Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

90. zk., 2024ko maiatzaren 9a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
2191

AGINDUA, 2024ko apirilaren 30ekoa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egin eta arautzen baita bidaiarien eta salgaien garraio publikoaren sektorean jarduera uzteko laguntza-programa.

Garraiolari autonomoen adin handia da errepidez egiten den garraio publikoaren sektoreari eragiten dioten arazoetako bat. Hori dela-eta, sail honek uste du egoki dela bizitza profesional gehiena errepide bidezko garraio publikoaren sektorean egin duten adin handiko profesional horiek lanbidea bertan behera utz dezaten sustatzea; eta, hartarako, beharrezko baliabideak jarriko dira.

2024ko ekitaldian, honako sektore hauei erantzungo zaie: ibilgailu arin eta astunetan errepidez egiten den salgaien garraio publikoa; eta autobusez egiten den bidaiarien garraio publikoa; izan ere, sektore horietan, adin handiko garraiolari askok ez dute beharrezko baliabiderik jarduera bertan behera uzteko, eta, beraz, aipatutako laguntzek gizarte-funtzioa egiten dute. Halaber, garraiolari hauek sartuko dira: ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenak, eta bai baliaezintasun handia aitortua dutenak ere.

Laguntza-programa hau sartuta dago Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2021eko ekainaren 2ko Aginduaren bitartez onartutako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako 2021-2024 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan, eta egoitza elektroniko honetan kontsulta daiteke: https://www.euskadi.eus. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren helburuen barruan kokatzen da laguntza-programa hau, hain justu ere garraio-sektorearen funtsezko elementuari –garraiolariari– eragiten baitio.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2024. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 21/2023 Legeak baimendutako kredituen arabera, dirulaguntza-deialdi honek nahikoa aurrekontu-estaldura dauka.

Ondorioz, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 11/2021 Dekretuaren 4.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta kontuan harturik Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean eta hura garatzeko xedapenetan eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauetan xedatutakoa, aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenen kalterik gabe, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Agindu honen helburua araubide hau arautzea da: bidaiarien eta salgaien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko adin handiko garraiolariek, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua dutenek eta baliaezintasun handia aitortua dutenek lanbidea bertan behera uztea sustatzeko laguntza-araubidea (2024. urtea).

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko, laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak izateko baldintzak.

1.– Eskabideak aurkezteko azken egunean honako betekizun hauek betetzen dituzten pertsonak izan daitezke agindu honetan araututako laguntzen onuradunak:

a) 2019ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) 63 urtetik 64 urtera (biak barne) bitarteko adina izatea, edo garraiolariaren ohiko lanbidean jarduteko ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatea, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak pentsioaren onarpen-data adierazten duen ebazpena eman izana. 2024ko ekainaren 1ean sei hilabete oso baino gutxiago falta badira hirurogeita bost urte betetzeko, ez da emango laguntzarik.

c) Azken hamar urteetan, etenik gabe, bidaiarien edo salgaien autobus bidezko garraio publikorako indarreko baimen baten titular izatea gehienez ere hiru kopiarekin; edo aldi berean bi horiena izatea, gehienez ere hiru kopiarekin. Baimen horrek etengabekoa izan beharko du, eta gutxienez indarreko kopia bat izan beharko du. Nolanahi ere, baimenaren titulartasunean edo indarraldian eten bat edukitzea baimenduko da, baina gehienez ere hiru hilabetekoa izango da. Ondorio horiei dagokienez, eskabidea aurkezterakoan birgaiturik badaude, bisatuaren falta dela-eta iraungitako baimenak indarrean izan direla ulertuko da. Laguntza ematea eragiten duen baimenak indarrean egon behar izango du egoera hauen onarpenera arte, ezintasun iraunkor absolutua, osoa edo baliaezintasun handia denean.

