Euskadi Literatura Sariak (2020)
Literatura lanaren ilustrazioa
Miren Asiain
un millón de ostras en lo alto de la montaña
GAZTELANIAZKO LITERATURA
Aixa de la Cruz Regúlez
Cambiar de idea
Caballo de Troya
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Ramon Eder, epaimahaiburua
Javier Otaola, epaimahaikidea
Natalia Vara, epaimahaikidea
Maria Jose Martinez, epaimahaikidea
Elena Sierra, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Cambiar de idea lan apurtzailea da bere gaian eta berritzailea bere diskurtsoan, ni - aren azalpen bat proposatzen du eta, aldi berean, ni hori bera zalantzan jartzea, errealitatea ikusteko modu desberdinak erabiltzeko aukera ematen baitu.
Hibridazio literarioa proposatzen du, narrazioa, saiakera eta kronika txikia bezalako generoen nahasketa, baina horrek ez du eragozten diskurtsoak testuaren bidez aurrera egitea; aitzitik, irakurlea etengabe aztertzen eta zalantzan jartzen den ni horren diskurtsoari lotzen laguntzen du, zintzotasunez eta erabateko hordikeriaz.
Eferbeszentzia, abiadura, intentsitate narratiboa eta freskotasuna Aixa de la Cruzen testuaren idazkeraren ezaugarriak dira, erritmo handiko istorio baten ezaugarri nabarmenenak dira, baita sormen apustu berritzailea eta teknika asko menderatzen duen idazketa baten ezaugarriak ere.
Aixa de la Cruz Regúlez
Bilbo, 1988
Ingeles Filologian lizentziatua eta Literaturaren Teoria eta Literatura Konparatuan doktorea da. De música ligera (451 Editores, 2009) eta La línea del frente (Salto de Página, 2017) eleberriak, Modelos Animales (Salto de Página, 2015) ipuin-liburua eta Diccionario en guerra (La Caja Books, 2018) argitaratu ditu, feminismoari buruzko fikziozko eta ez-fikziozko proposamen hibridoa. Era berean, hainbat antologiatan parte hartu du, besteak beste, Best European Fiction (Dalkey Archive, 2015) ingelesezko idazle europarren hautaketan.
Cambiar de idea
Hogeita hamar urte betetzear dagoela, Aixa de la Cruzek bere bizitzako unerik esanguratsuenetako batzuk zeharkatzen dituzten memoriak idazten ditu: bere lagunik onenetako batek auto istripu zorigaiztoko bat izaten duenetik bere dibortziora arte; doktore tesi bat idaztearen ondorioetatik beste emakume batzuekin izan zituen sexu harremanetaraino; "bioaitarikk" gabe heldu zen haurtzarotik feminismoaren aurkikuntzaraino...
Euskarazko Haur eta Gazte Literatura
Iñigo Astiz Martinez
Joemak eta Polasak
Elkar
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Patxi Zubizarreta Dorronsoro, epaimahaiburua
Lore Agirrezabal Pertusa, epaimahaikidea
Leire Díaz de Guereñu Lasaga, epaimahaikidea
Ziortza Onaindia Bereziartua, epaimahaikidea
Igor Idoeta Irazabal, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Hona haur literatura peto-petoa eskaintzen digun liburu bat, izenburu beretik jolaserako proposamena egiten diguna. Estilo argi eta zuzenean idatzitako hamaika poema laburrek harridurez eta ezustez beteko gaituzte, umore dotorez, tarteka baita beltzez eta makarrez ere. Eta, batzuetan, irribarrea eta, beste batzuetan, barre algara eragingo digute. Hona gure tradizioa Astrid Lindgreen, Roal Dahl edo Gianni Rodariren gramatika fantastikoekin aberastua eta hona, batez ere, literaturaren alderdi ludikoaren aldarrikapena, jolasteko proposamena, norberak poesia sortzeko eta bizitzari poesiatik begiratzeko. Poemategi transgresore hau edizio zaindu dotorean dator gainera, haurrek eta haur izan ginenok merezi dugun bezala, Maite Mutuberriaren marrazkien indar eta konplizitate estetiko apartaz lagundua. Hona haur literatura peto-petoa, eta bizipoza, norbera ez dadin izan hain zintzo, hain ona…
Iñigo Astiz Martinez
Iruñea, 1985
Euskal poeta eta kazetaria da. 2019an Lauaxeta saria jaso zuen Analfabetoa poema bildumarekin. Lehendik Baita hondakinak ere (Susa, 2012) eta Kixotenean kronika (Elkar, 2016) argitaratu zituen.
