Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 13 baliabide aurkeztu ditu euskararen erabilera sustatzeko, batez ere lexikoaren eta terminologiaren ikuspuntutik

2018.eko otsailak 08

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak erreminta sorta berri bat aurkeztu du gaur euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko. Donostiako Tabakalera zentroan egindako aurkezpen batean, Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak honako tresnak aurkeztu ditu: Elhuyar Hiztegiaren bertsio berria, hiztegi digital honen aplikazio berritua, bederatzi hiztegi terminologiko, Hiztegibar ‘plug in’-a eta ‘Hizketa ereduak’ argitalpenaren aplikazioa gailu mugikorretarako. Erreminta hauek baliagarriak izango dira gure hizkuntzaren erabilera arlo guztietan errazten jarraitzeko, batez ere lexikoaren eta terminologiaren ikuspegitik.

Baliabide hauek guztiak hainbat erakunde, eragile eta aditurekin batera landu dira, eta gaurko aurkezpenean arlo askotako kideak egon dira. Dobaran sailburuordearekin batera, honako ordezkariak egon dira: Maite Iruretagoiena, IVAPeko zuzendaria; Estibaliz Alkorta, Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria; Joseba Barrena, Euskotreneko Hizkuntza Normalizazioa eta Genero Politika arduraduna; Mario Goffard, BECeko Marketing eta Komunikazio arduraduna; Josu Aztiria Elhuyar Fundaziokoa kidea; Gontzal Lopez Osakidetzako Euskara Zerbitzuko kidea; Iñigo Mendiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapena eta Turismo Saileko kidea; Arantxa Bodego geologoa eta EHUko irakaslea; eta, azkenik, Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko HUHEZI Fakultatean irakaslea.

Miren Dobaran sailburuordeak euskara arlo guztietan erabilia izateak duen garrantzia nabarmendu du: “Hainbat baliabide berri dakartzagu eta hauen bitartez beste urrats txiki bat emango dugu euskararen erabilera gure eguneroko arlo guztietan normalizatzen jarraitzeko. Euskararen biziberritze prozesuak etengabe eskatzen digu pauso berriak ematea, eta eskatzen digu, baita ere, esparru guztietara ailegatzea. Erreminta hauen bidez errazagoa izango da”. 

Elhuyar Hiztegi berritua eta app-a

Gaurko prentsaurrekoan, besteak beste, Elhuyar Hiztegi digital ezagunaren azken bertsioa aurkeztu dute. Baliabide hau 2000. urteaz geroztik dago erabilgarri Eusko Jaurlaritzaren webgunean. Euskarazko bigarren webgunerik bisitatuena da eta 2017an 8.887.226 bisita izan zituen (saio ezberdin); hiztegi honi loturiko ikusitako orrialdeak 45.785.359 izan ziren iaz. Orain, edukia berriz ere eguneratzeaz gain, datu-basearen formatua eta interfazea aldatu egin dira, “hiztegiaren funtzionalitatea era nabarmenean hobetuz”.

Webgunea berritzearekin batera, Elhuyar Hiztegiaren aplikazioa ere eraberritu da. Orain arte zeuden bi aplikaziok (bat doakoa eta bestea ordainpekoa) fusionatu dira eta diseinu berria duen app modernoago bat erabil daiteke. Aplikazio berri honetan, gainera, bilaketak konexiorik gabe egin daitezke.

Bederatzi hiztegi terminologiko

Erreminta hauekin batera, Eusko Jaurlaritzak bederatzi hiztegi terminologiko berri aurkeztu ditu. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta IVAPek finantzatu dituzte hiztegi hauek, eta UZEI izan da hauek egiteko arduraduna, Eusko Jaurlaritzarekin izenpetutako kontratu baten bidez. Behin hiztegiak amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eratutako batzorde tekniko batek aztertu du hiztegi bakoitza. Batzorde tekniko hauetan hiztegiek jorratzen dituzten eremuetako bi edo hiru aditu egoten dira (horietako batzuk gaurko aurkezpenean egon dira), eta lana amaitutakoan hiztegiak Euskararen Aholku Batzordearen barruan dagoen Terminologia Batzordera eraman dira. Han, batzordekideek egindako oharrak aztertu eta horien gainean erabakiak hartu ostean, hiztegiak onartu egin dira.

Hortaz, Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen du hiztegi hauen terminologia, eta hauen bidez EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa elikatu da.  Terminologia-lanaren plangintza martxan jarri zenetik, 2002an, Eusko Jaurlaritzaren helburua izan da ahalik  eta eremu gehienetako oinarrizko terminologia lantzea eta zabaltzea. Harrezkeroztik, Terminologia Batzordeak  58 hiztegi terminologiko eta lan berezi bat (‘Hizketa-ereduak’ / ‘Modelos de conversación’) onartu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak argitaratu eta banatu ditu. Hiztegi guztiak EUSKALTERMen daude integratuta eta pdf formatuan eskura daitezke helbide honetan: www.euskadi.eus/hiztegiak-banku-terminologikoak-eta-entziklopediak/web01-a2eutres/eu/.

Gaur aurkeztu diren bederatzi hiztegiak honako hauek  dira:

  • Traumatologia.
  • Hiesa.
  • Mendekotasuna.
  • Garraioa eta Logistika Hiztegia.
  • Azokak, Biltzarrak eta Jendaurreko Ikuskizunak Hiztegia.
  • Ehiza eta Arrantza Hiztegia.
  • Mineralak Hiztegia.
  • Sare sozialak.
  • Telefonia.

Hiztegibar ‘plug-in’ eta ‘Hizketa-ereduak’ aplikazioa

Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Internet Explorererako eta Chromerako Hiztegibar tresnaren ‘plug-in’-a aurkeztu du. Horri esker, nabigatzaile hauetan erabili ahal izango da euskararen gaineko hainbat baliabide batzen dituen tresna-barra hau.

  ‘Hizketa-ereduak’ argitalpena ere aplikazio bilakatu da Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Zerbitzu honek herritarrek beren egunerokoan erabil litzaketen hainbat elkarrizketa-eredu jaso ditu, tresna baliagarri bat sortuz euskara era guztietako hizketaldietara eraman ahal izateko. Era intuitibo batez erabiltzaileak mesedegarri gerta dakizkiokeen proposamenak topatuko ditu, egoeren arabera antolatuta.