Adierazpen bateratua irakurri dute Euskadiko erakunde nagusiek igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira
2017.eko azaroak 27
Elkarlana eta aktibazioa euskararen erabilera sustatzeko. Horiexek izan dira herri erakundeek datorren igandean ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunari begira onartu eta aditzera eman duten adierazpenaren oinarriak. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean irakurri dute adierazpen hori eta, informatu dutenez, datorren igandean ildo horren aldeko apustua berretsiko dute egun hori dela-eta Europa Jauregian izango den ospakizun nagusian.
Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak izan dira adierazpenaren gaurko aurkezpenean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran; Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martinez de Luna; Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Mikel Irizar; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari Ana de Castro; Gasteizko Udaleko Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa, Donostiako Udaleko Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotzi Miren Azkarate; eta Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza zuzendari Jone Unzueta. Haiekin batera izan dira, baita ere, EUDELeko euskara arduradun Aitor Aldasoro eta UEMAko presidente Josu Labaka.
Adierazpen honetan “elkarlanaren” garrantzia nabarmendu dute euskararen erabilera sustatze aldera: “Euskara urtean egun batez dugu ospakizunerako gai, eta 365 egunez langai. Elkarlanerako gai. Adostasunerako gai. Eta ospakizun eguna baliatu nahi dugu, hain zuzen, ilusioaren hauspoa haize berriz betetzeko. Indar berriez sendotzeko denon eginahala. Hori behar baitu euskarak, hori behar baitugu euskara guztion ezpainetan, kaleetan, etxeetan, ziberespazioan, lantokietan, pantailetan, paperetan nahi dugunok: ilusioa. Eta elkarlana. Auzolana”.
Horrela, adierazi dutenez, momentu egokia da lankidetza hori berrikuntzaren bidetik sendotzeko. “Une aproposa da euskararen lurralde eta eremu guztietako herri aginteen arteko lankidetza ere berrikuntzaren bidetik sendotzeko. Erabileraren mesedetan. Eta euskarak elkarlan horien guztien premia du. Ezinbestez”, gehitu dute.
Iñigo Urkullu Lehendakaria buru izango da datorren igandeko Europa Jauregiko ekitaldi nagusian; eguerdiko 12.00etan hasiko da eta erakundeetako zein euskalgintzako ordezkariak izango dira han.
Erakundeen adierazpena esteka honetan irakur daiteke.