Joemak eta Polasak
Ei, ei, aizu,
ireki liburu hau azkar.
Elurra has du hemen
Et malutaz-maluta,
barr ko oemak
des g rtzera doaz!
Ei, ben tan,
ir ki lib ru ha . A k r!
EUSKARAZKO LITERATURA ITZULPENA
Idoia Santamaria Urkaregi
Aldibereko (Ingeborg Bachmann)
Erein & Igela
18.000 euroko saria.
Epaimahaia:
Isabel Etxeberria, epaimahaiburua
Ander Arana, epaimahaikidea
Iker Sancho, epaimahaikidea
Asun Garikano, epaimahaikidea
Gidor Bilbao, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Euskadi Literatura Sarietako 2020ko Euskarazko Literatura Itzulpenaren modalitateko epaimahaiak saria Idoia Santamaría Urkaregiri ematea erabaki du, Ingeborg Bachmann idazle austriarraren Simultan (euskaraz Aldibereko) ipuin-bilduma alemanetik euskarara ekartzean egindako lanagatik.
Bachmannek idatzi zuenez, “Aldibereko izenburuak erakutsi nahi du itzulpena ezinezkoa dela egiatan, pertsona batek ezin duela benetan itzuli beste batek pentsatzen eta sentitzen duena”. Bere ipuinetako batean ere esaten du Nadja, ipuin horretako pertsonaia nagusia, ez zela “gai esaldi hura beste hizkuntza batera itzultzeko; ustez, bazekizkien hitz bakoitzaren esanahia eta erabilera, baina ez zekien zerez zegoen egina benetan esaldi hura”.
Idoia Santamaría Urkaregi itzultzailea ezinezkoa egiten tematu da eta, epaimahaiaren ustez, erabaki ausarten bidez lortu du liburuko bost ipuinetan protagonismoa hartzen duten Vienako sei emakumeen ahotsa irakurle euskaldunari entzunaraztea, eta 1968tik 1972ra bitartean idatzitako bost istorioak XXI. mendeko euskal irakurlearentzat unibertso sinesgarri bihurtzea.
Bachmannen prosa alemanez irakurri duenak badaki ez dela irakurlearentzat erraza, eta askotan lan nekeza dela hitz egiten ari diren pertsonaien ahotsak, gogoetak eta are narratzailearena bereiztea, idazleak nahita jolastu baitu puntuazioaren arauei izkin eginez, baina aldi berean pertsonaiak hizkuntzaren bidez marraztuz. Idoia Santamaríaren euskarazko itzulpenean, epaimahaiaren ustez, ondo ezagutzen dira alemanezko istorioetako gizon eta emakumeak, eta itzultzaileak harturiko erabaki batzuen ausardiari zor zaio, hain zuzen, Ingeborg Bachmannek istorio bakoitzean ezarritako tonua euskarazko irakurleari helaraztea lortu izana.
Idoia Santamaria Urkaregi
Donostia, 1962
Euskal Filologian lizentziaduna. Elhuyarren lan egiten du itzultzaile, zuzentzaile eta trebatzaile. Elhuyarren hasi aurretik, Luxenburgon lan egin zuen Europar Batasuneko itzultzaile. Literatura-itzulpenean, F. Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa euskaratu du.
Aldibereko (Ingeborg Bachmann)
Paper-ertz batean egindako bozeto moduko batzuk dira ipuinok Bachmannentzat, eta, emakume batzuen erretratua egiteaz gainera, garai jakin bateko ohiturak ere erakutsi nahi izan zituen.