Trakzio propiodun ibilgailuei (barne direla TD motakoak) dagokienez, 2007ko apirilaren 16a baino lehen onuradunaren titulartasunpeko diren baimenak, salgaien garraio publikorako direnak, zehazki estatuko eremukoak direnak, baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

Onuradunaren titulartasunpeko ibilgailuari dagokionez, 1998ko uztailaren 1a baino lehen bidaiarien garraio publikorako diren baimenak, zehazki estatuko eremukoak direnak, baimen baten kopia gisa zenbatuko dira.

d) Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egotea, hain justu ere azken hamar urteetan etenik gabe; gehienez ere, hiru hilabetetik pasatzen ez den eten bakarra onartuko da.

Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia duten eskatzaileen kasuan, epe hori ezintasun hori aitortu zaien egunaren aurre-aurreko hamar urtekoa izan behar da.

e) 2024ko azaroaren 30a baino lehen, errepidez bidaiariak edo salgaiak garraiatzeko jarduera bertan behera uzteko konpromisoa hartzea; betiere, bere titulartasunpeko garraio-baimenei behin betiko uko eginda. Jarduerari berriz ekinez gero, jasotako laguntzak edo tokatzen diren interesak itzultzeko obligazioa izango du.

2.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen onuradunak hauek izan daitezke: salgaien garraio publikoaren edo autobuseko bidaiarien baimenaren titulartasuna duten pertsona bateko sozietateen bazkide bakarrak, betiere pertsona bateko sozietateak zein bazkide bakarrak aurreko apartatuko baldintzak betetzen badituzte. Agiri bidez egiaztatu beharko dute, eta, ahal bada, merkataritza erregistroko ziurtagiriaren bidez, azken hamar urteotan sozietatea pertsona batekoa izan dela.

3.– Ezin izango dute dirulaguntzen onuradun izan honako egoera hauetakoren batean dauden erakundeak:

a) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

b) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa kalifikatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

d) Pertsona fisikoak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu publikodunen jokabide kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

e) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak.

f) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Dirulaguntzak itzultzeagatik sortutako betebeharren ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

h) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak abenduaren 21eko 20/2023 Legearen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik administrazio- edo zigor-zehapenen bat ezarri zaien pertsona fisikoak eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako denbora-tarte osoan.

i) Dirulaguntzei buruzko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluan jasotako debekuetako batean ere ez egotea.

Atal honetako e) eta g) letretan aipatzen diren betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoa beteko da. Agindu hori zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa da, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoa ere, Euskadiko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan.

4. artikulua.– Laguntzak izapidetzea.

1.– Agindu honetako laguntzen izapidetzea Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.3 artikuluetan arautzen da, bai eta Lurreko Garraioen Antolamenduari buruzko 16/1987 Legearen 56. artikuluan ere.

2.– Interesdunek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak, Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jarriko dira: http://www.euskadi.eus/egoitza

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Administrazio-prozeduraren informazio-fitxa, non izapideak egiteko jarraibideak eta ereduak eskuragarri dauden eta eskabide-inprimakian sartzeko aukera ematen duen, helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0031109.

Eskabidearen ondorengo izapideak, jakinarazpenak barne, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» ren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren egoitza elektronikoan identifikaziorako eta sinadura elektronikorako onartzen diren bitartekoak honako helbide honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

Elektronikoki izapidetu ahal izango da, ordezkari baten bidez. Horretarako, ordezkaritza Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren ahalordetzeen erregistro elektronikoan inskribatu ahal izango da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ordezkariak

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6. artikulua.– Agiriak aurkeztea.

1.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabide-orria, behar den moduan beteta, eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan erroldaturik dagoela egiaztatzeko agiria, noiztik erroldaturik dagoen jasotzen duena.

c) Pertsona juridiko bakar bateko sozietateen bazkide bakarren kasuan, eskatzailearen identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFZ, Merkataritza Erregistroko inskripzio-ziurtagiria eta halaber eratze-eskriturak edo onuraduna bazkide bakarra dela egiaztatzen duen agiria.

d) Azken hamar urteetan, etenik gabe, Gizarte Segurantzako langile autonomoentzako erregimenean alta emanda egon izanari buruzko egiaztagiria (lan-bizitzari buruzko txostena).

e) Beharrezkoa bada, ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izateari buruzko egiaztagiria.

f) Hirugarrenen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ekonomia eta Ogasun Sailak ezarritako ereduaren araberakoa, honako helbide honetan eskuragarri: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak; betiere, lehenengoz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez. Fitxa hori laguntza eman ondoren aurkeztu daiteke, beti laguntzak ordaindu baino lehen.

