Eusko Jaurlaritzak elkarlanean jardungo du Nazio Batuekin, Kolonbian bakea finka dadin bultzatzeko (Gobernu Bilera 2018-11-27)
2018.eko azaroak 27
Eusko Jaurlaritzak eta Nazio Batuek elkarlanean jardungo dute, Kolonbian bake jasangarria finka dadin bultzatzeko. Horretarako, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak eta Kolonbiako NBEren Koordinatzaile Egoiliarraren Bulegoak (KEB) hitzarmena sinatuko dute; hitzarmenak, gaur, Gobernu Kontseiluaren oniritzia jaso du.
Akordioaren bidez, bi aldeek 2016an Kolonbiako Gobernuaren eta Fuerzas Armadas Revolucionarias de Colombia-ren (FARC) artean adostutako Bake Akordioaren ezarpenarekin eta Kolonbiako Gobernuaren eta Ejército de Liberación Nacional-en (ELN) arteko bake-negoziazioekin zerikusia duten ekimen eta jarduerak abian jarri ahalko dituzte.
Hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren 2017-2020 aldirako Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Planaren ekimenetako batean sartzen da; horrek bidea zabaltzen du nazioarteko erakundeekin elkarlanean jarduteko espazioetan eta giza eskubideekin, gatazken ebazpenarekin, biktimekin eta bakearekin zerikusia duten programetan parte hartzeko, bai eta NBEren 2030erako Agendan eta bere Garapen Jasangarrirako Helburuetan (GKH) ere.
Zehazki, hitzarmen horren esparruan honako jarduketa hauek egingo dira:
1.- Ejército Nacional de Liberación-ekin (ELN) eginiko elkarrizketa politikoak eta negozioazioek sozietate zibilaren partaidetza izatea, nekazarien, identitate-taldeen (indigenak eta afrokolonbiarrak) eta emakumeen kolektiboak barne. Helburua da beste su-eten bat eta etorkizuneko bake-negoziazioak izateko baldintzak sortzen laguntzea.
2.- Nazio Batuen erantzuna sendotzea, giza eskubideen defendatzaile diren pertsonak eta lider sozial diren pertsonak babesteko. Horretarako, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-komisarioaren eginkizunak duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzatik abian jarritako Giza Eskubideen Defendatzaileak Aldi Baterako Babesteko Programarekin lotuko dira. Horrela, estatuaren presentzia gutxiko guneetan lider sozialak babesteko eginkizunak zabaltzeko jarduera batzuk jarriko dira abian.
3.- Gizarte-gatazkaren arriskuei buruzko prebentzio-analisiak. Gatazkak estatuaren presentzia gutxiko guneetan dakartzan erronkei aurre egiteko, NBEren Koordinatzaile Egoiliarraren Bulegoak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren eta elkarlanaren bidez, egoera humanitarioari buruzko analisiak eta azterlanak, Ekuadorreko eta Kolonbiako mugako krimen antolatua eta Kolonbiako bake, gatazka eta garapenaren inguruko egoerari buruzko beste alderdi batzuk koordinatuko ditu.
4.- Kolonbiari baliagarri zaizkion bake- eta adiskidetze-prozesuen esperientziak ikastea, bai eta beste bake-prozesu batzuk ere etorkizunean, besteak beste, honako arlo hauetan: su-etenak, borrokalarien berrintegrazioa, elkarrizketa eta asiskidetzea eta gizarte-bitartekarien eginkizuna. Ikaskuntza hori bultzatzeko, hitzarmena indarrean den lehen urtean bi mintegi antolatuko dira –bat Kolonbian eta beste bat Euskadin–, bake- eta adiskidetze-prozesuen inguruan (Ipar Irlanda, Euskadi, Kolonbia).
Jarraipen Batzordea izango da gaur onetsitako hitzarmenean jaso diren helburuak betetzen direla bermatzeko arduraduna; Eusko Jaurlaritzak, aurten, 59.000 € bideratuko ditu horretara.
Testuingurua Kolonbiak bizi duen egoera historikoa da. 2016an adostutako bake-akordioak ezarri izanak zenbait egitura-erreforma egiteko atea ireki du, etorkizunean indarkeria antolaturako modu berriak prebenitu ahal izateko bake jasangarriari eta giza garapenari bide emateko. Herrialdeak ekonomia- eta ingurumen-ahalmen handia du, eta nazioartean bakearen eraikuntzarako eta gizarte-berrikuntzarako eredu gisa ikusten da. Nazioarteko esperientziak erakusten du lehen bi urteak funtsezkoak direla bakea finkatzeko. Hori da gatazka ondokoaren faserik ahulena. Aldi horretan, Akordio baten ezarpena indarrez abiatu behar da, eta akordioak ezarritako asmoei egoki erantzun behar zaie. Horiei egoki erantzuteko, aldi berean, lortzen diren akordioak hobeto ezartzeko eta aldeetako bakoitzeko ekipoek behar duten aholkularitza emateko mekanismo azkarrak behar dira. Gaur onetsi den hitzarmena Eusko Jaurlaritzak eta Nazio Batuek Kolonbian bakea finkatzen laguntzeko duten interesaren emaitza da, izan ere, Kolonbia lehentasunezko bazkidetzat jotzen da Euskadi Basque Country 2020rako Nazioartekotze Esparru Estrategian. |