Ipuin independenteak dira denak, baina egitura zikliko bat osatzen dute denen artean. Lehenengo ipuina (Aldibereko) eta azkena (Aintzirarako hiru bide) liburuaren bizkar-hezurra dira: ipuin horietako bi emakume protagonistak profesional arrakastatsuak dira –aldibereko interpretea bata, kazetari eta argazkilaria bestea-, eta kontraste nabarmena egiten dute beste hiru istorioetako emakumeekin, zeinak nartzisismo hutsalean, beldurrean eta errealitatea ukatzeko ahaleginean katramilatuta baitaude.
LITERATURA LANAREN ILUSTRAZIOA
Miren Asiain Lora
un millón de ostras en lo alto de la montaña
Flamboyant
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Higinia Garay Zarate, epaimahaiburua
Yolanda Mosquera Fernández, epaimahaikidea
Jose Antonio Morlesin Mellado, epaimahaikidea
Mikel Valverde Tejedor, epaimahaikidea
Irati Eguren Arruti, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Miren Asiainen ilustrazioaren estiloa oso pertsonala da. un millón de ostras en lo alto de la montaña, originaltasunak, koherentziak, girotze magikoak eta ehundurek atmosfera berezi bat sortzen laguntzen dute. Haurrei zuzendutako baina publiko orokorrari irekitako lan honetan, fikziozko bidaia baten bidez hari narratiboa egoki ehuntzen du.
Bere sorkuntzek, natur zientzien eremuari lotutako kultura bisuala gogorarazteaz gain, estetika poetiko nabarmena erakusten dute, ezagutza liburu hau hurbilago eta gogorarazleago bihurtuz. Ilustratzaileak ikuspegi ugari erabiltzen ditu: tradizio zientifikoaren oroipena, zientziari buruzko erreferentziak prozesu naturalen irudikapen deskriptibo eta narratiboen bidez, hala nola fosilizazioa eta beste apunte bisual batzuk. Irakurleari keinuak egiteko lekua ere badago, kontakizunaren irakurketan parte hartu duela azpimarratzen duten xehetasunetan.
Argitalpen honetan, Miren Asiainen soluzio grafikoek ilustrazioak ikusizko hizkuntza gisa duen gaitasunari balioa ematen diote; izan ere, eduki zientifikoak zabaltzen laguntzeaz gain, eduki horien ikuspegi eta interpretazio poetikoa eman dezake, kasu honetan bezala.
Miren Asiain Lora
Iruñea, 1988
Txina, Japonia, Korea, Italia, Espainia, Argentina, Mexiko eta New Yorkeko hainbat erakusketatan parte hartu du, eta hainbat sari jaso ditu: Etxepare 2012, Hara! Lanagatik; Ilustrazioko VI. Katalogo Iberoamerikarraren Saria, fil Guadalajara 2015; Haur Azoketan, Boloniako liburua, 2017-2018-2019; New Yorkeko Ilustratzaileen Elkartearen 61. Erakustaldia, 2019an; eta Cuatrogatos Fundazioaren Saria, 2020.
un millón de ostras en lo alto de la montaña
EUSKARAZKO SAIAKERA
Uxue Alberdi Estibaritz
kontrako eztarritik
Susa
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Mitxelko Uranga, epaimahaiburua
Santiago Urrutia, epaimahaikidea
Monika Madinabeitia, epaimahaikidea
Ainhoa Novo, epaimahaikidea
Joxemari Iturralde, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Emakumeen, eta, zehazki, emakume publikoen, bertsolarien, unibertsaltasun ezaren inguruko hausnarketa egiten du lanak. Eremu publikoa maskulinizatuta dago, gizonek okupatuta, ordezkatuta, pentsatuta, bideratuta eta antolatuta. Genero-identitatea da, oraindik ere, gizarte guztiak banatzen dituen elementu nagusia eta giza harreman gehienen oinarria. Horrela, egun “bakan bakanak dira izaki unibertsaltzat, komunitate osoaren ordezkari eta eredutzat, hartzen diren emakumeak”. Uxue Alberdik, unibertsalak ez diren heinean, emakume gorputzek eta bertsolari gorputzek talka egiten dutela erakusten digu, kontraesanean daude, arrotzak, artifizialak dira haien eta gizartearen imajinarioan. Uxueren helburua ez da soilik emakume bertsolarien unibertsalitate ezak bertsolarien lana mugatzen duela aldarrikatzea, horrek bertsolaritzaren etorkizunean duen eragina ikusaraztea ere; “Niri neuri tamalgarria iruditzen zait horren bizi laburreko bertsolariak ekoizten dituen sistema” edo “sustrai sakoneko ideologien aurpegi dikotomikoak izan daitezke, bertsolaritza biziraupenerako eta osasunerako arriskutsuak”.
