez du izan behar egokitzeko eta berritzeko ahalegina egiten duen bakarra. “Kontsumitzaile garen aldetik, nola eta non kontsumitzen dugun aukeratzeko askatasuna eta erantzukizuna dugu. Eta, hala egitean, zer mundu eraiki nahi dugun ari gara erabakitzen, zer gizartetan bizi nahi dugun.
Gauza txikien superbotereak
Kanpainaren bidez, saltoki txikien eta erosten duten herritarren balioa nabarmentzen da; izan ere, alde biak batuta baino ezingo dira gauza txikien superbotereak tokiko ingurunean aktibatu. Hori dela eta, ekintzak superbotere handi bilakatzen dira, kale eta auzoetako bizitza, jasangarritasuna, enplegua, ongizatea, berrikuntza eta kalitatea aktibatzeko gai, guztien baturak hiri, auzo edo herrietan distira eragitea lortzeko.
Kanpaina honen kontzeptua zenbait alderdik egituratzen dute:
- Hiri-herri-udalerria pertsonen bizitzaren erdigune bilakatzea. Herritar eta merkatari guztien laguntza eta elkarlana behar dute leku horiek.
- Merkatari eta herritarren sinbiosia, xede bererako borrokatzeko eta, horrela, superbotereak dituzten superheroi bilakatzeko, keinu txikien bidez. Gauza txiki askoren batura saltoki, kale edo auzo bakoitzean eta horien guztien batura tarteko, biziz eta ongizatez beteriko hiri handia sor dezakegu.