Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Euskadik elikadura-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriak garatzen ditu (Gobernu Bilera 2024-5-7)

Argitalpen-data: 


      2024_05_07_consejo_gobierno_5.jpg
  • Onartutako dekretuak kontrolen, ikuskapenen eta zehatzeko ahala gauzatzearen sistema arautzen du
  • Era berean, kide anitzeko bi organo sortu dira: Elikagai Kontratazioaren Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen Jarraipen Batzordea eta Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak bere lurralde-eremuan Elikatze Katearen Legea garatzeko zenbait neurri eta tresna arautzen dituen Dekretua onartu du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatua.

2013ko abuztuaren 3an argitaratu zen 12/2013 Legea, elikatze-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriei buruzkoa, abenduaren 14ko 16/2021 Legeak aldatu zuen, elikadura-katearen funtzionamendua hobetzeko neurriekin. Lege horrek balio-kateko erakunde operadoreen arteko merkataritza-eragiketen lege-esparrua ezartzen du, bidezko lehiaren esparruan.

Euskadin, nekazaritzako elikagaien sektorearen kontsiderazio estrategikoa dela eta, batez ere katearen lehenengo katebegietan, askotarikoak eta heterogeneoak izanik, egiturazko ahultasuna dago nekazaritza-sektorearen eta haren merkataritza-katebegiekiko harremanaren artean dauden merkataritza-harremanetan.

Gero eta globalizatuagoa den mundu baten testuinguruan, ekoizpen-kostuak etengabe igotzeko joera ikusten dugu. Horrek nekazaritzako intsumoei eragiten die bereziki, hala nola animalien elikadurari eta energiari. Ondorioz, lehen sektorea egoera bereziki ahulean dago, neurri handi batean egoera ekonomikoaren eta hornidura-kateko doikuntzengatik.

Hala, aipatutako legearen eta, aldi berean, Eusko Jaurlaritzak onartutako dekretuaren helburua da elikakatearen oreka ezartzea, lehen sektorearen zati handi batek dituen zailtasunak arintzeko neurri gehigarriak sartuz, eta, ahal den neurrian, elikakateko operadoreen arteko merkataritza-harremanen gardentasuna ziurtatuz.

Horrekin guztiarekin, Euskadik beharrezkotzat jo du bere lurralde-eremuan zenbait tresna egoki hornitzea eta arautzea Elikatze Katearen Legea garatzeko, hala nola "Euskadiko Elikagai Kontratazioaren Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea" eta "Euskadiko Elikadura Katearen Behatokia” sortuz.

Euskadiko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodearen helburuen artean honako hauek daude: elikatze-katearen eta, bereziki, lehen sektorearen iraunkortasun sozial, ekonomiko eta ingurumenekoaren alde egitea; kalitatezko nekazaritzako elikagaien balioa nabarmentzea; kontsumitzaileek nekazaritzako elikagaiei eta elikadura-katearen funtzionamenduari buruz jasotzen duten informazioa eta pertzepzioa hobetzea; merkataritza-harremanen gardentasuna hobetzea eta Legeari egokitutako elikagai-kontratuen ezarpena sustatzea, besteak beste.

Bestalde, Euskadiko Elikadura Katearen Behatokiak, elikatze-katearen eta elikagaien kostuen jarraipena, aholkularitza, informazioa eta azterketa egiteko organoa den aldetik, bere eginkizunen artean du Euskadiko Elikagaien Kontratazioko Merkataritza Jardunbide Egokien Kodea zabaltzea, eta, horretarako, erakunde operadoreen atxikimenduak sustatzea; elikadura-kate osorako jarduera-proposamenak eta gomendioak egitea; eta elikadura-kateko operadoreek erabilitako merkataritza-praktiken jarraipena eta ebaluazioa egitea, besteak beste.

Elikadura-katearen kontrol- eta gainbegiratze-sistemari dagokionez, dekretuak agintaritza betearazle bat izendatzen du, eta ikuskapen-, kontrol- eta zehapen-mekanismoak ezartzen ditu, Euskadiko elikadura-kate osoari eragingo diotenak, lehen sektoreko ekoizpenetik hasi eta azken kontsumitzailearentzako salmenta-puntuetaraino, eta kasu bakoitzean indarrean dagoen legedian ezarritakoa aplikatuko da.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)