Hala ere, bertsolaritzatik haratago doa lana, mugatze-mekanismoak unibertsalak dira, mundua eta garaiak zeharkatzen dituzte. Uxuek gidatzen dituen bertsolarien testigantzak irakurlearekin emozioen bidez bat egiten du, irakurleak bere egunerokoan muga-mekanismoen materializazioa identifikatuz. Garai ezberdinetako autore anitzen hausnarketak biltzen ditu mekanismo bakoitza lehenago pentsatua, kontzeptualizatua izan dela erakutsiz. Ez dira soilik testigantza partikularrak, pertsonalak, pribatuak edo intimoak, unibertsalak eta errepikakorrak baizik. Emakumeen testigantza hauek gizarte osoari begiratzen diote. Egileak unibertsaltzat hartzen ez diren egoerak unibertsalak direla sentiarazten du, emakumezko bertsolarien bizipenen benetakotasunak irakurlea hunkitzeko daukan gaitasunaz.
Egituran lan ordenatua da eta horrek errazten du bere tesiaren defentsa. Muga-mekanismoaren kontzeptualizaziorekin ematen dio hasiera atal bakoitzari, horretako autore ezberdinen ekarpenez baliatzen da. Besteak beste honako mekanismoak aipatzen ditu; itxuragatik epaitua izatea, merezimendu falta, aitakeria, biolentziaren naturalizazioa, eranskintzat hartzea, ikusezintasuna edo eta gutxiespen ekonomikoa. Gero, kontzeptuak, mugak, testigantzekin lotzen ditu, orokorretik partikularrerako bidea eginez. Testigantza partikularraz baliatzen da bere tesia indartzeko. Atal ezberdinen bitartez bertsolaritza munduak dituen esparruak jasotzen ditu; faseak (eskola, plaza, txapelketak), elementuak (gaia, gai-jartzailea, ikusleak, kideak) eta giza-harremanak (kontaktua, kontratuaren negoziaketa, hierarkia edo mailaketa).
Uxue Alberdik hitzen balioa zaintzen du lan honetan ere. Testigantzen ordenak, aipuen aukeraketak errazten du lanaren irakurketa. Atal batek hurrengora zaramatza, amaierako “berdintasunezko bertsolaritza bizigarriaren alde, topa lagunok” esaldi arte.
Uxue Alberdi Estibaritz
Elgoibar, 1984
Idazlea eta bertsolaria. Bi ipuin liburu Aulki bat elurretan (Elkar, 2007) eta Euli-giro (Susa, 2013) eta bi nobela Aulki-jokoa (Elkar, 2009) eta Jenisjoplin (Susa, 2017) idatzi ditu. Haur literaturan lan ugari ditu argitaratuak, Besarkada (Elkar, 2015) lanarekin Euskadi Literatura Saria Euskarazko Haur eta Gazte Literatura modalitatean lortu zuen.