2.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko ditu honako alderdi hauek:

Eskatzailearen nortasunaren egiaztapena, pertsona fisikoa bada, automatikoki egiaztatuko da eskabidea bitarteko elektronikoen bidez egiten denean; izan ere, bitarteko horiek eskuratzeko, pertsona horiek identifikatu behar dira ziurtagiri digitalaren edo baliokidearen bidez.

Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzeko, dirulaguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egin beharko da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.f) artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Kudeaketa-organoak automatikoki egiaztatuko du betetze hori, eta ez du haien baimenik beharko. Hala ere, eskatzaileak modu arrazoituan egin ahal izango du aurka, eta, kasu horretan, adierazitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako baldintzetan.

Halaber, organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak eskatzen dituzten pertsonek salgaien edo bidaiarien autobuseko garraio publikorako baimenen titulartasuna eskatzen den antzinatasunarekin dutela, haien baimenik behar izan gabe, bat etorrita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluarekin eta Herritarrei arreta integrala eta kanal anitzekoa emateari eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzeari buruzko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuaren 9. artikuluarekin. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori eskabidea egitean, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.

4.– Laguntza eskatzen duen pertsonak eskabidearekin batera eskabide-orrian agertzen den erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du. Horren bidez adieraziko du, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 9.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, agindu honetan eskatutako betekizunak betetzen dituela, honako alderdi hauen egiazkotasunari buruzkoak:

a) Aditzera ematea helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, hala badagokio, eskuratu direla beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatutatik.

b) Agindu honen 3.1 artikuluaren e) letran eta 3.3 artikuluan ezarritako alderdiak- e) letra izan ezik-.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du, baldin eta aurkeztu den eskabidea behar bezala balioesteko beharrezkotzat jotzen badu.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

8. artikulua.– Agirien gaineko akatsak zuzentzea.

Kudeaketa-organoak ikusten badu eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituztela, hala jakinaraziko dio eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, akatsak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.

9. artikulua.– Zenbatekoa.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira:

a) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko lau mila eta ehun (4.100,00) euro, salgaien garraio publikoa ibilgailu astunez egiteko eta bidaiarien garraio publikoa autobusez egiteko baimenei dagokienez.

b) Garraiolariari hirurogeita bost urte betetzeko falta zaion sei hilabeteko epe bakoitzeko bi mila eta seiehun (2.600,00) euro, salgaien garraio publikoa ibilgailu arinez egiteko baimenei dagokienez.

c) Ezintasun iraunkor absolutua edo osoa aitortua duen edo baliaezintasun handia aitortua duen garraiolariari hamar mila (10.000,00) euro.

3. artikuluko gainontzeko betekizunez gain, artikulu horren 1.b) apartatuan ezarritako adinarena eta ezintasun iraunkor absolutua edo osoa edo baliaezintasun handia aitortua izatearena betetzen dituzten onuradunek kopuruz handiena den laguntza jasoko dute.

2.– Sei hilabeteko osoen zenbaketa 2024ko ekainaren 1etik aurrera egingo da.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Agindu honekin bat emandako dirulaguntzak bateragarriak dira beste pertsona juridiko eta fisiko batzuek xede bererako emandakoekin.

11. artikulua.– Prozedura.