2012an Bertso Eskola Feminista sortu zuen Ainhoa Agirreazaldegirekin batera eta Bertsolaritza: begirada feminista bat hitzaldiak egin zituzten herriz herri. Ez da kasualitatea eta Kafkaren aulkia emanaldien bultzatzaileetako bat izan da. 2018ko Bertsolaritzaren bilakaera genero ikuspegitik infografia sortu zuen taldean parte hartu zuen. Ahalduntze Bertso Eskolako kidea da.
kontrako eztarritik
Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak hamabost bertsolari elkarrizketatu ditu LISIPEren bosgarren ale honetan. Helburua, aldiz, ez da bertsogintzaren teknika finduez, koplen kalitateaz edo zortzikoen flow-az mintzatzea, ezpada horiek guztiak nortzuek, nondik eta norentzat sortuak diren aztertzea; bertsolaritza praktika sozial bat baita eta praktika sozial oro baita gure garaiko botere harremanen dispositibo. Hala adieraziko dute elkarrizketatuek.
Emakume mordoak omen dihardu bertsolaritzan. Hori entzuten dugu behin eta berriro, baina datuak eta pertzepzioak ez datoz bat. Guk badakigu emakumeen ikusgarritasuna gizonezkoen desiraren neurrira egina dela, eta, Alberdik bikain argitzen duen moduan, gizon publikoaren osagarri rola betetzen duen bitartean, emakumea (singularrean) onartua da gizonen espazioetan, baina gizonenak dira espazio publikoak.
GAZTELANIAZKO SAIAKERA
Borja Barragué Calvo
Larga vida social a la democracia
Ariel
18.000 euroko saria eta 4.000 euro, lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.
Epaimahaia:
Daniel Innenarity, epaimahaiburua
Amaia Bacigalupe, epaimahaikidea
Carmen Peñafiel, epaimahaikidea
Manuela Alvarez, epaimahaikidea
Xabier Aierdi, epaimahaikidea
Epaimahaiak ikusitako merituak
Larga vida social a la democracia gaur egungo gai bati buruzko testu bat da, ausardiaz tratatua. Dilema klasikoak planteatzen dira, sozialdemokraziak funtsean esaten zuena gogoratzen da, postulatu klasikoen aldarrikapen bat dago eta gaur egunera egokitzea proposatzen da.
Publiko handiarentzat lan eskuragarria da, dibulgaziozko tonu zorrotza eta irakurketa atsegina egiten duen estetika egokia nabarmentzen dira, liburu atsegina eta irakasgarria da, ondo idatzia, testua zuzena eta argia da eta ironia presente dago. Proposamen ireki gisa egindako saiakerak galderak irekitzen ditu, pentsarazten ditu eta belaunaldi desberdinak lotu ditzake.Borja Barragué Calvo
Donostia, 1981
Zuzenbidean eta Zientzia Politikoetan lizentziatua eta UNEDeko Filosofia Juridikoko Departamentuko irakaslea da.
Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Zuzenbidearen Filosofia irakaslea, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Fakultateko ikertzailea, Agenda Publikoaren editorea eta Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioko aholkularia izan da. Gizarte-politikei eta filosofia politiko analitikoari buruzko artikulu zientifiko eta dibulgatzaile askoren egilea da.
Larga vida social a la democracia
Europa ia osoko hauteskundeetako beherakadari ideia-falta bat gehitu behar zaio munduan zehar dabilen krisi ekonomiko eta politikoaren aurrean. Trebetasunez eta umore-zentzu sotilez Borja Barraguék egoeraren diagnostikoa egiten du, eta gizarte-justiziaren eta sozialdemokraziaren noraez ideologikoa markatu duten pentsalarien oinarrizko kontzeptuak jorratzen ditu. Baina liburua askoz haratago doa: argumentu eta datu berriez beteta, eta tradizio sozialdemokratari berari autokritika egiten dion ausardiaz, erretorika hutsalari izkin egiten dioten ideiak proposatzen ditu egileak, eta zurrunbilotik ateratzeko iradokizun berritzaileak zirriborratzera abenturatzen da.
Ziurgabetasun- eta bizkortze-garai hauetan, sobera daude sozialdemokrazia erreformista bat defendatzeko arrazoiak, gizarte berriaren errealitate teknologiko, demografiko eta laboraletara egokitutakoa, justizia sozial birdefinitu baten bandera goratzen duena eta neoliberalismo ikaragarriaren eta ultraeskuindarraren oldarra hausten duena.