Laguntzak emateko prozedura lehiaketaz bestelako norgehiagoka-sistema baten bidez egingo da, abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laguntza-programa honetara bideratutako funts publikoak mugatuak direnez, baldin eta dirulaguntzetara bideratutako gehieneko zenbateko globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko agindu honen 9. artikuluaren 1. puntuan jasotako gehieneko zenbatekoetan, hasieran eskabide bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoen proportzio berean hainbanatuko da zenbateko horiek osorik estaltzeko behar den guztizko zenbatekoa.

12. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.

1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saileko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez emango dira, kudeaketa-organoak espedientean honako hau ondorioztatzen duen txostena bat gehitu ondoren: eskura duen informaziotik ondorioztatzen dela onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betebeharrak betetzen dituztela. Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean.

Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatzen den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat diru eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabidea ukatu egin zaiela ulertu beharko dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.

3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bidez arautuko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea, 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, eta hura garatzeko xedapenak eta administrazio-zuzenbideko gainerako arauak, hargatik eragotzi gabe aplikatzekoak diren oinarrizko xedapenak.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Entitate emaileari justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla; halaber, etorkizunean salgaien edo bidaiarien errepideko garraio publikoan jarduteari uko egin zaiola egiaztatzen duen agiria.

b) Organo edo entitate emaileak egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren dirulaguntzen kasuan. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziak xedatutako jarduketak ere onartu beharko dituzte, bai eta finantzaketa dela-eta beste kontrol-organo batzuek egin ditzaketenak ere.

c) Beste edozein administrazio edo ente publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

d) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu baldin bada, horren berri ematea entitate emaileari.

Hura jakin bezain laster eman beharko diote haren berri, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

e) Emandako laguntza ordaintzeko unean, egiaztatzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai eta dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak ere.

f) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu ahal izango da, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.

15. artikulua.– Ordainketa.

1.– Laguntza emandakoan, onuradunak jarduera bertan behera utzi duela egiaztatzen badu, laguntza osorik ordainduko da, baina hark honako betekizun hauek bete beharko ditu:

Laguntzaren onuradunak uko egin beharko die honako hauei: laguntza ematea eragin zuen baimenari edo baimenei, eta bai bidaiarien eta salgaien garraio publikorako dituenei ere; betiere, baimen horietan baja hartu izana egiaztatu beharko du.

Enpresari legez garraio-jarduera behin betiko uzteko konpromisoa hartu beharko du, eta, halaber, bere konpetentzia profesionala beste garraio-enpresa bati ez ematekoa ere.

3.500 kg-ko baimendutako gehieneko masatik gorako ibilgailuak edota autobusak gidatzeko baimen balioduna badu, trafiko zuzendaritza egokian uko egin behako dio hari; eta hori, gidabaimen berriaren aurkezpenaren bitartez justifikatu ahal izango da.

2.– Dirulaguntza eskuratzeko betekizun guztiak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak 2024ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Ez bazaio jarduerari uko egiten edo ezin bada justifikatu uko egitea, edo abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36.1 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kausaren bat gertatzen bada, pertsona onuradunak itzuli egin beharko ditu emandako laguntzaren zenbateko osoa eta aplikatzekoak diren berandutze-interesak.

17. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura.

Onuradunak agindu honen aurreko artikuluan xedatutakoa betetzen ez badu, jarraitu beharreko prozedura abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 40. artikuluan adierazitakoa izango da:

1.– Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ofizioz hasiko da, Garraio Plangintzaren zuzendariaren erabakiz.

2.– Prozedura izapidetzean, interesdunari entzunaldirako eskubidea bermatuko zaio, 15 egunez.

3.– Itzultzeko prozeduraren ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, hasteko erabakiaren egunetik zenbatzen hasita.

Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion zenbatekoak gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak itzuli beharra deklaratuko da.

Betebehar horrek ez du zerikusirik izango eska daitezkeen zehapenekin.

18. artikulua.– Datuen babesa.

Agindu honen aplikazioan jasotako datu pertsonalak tratatzeko orduan, berariaz beteko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Osasunari buruzko datuak, berriz, 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 9.2.b) artikuluan xedatutakoaren arabera tratatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2024ko apirilaren 30a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala